17 SEPT. 2023 IRITZIA Sagar ustelak JOKIN URAIN Tartean-tartean agintari eta politiko zenbaiten, epaileen eta enparauen ahotan ateratzen den gaia da torturarena, batzuetan hemen, bestetan han, kazetariren batek xaxatuta beharbada, gertakariren bat kontroletik geratu delako agian… Mundu osoko gaitza da seguru asko, injustiziaren mila aurpegietan bistaratzen dena lehenago edo geroago. Eta gai deserosoa da, salaketarik dagoen bakoitzean deserosotasuna eragiten diena lekuko agintariei, epaileei, poliziei. Larderia areagotuz estali nahi izaten dute deserosotasuna, hori bai. Eta ukapena gehituz, jakina. Gai delikatu horiek, kontu deseroso defendaezinok, arrazoitu, azaldu eta defendatu ordez, ukatu egiten dira: ez dira, ez daude. Ez dagoena ez da. Kito. Hemen, gurean, urte luzez gai ukatua izan da torturarena, eta uko horretan burdinazko hesia ezartzeko boluntario edo soldatapekorik ez da falta izan komunikabideetan. Nola ez gogoratu telebistako tertulia hauspotuetan edo egunkarietan torturak ukatzeaz gain torturatuez zernahi esatera dedikatu diren batzuk! Torturatzaileek, hemen hamarkadaz hamarkada torturatzen aritu direnek bederen, inoiz ez dute aitortu beren lanbidea, beren lan egiteko modua, zer egiten duten. Nola egiten duten, batez ere. Ez dute inoiz azaldu, egin duten hori aitortzeko baino itsusiago zaielako agian beraiei ere. Eta detaile horrek asko lagunduko die ukatzaileei beren ukoa mantentzen. Tortura ez da hemengo espezifikoa, ordea. Garai eta leku askotako gaitza da, estatu edo gobernu bakoitzak bere erara konpontzen, ezkutatzen edo kudeatzen duena. Italian Giorgia Meloniren Gobernuak, esate baterako, urrats burutsu berri bat eman eta baliogabetu egin nahi omen du tortura delitua, desagerrarazi. Legeriatik kentzeak tortura bera desagerraraziko luke, jakina. Sistemaren kontua baino, «sagar ustel batzuen» kontua omen da torturarena. Duela ez asko Iñaki Subijanak, Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako Justizia Auzitegi Nagusiko lehendakariak, honela esaten zuen torturatuez: «Indarkeria koiunturalaren biktimak dira», eta torturari buruz zehazten zuen «Estatuaren egituratik kanpo dagoen» zera dela. Sagar ustelen kontua, alegia. Zerbait gehiago espero zitekeen, uste genezakeen... baina Italian Giorgia Meloniren alderdiak eta Gobernuak dioenak eta hemen Iñaki Subijana epaileak dioenak elkarren antz handia daukate. Gauza bera izaterainoko antza. Torturatzaileek, hemen hamarkadaz hamarkada torturatzen aritu direnek bederen, inoiz ez dute aitortu beren lanbidea, beren lan egiteko modua, zer egiten duten. Nola egiten duten, batez ere. Ez dute inoiz azaldu, egin duten hori aitortzeko baino itsusiago zaielako agian beraiei ere.