7K - zazpika astekaria
KIROLA

Alzheimerra eta jarduera fisikoa


Alzheimerra burmuineko zelulak erasotzen dituen eta garuneko masa kaltetzen duen gaixotasun mental progresiboa da. Dementzia guztien artean ohikoena da, %60 eta %80 kasutan alzheimerra izaten baita. Gaixotasun degeneratibo honek, oro har, 65 urtetik gorako pertsonei egiten die eraso, baina 40 urtetik aurrera ere azaleratu daiteke, “alzheimer goiztiarra” agertuz. Biztanleriaren %12ri soilik eragiten dion arren, egoera nahiko kezkagarria da, gero eta lehenago egiten baitigu eraso.

Esan bezala, Alzheimerrak burmuineko zelulak kaltetzen ditu, bere baitan dituen gaitasun kognitiboak, jarrerak, gizarte gaitasunak eta norbanakoaren independentzia okertuz.

Gaixotasun honen eragilea aurkitzeko esfortzua egin arren, oraindik ez dago argi nondik etor daitekeen. Hala ere, zientzialariek hipotesi batzuk badituzte, kasu gehienen atzean faktore genetikoa, giroko eta bizimoduko nahasketa egon daitezkeelarik.

Dementzia mota honetan, zenbait fase aurki ditzakegu. Lehenengo sintomak memoria galera txikiak izaten dira. Fase honetan, Alzheimerra duten pertsonak kontziente dira gauzak ahazten zaizkiela, eta arazo bat dutenaren jabe dira. Bigarren fasean, pertsonek lengoaia ulertu eta erabiltzeko arazoak izaten dituzte, independentzia galtzen hasten dira eta janztea eta jatea bezalako ekintzak egiteko arazoak izaten dituzte. Fase honetan, ohikoa da behin eta berriz galdera berdina egitea, edo ezagutzen duten inguru batean galtzea.

Halaber, badago Alzheimerrari aurre egiteko tresna baliagarri bat, onura fisiko zein psikologikoak eman diezazkigukena: Jarduera Fisikoa (JF). Zenbait ikerketaren arabera, JF-ak kognizioaren hondatzea gutxitzen du eta dementziaren lehen sintomak atzeratzen ditu. Gainera, arrisku kardiobaskularrak gutxitu eta neuro-babesle bezala jokatzen du, inflamazioa gutxituz. Ildo beretik, beste ikerketa batzuen esanetan, JF-aren praktika ezak kognizioaren hondatzea azkartzen duela baiezta daiteke.

Horrez gain, adinarekin gero eta JF gutxiago praktikatzen dugu, eta horrelako gaixotasun degeneratibo baten aurrean, esku-hartze azkarra beharrezkoa da. Horregatik, Alzheimerra izateko arrisku faktoreak dituzten pertsonei JF-a praktikatzen hasteko aholkatzen zaie, gaixotasuna atzeratzeaz gain, haien egunerokotasunari kalitatea emango dielako.