7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Lana


Gustuko lanean, aldaparik ez. Hori esaten dute. Eta, ustez, munduko lan eskaintza onenetakoaren berri izan dugu egunotan. Multinazional ezagun bat izozki dastatzaile baten bila ari da. Ez da ikasketarik behar. Dastamen-papila onak izatearekin nahikoa. Izozki zapore berriak probatzean datza lanpostua eta bi eguneko lanarengatik 1.000 euroko soldata eskaintzen dute. Lan eskaintza biralizatu egin da eta dagoeneko 40.000 hautagai baino gehiago aurkeztu dira.

Antzeko lanen bila aritu naiz eta ikusi dut badaudela errusiar mendi probatzaileak, Lego eskultoreak, janari dastatzaileak eta hotelak puntuatuz munduari buelta emateko lanpostuak. Lan bikainak iruditu zaizkit denak, baina gero pentsatu dut zerbait izango dutela. Lana beti lana da-eta.

Mundu mailan 3.000 milioi langile daude eta horietatik %40 bakarrik dira zoriontsu euren lanean. Beste era batera esanda, 10 langiletik 6 ez dira pozik joaten lanera. Ez naiz harritzen. Geroz eta presionatuago daude langileak, geroz eta baldintza okerragoak dituzte eta soldatak ez dira hobetzen.

Egunotan Euskal Herrian deitu dituzten grebak dira horren adibide. Ostalaritzako langileak, jantokietakoak, funtzionarioak, hezkuntza arautuko beharginak, Radio Euskadiko lankideak… Nahikoa dela oihukatu dute denek eta langile hauek kritikatu ordez, gogoeta egin beharko lukete patronalek eta agintariek. Inor ez da ohetik jaikitzen «gaur greba egingo dut» esanez. Langileek ohetik jaikitzeko ilusiorik ez dutelako egiten dute greba. Erreta eta gehiago eman ezinda daudelako egiten dute protesta.

Gauzak ezberdinak lirateke, gure enpresek ere “zoriontasunaren kultura” sustatuko balute. Edo, gutxienez, langileak pozik egoteko saiakera egingo balute. Googlen lan egiten duen lagun batek kontatzen zidan bideojoko gelak, billarrak eta futbolinak dituztela bulegoan. Pixar enpresako langileei, aldiz, aldian-aldian masajeak ematen dizkiete estresa askatzeko. Agian hori gehiegi da. Baina euskal enpresek soldata igoerak, kontziliazioa errazteko neurriak eta ordutegi malguagoak ezarriko balituzte, langileak pozago egongo lirateke. Gusturago egonda, langileek hobeto lan egingo lukete eta enpresaren produktibitatea ere hazi egingo litzateke. Denak irabazten aterako ginateke, izozkiak probatzeko lanpostu hori lortzen duenaren moduan.