7K - zazpika astekaria
KIROLA

Koordinazio gaitasunak


Gizakia etengabe mugimenduan dago eta mugimendu oro testuinguru batean gertatzen da beti. Massafret eta Segres-ek (2010) koordinazio-gaitasunak esaten diote zientzia eta mugimendua inguruko baldintzetara (testuingurura) egokitzea errazten duten gaitasunen multzoari, nerbio-sistema zentralaren eta eskeleto-muskulaturaren arteko harreman estuaren bidez, keinuan indibidualtasuna eta sormena sustatuz, ikaskuntza bultzatuz eta ekintza erreala eta lortu nahi den ekintza elkarrengana hurbiltzea erraztuz.

Koordinazio-gaitasunak hiru multzotan sailkatzen dira: oinarrizkoak, bereziak eta konplexuak. Oinarrizkoak eguneroko ekintzetan edo kirol-modalitatean mugimendu bat arautu eta antolatzen dutenak lirateke. Honen barnean, mugimenduen egokitzapena, aldaketak eta erregulazioa daude. Egokitzapena eta aldaketa motorra pertsona batek egoera berrietara egokitzeko izan dezakeen gaitasunari dagokio. Era berean, erregulazioa deritzo gizakiak mugimendu bat zein abiaduran eta zein zabaltasun maximorekin zer unetan egin behar duen.

Koordinazio-gaitasun berezien artean hauek daude: orientazioa (pertsona zein espazioan mugitzen den), oreka (gorputza egonkor mantendu edo egokitzeko gaitasuna), erreakzio sinple eta konplexua (sinplea, aldez aurretik zehaztutako ekintza baten aurreko erantzuna; konplexua, zehaztu gabeko estimulu baten aurreko erantzuna) , erritmoa (muskulu-talde handien tentsioa eta distentsioa txandakatzeko ahalmenari lotua), aurrea hartzea (mugimendua burutu aurretik mugimendu horren helburua zehazteko gaitasuna) eta diferentziazioa (mugimendu bakoitza fase bakoitzean aztertzeko gaitasuna, denborari, espazioari eta muskulu tentsioari dagokionez, eta mugimendu horiek beste batzuekin batera egiteko gaitasuna, efizientea izanez).

Amaitzeko, koordinazio-gaitasun konplexuak zehazten dira: ikaskuntza motorra (mugimendu bat ahalik eta denbora laburrenean menderatzeko gaitasuna) eta bizkortasuna (pertsona zeregin bat abiadura egokian konpontzeko gai denean).

Horrenbestez, mugimendua testuinguruaren arabera landu behar da, pertsonaren helburuen arabera, noski. Mugimendu guztiak ahalik eta efizienteen, azkarren eta zehatzen burutu beharko genituzke. Horretarako, ezinbestekoa da nerbio-sistemaren bidez, mugimendu motorren kontrola izatea; zenbat eta kontrol handiagoa eduki, orduan eta eraginkorragoa izango baita lana.