03 DéC. 2023 58. DURANGOKO AZOKA Entrevue Ibil Bedi Musika taldea «Ez dugu inon egin behar ez garen ezer» Zenbat disko erosi dituzu azken urtebetean? Kontzertuetara joaten zara? Zer da musika zuretzat? Zergatik gustatzen zaizkizu kantu batzuk eta besteak ez? Aspaldi sortu zituen abestiengatik ala bihar-etzi sortu ditzakeenengatik maite duzu talde bat? Ziur zaude euren jardun musikalaren arabera soilik baloratzen dituzula artistak? Zer da talde bat, egiten duena ala esaten duena? Zer zara zu, musika entzunez zerbaiten parte sentitu nahi duen norbait? (Jagoba Manterola FOKU) Sustrai Colina Udaberrian argitaratu zuten “Goldea” izeneko diskoarekin jiran dabiltza Ibil Bedikoak. “Berandu baina garaiz” eta “Beltxarga Beltzaren” ondotik, hirugarren lana dute “Goldea”. Kontzertu ostean jarri digute hitzordua. Javier Larrañetak, Eder Escalerak, Amets Arangurenek, Areta Senosiainek eta Ibai Osinagak osatzen dute 2018an sortutako taldea. Azken hirurak agertu dira zitara, bidea oinatzez estaltzera. Goldea: hazia erein aurretik, lurra irauli eta prestatzeko erabiltzen den tresna. Areta Senosiain (A.S.): Goldearen funtzionamendua tuneatu dugu. Guk ez dugu aurrekoarekin guztiz apurtu nahi. Gure kultura ulertzeko moduarekin zerikusi zuzena duen kontzeptua da. Lur horretan egon daitezkeen osagai guztien artetik asko erabilgarriak iruditzen zaizkigu oraindik; lur horretan dauden hazi askok oraindik fruitua eman dezaketela sinesten dugu. Aldi berean, uste dut ez dugula beldurrik izan behar hilda dagoena erauzteko. Zer da hilda egotea? Momentu honetan zentzurik ez izatea, egungo testuinguruari ez erantzutea. Tradizioa ere horrela ulertzen dugulako irudikatzen dugu goldea lurra iraultzen baina sustrai batzuk mantentzen. Inork ez du zerotik sortzen. Osagaiak hor daude, osagai horiekin konbinazio berriak asmatzea da kontua. Ibai Osinaga (I.O.): Goldearen funtzionamendua ahotan hartzen dugunean, beti aipatzen ditugu sustraiak, baina niretzat oso inportantea da lurra. Lurra ez da inoiz lur berbera zehazki, baina lur hori da azpian geratu eta gero gainera doana. Horregatik diogu, dena asmatuta dagoen arren, osagai horiekin sortzen direla gauza berriak. Entzun ditut talde gazteak, diskurtso apurtzaileagoekin aita hil nahian. Amets Aranguren (A.A.): Goldearen irudian aita hiltzeko modu bat dago niretzat. Guk ere hiltzen dugu aita, baina aita hori onartuz eta, neurri batean, aita horrekin pozik gaudela aitortuz. Aipatzen duzun aita hiltzeko beste diskurtso apurtzaile hori praktikan ez dela egia iruditzen zait. A.S.: Testuinguru kontua ere bada. Agian, garai batean, behar handia zegoen aurretik zetorrenarekin puskatzeko. Guk, testuinguru honetan, ez dugu halako beharrik sentitzen. I.O.: Diskurtsiboki aita hil nahia aldarrikatzea oso apurtzailea da. Baina, hiltzekotan, ekintzekin hil behar da. Gu diskurtsoan ez gara haustaileak, baina gure jokamoldeetan, funtzionamenduan eta hartzen ditugun erabakietan aita hiltzen saiatzen garela sentitzen dut. Aurreko belaunaldietako talde askok diskurtso oso apurtzailea zuten baina ez zuten praktikara ekartzen. Gaur egun ere oso ezberdina da talde askori buruz publikoak duen irudia eta guk taula atzean ikusten duguna. A.A.: Guk baino lehenago aita hil duen jendeak, batetik, uste dut ez duela beti argi izan nor zen bere aita, eta, bestetik, pentsatu izan du bizilagunarena berea baino hobea, baliotsuagoa, boteretsuagoa edo argiagoa zela. Eta aita esaten da, baina berdin da ama jaungoikoa ala dena delakoa. Guk ez daukagu diskurtso super perfektu eta ultra koherenterik. Gure artean ere eztabaidak eta ikuspuntu ezberdinak daude. Abestien hitzetan, produkzioan, ahotsen erabileran, soinu berrien bilaketan... Aurrerapauso nabarmen bat dago aurreko diskotik azken lanera. Hastapenetik markatutako helburuak dira? Bidean topatutako zidorrak? A.A.: Hein batean, heldutasuna da. Norbanako gisa zein talde bezala dugun heldutasuna. Tontakeria dirudi, baina nik asko nabaritzen dut aurreko diskoa grabatu genuenean, 22 urte geneuzkala, eta hau grabatu dugunean 24. A.S.: Nik, batez ere, hirugarren diskoa dela sumatzen dut. 25 urterekin lehen diskoa grabatuko bagenu, bai edo bai lehen diskoan egin behar diren akats batzuk egongo lirateke. Bigarrenean egindako hanka sartze batzuk ekidin ditugu hirugarren diskoan eta, ziur nago, disko honetan izan ditugula huts batzuk gerora errepikatuko ez ditugunak. I.O.: Produkzio aldetik egindako urratsa bilatua izan da. Askoz ordu gehiago sartu ditugu, ez hainbeste kantua sortzen, baina bai, behin sortuta, hurrengo urratsa nola egin pentsatzen. Aurreko diskoa oso momentukoa zen. Nik argi neukan gure estiloaren kodeak maila bat gorago bilatu behar genituela. A.A.: Aurreko diskoa oso gardena zen, gordina ere bai, ingenuoa batzuetan. Honetan, pazientzia gehiago izan dugu gauzak beratzen uzteko, nahi genuenari bide emateko. Baina taldean ere denetik gaude. Areta da, agian, gehien eusten diona, beti pixka bat gehiagoren aukera ikusten duena. Beste batek, aldiz, “honek honela behar du eta kito!” pentsa dezake. Denen arteko oreka lortu dugulako ere atera da atera den diskoa. Nolakoa da sormen prozesua? A.S.: Denetik dago, kantu bakoitzak du bere historia. I.O.: Musikalki, kantu gutxi batzuk denok elkarrekin egin ditugu hasieratik. A.A.: Letrak Ibairenak edo nireak izan dira orain arte. I.O.: Nik askotan gitarrarekin idazten dudanez, letra eta musika batera sortzen saiatzen naiz. Lehen zirriborro hori buruan dudanean, taldean aurkezten dut. Amets, zu normalean letratik abiatzen zara, eta denon artean joaten gara hitz horiek janzten. A.A.: Hala da. Areta etor daiteke eta esan “begira zer daukadan!”. Entzun eta denen artean kantu baten introa edo errepika baten zati bat bihurtzen dugu. Edonor etor daiteke lehen ideiarekin. Proposamen guztiei ematen zaie aukera bat, norbaitek hasieratik porrotera kondenatuta dagoela uste badu ere. Hortik ere atera ditugu espero ez genituen gauza ederrak. Horren atzean, elkarren ezagutza dago: pertsonalki zein musikalki badakigu bakoitza nolakoa den, zertarako prest gauden. Hala ere, ez da sormen prozesua idealizatu behar. Ez da beste ofizio bat baino zailagoa, musikariak garelako sortzen ditugu kantuak. 7 urte nituenetik ibili naiz musika-eskolan, entzun dut musika etxean eta goldatzen dudan lurrean behin eta berriz ibili naiz. Sortzeko orduan, asko pisatzen du aurretik egindakoak eta jendeak taldearengandik espero duenak? A.S.: Muinean, bai. Esan dezakezu ezetz, baina ezezko horrek berak baietz esan nahi du. A.A.: Bai, baina, gure kantuak sortzeko modu eta orduan horrek pisu handia duen unean, taldea hilda egonen da. Nik Xirarena kantuan disonantzia bat sartzea erabakitzen badut, ez diot uko egiten publikoarentzat jasotzea zailagoa dela pentsa dezakedalako. A.S.: Horretara iritsi gabe, beti publikoa zaindu duen taldea garela uste dut. Ez dut uste kanpo eragina piztu eta itzali litekeen zerbait denik. Denek dugu presente, eta ez du zertan txarrerako izan. A.A.: Jakina. Gogoan dut, lokalean, kantuak sortzen ari ginela, zenbat aldiz esaten genuen: “Jendeari gustatuko zaio hau?”. I.O.: Edo “funtzionatuko du?”. A.A.: Baina ez da “honek beldurtzen nau, beraz aldatuko dut” edo “jendeak barneratuago dituen akordeekin kantu motzagoak egingo ditugu, errazago entzun daitezen”. Hor ez dago kontzesiorik. Gero, jakina, sareetan iluntzean egiten ditugu publikazioak jendea adiago dagoelako... Publikoari nahi duena eman behar zaio? A.A.: Ez dut uste publikoa musikarekin zaindu behar denik. Musika diodanean, hitzez ala akorde segidaz ari naiz. Hori ez nuke inoiz publikoari begira sortuko. I.O.: Hein batean, talde bezala pauso bat aurrerago emateagatik baliteke jende bat galdu izana bidean. Disko honekin ez dugu izan “Orain bat gara” abestiarekin bizitako eztandarik, baina nik gure publikoa sendotu dugula sentitzen dut eta, niretzat, hori da publikoa zaintzea. Disko batekin zatozte... singlearen aroan. I.O.: Popa, rocka ala musika kantatua egiten duen talde batean, oraindik diskoak garrantzia duela ulertzen dut. Funtzionatu daitekeela bestela? Jakina, jende askok egiten du, baina niretzat energia galtzea da. Nahiago dut nire indarrak denbora jakin batez emaitza luze bati begira bideratu, hiru hilean behin kantu berri bat ateratzeko presioari aurre egiten energia gastatzea baino. Beste kontu bat da diskoaren iraupena. Durangorako aterako diren diskoek hamar abesti izango dituzte gehienera. Baina, hala ere, gero eta motzagoak izan arren, disko baten ideia eta formatuarekin jarraituko dugu gehienek. Era berean, egia da, Estatu mailan, gure antzeko zirkuituan dabiltzan taldeek ez dutela hola eta hala diskorik ateratzen. Zergatik? Gurean Durangoko Azoka daukagulako eta Espainian ez. A.A.: Singlearen logikak ez nau batere erakartzen. Iazko irailetik aurtengo otsailera, buru- belarri ibili ginen diskoaren sortze prozesuan eta grabaketan. Singleak sortzera bageunde, ezingo genuke hainbeste denbora horretara emanda egon. Zenbat baldintzatzen du singlearen kulturak musika sortzeko eta entzuteko modua? I.O.: Niretzat arazoa da singleak funtzionatzeko sortzen diren kantuak direla. Horren atzean dagoena da “hurrengo hiru hilabeteetan jendeak hau entzutea lortu behar dut, taldearen bisita eta jarraitzaile kopuruek gora egin dezaten”. Hala, ateratzen da singlea, pasatzen dira hiru hilabete eta publikoak beste bat eskatzen du. A.A.: Niretzat oso kapitalista da. Ez nau asetzen. I.O.: Baina taldeek singleak behar dituzte. Orain gutxi, talde ezagun batek kontatzen zigun bi urte zeramatela biran azken diskoarekin eta, bira amaiera sustatzeko, zerbait atera behar zutela, gaizki eta presaka egina bazen ere. Beharraren sentsazio hori oso bortitza da. Diskoetxe eta promotoreek ere elikatuko dute sentipen hori. Autoekoizpenaren alde egin duzue zuek. A.S.: Jendeak ez dizu esaten urrunago iritsiko zarela diskografika edo promotore baten eskutik, baina denek dakigu talde batzuek zergatik dauden daudenekin. Uste dut ez daudela erabakiarekin harro, baina apenas hitz egiten den horri buruz. A.A.: Denok dakigu, talde gehienen kasuan, Coruñan jotzen ari badira, ez dela handik norbaitek telefonoa eskegi eta “Zatozte!” esan dielako. Uste dut esku horiei helduta ibiltzea erabat erabaki zilegia dela, baina ez zaigu interesatzen. I.O.: Niretzat autoekoizpenak onura handi bat du: lasai bizi naiz egiten dudanarekin. Badakit diskoetxe, manager, promotore edo dena delako batekin ez nintzatekeela lasai egongo. Leku batzuetan ordutegi hobeetan joko genuke, agian, baina ez genuke antolatzaileekin harreman zuzenik izango, beste norbait izango litzateke gure erantzulea eta guk ez genuke ezer jakingo. Pena ematen dit, uste baitut talde batzuk, autoekoizpenarekin ere, urrutira helduko liratekeela. A.A.: Baina egia da, zenbait lekutan, managerrik ez izateagatik gutxietsi gaituztela. I.O.: Baina gure ohiko zirkuitutik kanpo. A.A.: Hala ere, argi izan behar da guk kudeatzen dugula dena, publikoaren erantzun ona jaso dugulako, batetik, eta marroiak irensteko prest gaudelako, bestetik. Aretak kudeatzen ditu dirulaguntzetarako txostenak, Ibaik ezin konta ahala ordu sartzen ditu, kontratuez arduratzen da Javier... Prestutasun eta denbora hori gabe ezin da. A.S.: Talde barruan ardurak ongi banatzeak taldea zure lanaren emaitza dela sentiarazten dizu, pertenentzia sentipena indartzen du. Guk ateratzen ditugu babak eltzetik, beraz ongi atera behar ditugu. Gu elkarrizketa ematen ari garen bitartean, Javier Merchandisingarekin ari da, eta Eder furgoneta kargatzen. Alde handia dago promotoreek mugitzen duten eszenaren eta eszena herrikoiagoaren artean? A.S.: Ezetz uste dut. I.O.: Euskal Herrian, arazo handiena Last Tourrek sortu zenetik daukan monopolioa da. Irudipena dut, gainera, azken boladan, eszena herrikoiagoetan ere sartzeko ahaleginean ari direla. Kanpotik jendeak ez du hori ikusten. Kanpotik talde bat txosnetan jotzen ikusten du jendeak, baina ez daki bere managerra Last Tourrekoa dela. Hala ere, badakit, leku askotan, talde horiek baino gehiago kobratuz eta baldintza hobeetan jo dugula. Zergatik? Managerrek hartzen dituztelako taldeak eta esaten dietelako “jo behar dituzue 100 kontzertu, berdin da ze baldintzatan!”. Managerrak beti irabazten du, taldeak ez. Gu ez gara joko horretan sartzen. A.A.: Taldearekin duzun helburuaren araberakoa ere bada. Ahalik eta toki gehienetan, ahalik eta urrutien jo nahi baduzu, ulertzen dut eskaintzari baiezkoa ematea. Guri ere iritsi zaizkigu proposamenak. Argi utzi digute, sinatzen bagenuen, han eta hemen joko genuela. Leku batzuetan zigilu jakineko taldeek soilik jotzea ez zela kasualitatea. Baina bere trapu zikinak astinduz hurbiltzen zaidan jendeak ez nau erakartzen, atzerakoa eragiten dit. Ez dut egon nahi ez dakit non ez dakit norekin nagoelako. Ez da hori taldearen asmoa. Gure helburua ez da Mongolian jotzea. I.O.: Eta egokitzen bada, joango gara, baina guk antolatuko dugu! Talde asko oso prekario dabiltza manager eta promotoreen eskutik, toki handi eta ospetsuetan jo arren. “Goldea’n Ametsek eta Ibaik kantu kopuru bera kantatzen duzue, elkarrizketak denen artean banatzen ari zarete, oholtzan kokatzeko modua aldatu duzue... Horretan datza hasieran aipatzen zenuten taldea ekintzekin ezaugarritzeko filosofia? A.A.: Kantuei dagokienez, letra egin duenak kantatzen du. Kontua da, disko honetan, aurrekoetan baino letra gehiago dauzkadala. Saxoa alde batera utzi dut: iaz amaitu nuen karrera eta ez dut inoiz sentitu instrumentuarekiko atxikimendu berezirik. Kantuan erosoago nago. Agian, horregatik dago nire ahotsa presenteago. Hori ez da hautu kontziente bat izan. A.S.: Baina horren atzean ere badago talde-lan bat. Zuk kantuen erdia hartzeko zure erosotasun eremua landu dugu eta zure espazioa zein izan zitekeen esploratu. A.A.: Bai, bigarren diskoan ez nintzatekeen ausartuko kantuen erdiak kantatzera, nahiz eta nire letrak izan. Eta, bistan denez, oholtzan kokatzeko modua eta elkarrizketak banatzeko hautua kontzienteki hartutako erabakiak dira. Zerikusi handia dute kanpora begirako pertzepzio eta espazioarekin. Oso zaila da talde bat bere partaide guztiekin identifikatzea? I.O.: Bai, eta oraindik ere askorentzat Ibil Bedi Amets eta biok gara. Oraindik ere leku batzuetatik bioi deitzen digute zuzenean. Gu omen gara irudia. Ados, baina ez dugu nahi. A.S.: Gurpil batean sartzen gara. Beti berdinak agertzen badira, beti berdinekin identifikatzen da taldea eta, ondorioz, beti berdinei deitzen zaie. Horregatik, horrekin hautsi eta atea zabaltzen saiatzen gara. A.A.: Nik denboraldi bat igaro dut gainesposizioa sentitzen, noiz eta talde barruan gutxien aportatzen ari nintzen momentuan. Aski gaizki pasatu nuen. Deitzen zidaten eta pentsatzen nuen: “Nik joan behar dut hitz egitera? Aretak askoz gehiago daki galdera hauei buruz!”. I.O.: Diskurtsoa eta jokatzeko moduaren arteko koherentziarekin lotzen dut nik. Taldekide guztiok eroso egoteko oreka bat behar dugu, eta publikoak ikusten ez duena ere zaindu. Bestela, publikoak beti ikusiko ditu aurpegi berak. Talde baten barne oreka hautsi dezake taldearen lerrokatze politikoak ala lerrokatze ezak? A.A.: Musikalki gure ezberdintasunak ditugun bezala, uste dut politikoki ere baditugula gure ezberdintasunak eta ñabardurak. Galdetuz gero, txantxa eta txantxa artean, Aragoiko anarko sindikalista dela erantzunen dizu Javierrek ala, besterik gabe, “Ni Zangozakoa naiz!”. Malgutasuna egon dela uste dut, batzuengandik besteengandik baino gehiago. Pertsonalki izan dezakegun lerrokatzea talde gisa ez dela erabat erakusten iruditzen zait. Zergatik? Norbaitek jotzeko deitzen badigu eskaintzen dugunarekin bat egiten duela ulertzen dugulako, ez berak aldarrikatzen duenarekin ehuneko ehunean ados egon behar dugulako. Ez dugu inon egin behar ez garen ezer. Jotzen badugu, leku horretan garen guztia onartzen delako da, baina ez du esan nahi guk hor dagoen guztia onartzen dugunik. I.O.: Denborak arrazoia emango digula sentitzen dut. Flipatua dirudi, baina hala da. Hasieratik koherenteak izaten saiatu gara, ez dugu beti asmatu, baina kontziente izan gara horretaz. Ez daramagu banderatxorik, gure diskurtso publikoa ez da apurtzailea baina, salatzen duguna, ekintzekin salatzen saiatzen gara. A.A: Egia da amorragarria dela ikustea nola gu “talde ez-politko” bezala sailkatu gaituzten eta denok super politikotzat edo ultra militantetzat dauzkagun talde batzuk, barruraka zer egiten duten guk dakigula, ez jendeak. A.S.: Musika estiloari lotutako aurreiritziak ere sartzen dira hor. Askoz errazagoa da gurea bezalako talde bat ekidistantetzat jotzea, musika gogorragoa egiten duen talde bat baino. Musika estiloez ari garela, azken urteotan talde asko eta askotarikoak agertu dira euskal eszenan. Zeri zor zaio? A.A.: Kasualitate puntu bat egonen da: leku konkretu batean, pieza konkretu batzuk puzzle batean enkajatu eta gertatu da. Baina dena ez da zoria izan. A.S.: Euskal Herrian estilo ezberdin asko entzuten dituen zalego oso sutsu bat dago. Hori Espainian ez da gertatzen. Hemen hizkuntzak pisu handia du oraindik. Gurean, norbaiten talde kutunak izan daitezke J.Martina, Ibil Bedi eta Rotten, elkarrekin zerikusirik ez duten arren. Euskal Herrian, hiru talde horiek, gau berean, txosna berean, kontzertua eman dezakete. Euskal Herrian, asko famatu da Iruñerriko musika eszena... A.A.: Nire ustez, hemen bai izan dela kasualitate hutsa. Une jakin batean 3-4 taldek boom txiki bat egin eta mantentzea lortu dugu. Baina berez izan dena baino oihartzun handiagoa eman zaio. I.O.: Guri ongi etorri zaigu. A.S.: Neurri onargarria gainditzera heldu da. I.O.: Pandemiak zerikusia izan duela uste dut. Ion Celestinok ongi azaltzen du Iruñean sanferminen inguruan mugitzen dela dena eta, bi urtez egon garenez jairik gabe, energia hori urte osoan zehar barreiatu da. Energia horrek sortu ditu gure diskoa, Tatxersena, Chill Mafiarena... A.S.: Chill Mafiakoak egon ez balira, honek ez zukeen hainbesteko dimentsiorik hartuko. I.O.: Rock Radikalarekin bezala bere momentuan, niretzat norbaitek izena jarri ziolako, etiketatu zuelako, funtzionatu du zabalkundeak. Garain haietan Marino Goñik ez balu “Hau RRV-a deitzen da” esan, gustuko fenomenoa izango zen, baina pasako zen eta kito. Funtzionatzeko gauzak etiketatu behar dira. A.A.: Aipatu duzunez gero, uste dut Ion Celestinok zerikusi handia izan duela Iruñerriko eszena berrian. Asko ikasi dugu berarengandik, goldearen kontzeptuaren inguruan botatakoek zein kultura ulertzeko dugun manerak bere oihartzunak dituzte. Aldi berean, Ionek harremana du Skabideanekoekin, Chill Mafiakoekin... I.O.: Musikaren historian beti egon dira pertsona giltzarriak, askotan bigarren lerroan, baina presente. A.S.: Eta historia errepasatzen hasten zara eta pentsatzen duzu: “Pertsona hori egon ez balitz, zer?” Gaur egun, Euskal Herriko musikaren eszena bor-borka egonagatik ere, desagertutako taldeen itzulera kontzertuek biltzen dute jende gehien. I.O.: Iraganarekiko edo nostalgiarekiko dependentzia ez dugula gainditu uste dut. A.A.: Aldi berean, haiek existitu zirelako existitzen garela sentitzen dut nik. I.O.: Baina uneren batean horrek ere amaitu beharko du. A.A.: Nik benetan sentitzen dut letra modu bat landu dezakedala, sekulako nagia ematen didan beste proklama mota bat bermatzen duten taldeak daudelako. Talde horiek ez baleude, orain esaten ez ditudan gauza batzuk esateko obligazioa sentituko nuke. Areta Senosiain: «Inork ez du zerotik sortzen. Osagaiak hor daude, osagai horiekin konbinazio berriak asmatzea da kontua» asmatzea da kontua» Amets Aranguren: «Guk baino lehenago aita hil duen jendeak, batetik, uste dut ez duela beti argi izan nor zen bere aita, eta, bestetik, pentsatu izan du bizilagunarena berea baino hobea, baliotsuagoa, boteretsuagoa edo argiagoa zela» «Guk baino lehenago aita hil duen jendeak, batetik, uste dut ez duela beti argi izan nor zen bere aita, eta, bestetik, pentsatu izan du bizilagunarena berea baino hobea, baliotsuagoa, boteretsuagoa edo argiagoa zela» Ibai Osinaga: «Niretzat autoekoizpenak onura handi bat du: lasai bizi naiz egiten dudanarekin. Badakit diskoetxe, manager, promotore edo dena delako batekin ez nintzatekeela lasai egongo» «Niretzat autoekoizpenak onura handi bat du: lasai bizi naiz egiten dudanarekin. Badakit diskoetxe, manager, promotore edo dena delako batekin ez nintzatekeela lasai egongo» Ibai Osinaga: «Talde asko oso prekario dabiltza manager eta promotoreen eskutik, toki handi eta ospetsuetan jo arren» Areta Senosiain: «Euskal Herrian estilo ezberdin asko entzuten dituen zalego oso sutsu bat dago. Hori Espainian ez da gertatzen. Hemen hizkuntzak pisu handia du oraindik»