03 DéC. 2023 KIROLA Gazteak eta indar lana Unai Jorge Fernandez - Salto training Indar lana boladan dago, eta gero eta arruntagoa da edonork bere burua zaintzea entrenamendu mota honi erreparatuz, osasunean daukan eragina nabarmena baita. Baina honen inguruan badaude zenbait mito, gizartean oso zabalduak daudenak. Esaterako, gazteak, hazkuntza prozesuan murgildurik daudenean, indar lana egin behar lukete? Hurrengo lerroetan galdera honi erantzun zentzudunak aurkitzen saiatuko gara. Indarra, gorputz/objektu baten pausagunea alda dezakeen edo honen deformazioa eragin dezakeen ekintzari deritzogu. Hortaz, egunerokotasunean pentsatuz, edozein akzio egitean, indarra behar dugu. Jaio berri batek bere buruaren pisuari eusteko, indarra aplikatu beharra dauka. Aurrerago, lau edo bi hanketan ibiltzen hasten denean ere, grabitatearen indarrari irabazi behar dio, bere pisuari eta oreka-desoreka egoerei ere. Umea trebatzen doan heinean, aldapan edo eskaileretan gora eta behera, korrika, saltoka edo dantzan hasten den unean ere, indarra behar luke akzio hauek era egoki batean gainditu ahal izateko. Lehen, indar lanak, haurtzaroan, hazkunde kartilagoaren itxitura goiztiarra eragiten zuen sinesmena hedaturik zegoen, eta, hortaz, indar lanari uko egin diogu beti. Baina ez da gai honen inguruko ebidentzia zientifikorik aurkitu. Ez hori bakarrik, baizik eta, hezurren dentsitate minerala areagotzen laguntzen duela aurkitu da. Indar lanak tendoiak hezurretan dituen lotuneak indartzen ditu, kartilagoak, lotailuen kapsulak, eta hezurrak ere. Honenbestez, indar lanak lesioak ekiditen ditu gazteengan. Egia da, pubertaroan, testosterona (jaten ditugun aminoazidoak energian bihurtzeko arduraduna) maila baxuak ditugula, zeina muskuluaren indar maila areagotzen duen hormona den. Nahiz eta gazteen egoera hormonala helduen parekoa ez izan, eta honek hipertrofia gutxitzen duen, gazteek ere indar lanaren ondoren hobekuntzak izaten dituzte. Hobekuntza hauek faktore hormonalen bitartez ematen dira, unitate motor gehiago errekrutatzen direlako, edo hauen aktibazioa maizago ematen delako. Ondorioz, indar maila hobetzen dute gazteek. Argi dago indar lanari uko egitea ez dela aukera zuzena. Lan hau profesional batek gidatu behar luke, ikaste prozesu bati jarraituz, kargak egokitasunez moldatuz, eta sekula ahaztu gabe umeekin lanean gabiltzala.