10 DéC. 2023 IRITZIA Bagara Amaia Uribe Musua, xuxurlatu, pinpilinpauxa… Hitz eder asko dauzka euskarak, baina politena aukeratu beharko banu, ama izango litzateke. Agian, ama hizkuntza dudalako euskara. Agian, amak eman zidan altxorrik ederrena delako gure hizkuntza. Agian, ama moduan, nire semeari euskara erabiltzen ez ezik, euskara maitatzen erakutsi diodalako. Agian, semeak esan zuen lehenengo berba ama izan zelako. Europako hizkuntza zaharrena dena, munduko hizkuntzarik zailenetakoa dela sinetsarazi digute. Baina, ez nago ados. Izan ere, dagoen hizkuntzarik grafikoena da euskara. Bihotzak bi hots egiten ditu. Amona ama ona da. Minbiziak min bizia eragiten du. Besarkatzean besoekin hartzen dugu aurrean dugun pertsona. Eskutitza eskuz idatzitako hitza da. Udaren azkenean hasten da udazkena. Emakumeok erditu egiten gara haurraz, gure gorputzaren erditik ateratzen delako. Bizipoza bizitzeko poza da. Euskarak asko eman dit niri. Mundua ikusteko modu bat. Bizitzeko era bat. Eta batez ere, izateko modu bat. Munduko beste puntan, komunitate baten parte naizela erakutsi dit. Etxetik urrun egonda, etxera hurbilarazi nau. Eta batez ere, amesten lagundu dit. Hori dela-eta, minez bizi izan dut azkenaldian jasan dugun euskararen kontrako oldarraldi judiziala. Udaletxeetako langileei euskara eskatzea erdal hiztunak diskriminatzea dela diote. Diskriminatzea? Diskriminatzea da medikura noanean mina non daukadan euskaraz azaldu ezin izatea. Diskriminatzea da, sententzia judizialak euskaraz ez izatea. Diskriminatzea da, gidabaimena ateratzera joan eta aztertzaileak argibideak gaztelera hutsean ematea. Diskriminatzea da, zinemara joan eta nire hizkuntzan filmik ikusi ezin izatea. Euskarazko profila eskatzea ez da diskriminatzea, euskal hiztunak artatzen lan egiten dutenek izan behar dituzten baldintzak zehaztea baino ez da. Epaileen inpartzialtasunaz hitz egiten dute gero. Baina a ze kasualitatea, berriro ere euskararen kontra egin dutela! Mehatxu moduan ikusten dute gure hizkuntza. Ez dakite, antza, hizkuntzek ez dutela gutxitzen, gehitu baizik. Hizkuntzak aberasgarriak dira. Hizkuntzak kultura dira. Hizkuntzak hezkuntza dira. Euskara bizitza da. Horri guztiari bueltaka nabil Euskararen Egunetik. Eta argi daukat, euskararen kontrako kolpeei euskara gehiago erabiliz erantzun behar diegula. Argi daukat, euskaldunon eskubideak murriztu nahi dituztenen aurrean euskararen erabilera areagotu behar dugula. Euskaraz bagara. Euskararik gabe ez gara. Euskarak asko eman dit niri. Mundua ikusteko modu bat. Bizitzeko era bat. Eta, batez ere, izateko modu bat. Munduko beste puntan, komunitate baten parte naizela erakutsi dit. Etxetik urrun egonda, etxera hurbilarazi nau. Eta batez ere, amesten lagundu dit.