31 DéC. 2023 INFLAZIOA, URTE OSOKO MALDA Erosketa saskia eta etxebizitza, buruko min galantak Erosketa saskiaren prezioen igoera nabarmena izan da azken urte honetan. (Tatiana Lyubovich | Getty) Alazne Basañez Erosketa saskia eta etxebizitza, buruko min galantak izan dira askorentzat; 2023. urte hau ez da etxeetako ekonomiarako batere erraza izan. Prezioak eta interes tasak, erosketa saskiak eta etxebizitzak, edozein bizi proiektu garatzeko funtsezkoak diren faktoreetako bik gorakada itzela izan dute. Errentaren zati handiena oinarrizko produktuetara eta etxebizitzara bideratu behar izan dute familia ugarik. Eta soldatak kontsumo prezioen indizearen (KPI) arabera eguneratzea izan da eskari nagusia, erosketa ahalmenaren galerari aurre egiteko; urtea bukatzear dela, makina bat mobilizazio eta protesta badira, lan itunak eguneratzeko. Igoera etengabea izan dute prezioek urte hasieratik eta, orain, 2003 bukatzear dagoela, lasterketa horrek frenoa izan badu ere, goian dira elikagaien salmenta neurriak. Azaroko datuen arabera, Hego Euskal Herrian iazko urrian baino garestiagoak dira, eta kontsumo prezioen indizea gora bultzatzen duen aldagai nagusia da. Honek eragin zuzena du etxeetako ekonomian, oinarrizkoen produktuen prezioa ez delako makala izan. Esnea, oliba olioa, arrautzak eta arroza, besteak beste, %20tik gora garestitu ziren urte hasieran, eta azarorako moteltzen joan dira pixkanaka. Dena den, azken hamabi hilabeteotan izandako igora beldurgarria izan da: oliba olioa, %66,7; fruta, %10,1; txerriki, 12,9; ardiki, %10... Erregaiena izan da beste aldagaia, baina urtearen azken txanpan behera egin du nabarmen, iazko prezioen azpitik jarri arte. Eta hain lurrunkor diren aldagai bi hauek kontuan hartzen ez duten azpiko inflazioa ere altu mantentzen da. Urte arteko tasa orokorra %3,4 izan da EAEn, eta %3,1 Nafarroan azaroan. Estatu espainolean, %3,2. Nolanahi ere, urte bukaerarako prezioen igoera aurreikusten dute erakunde ezberdinek. Horietako bat Funcas da. Datorren urteari begira «aurreikuspenak zalantzazkoak dira. Inflazioari aurre egiteko neurriak kentzeko egutegiak baldintzatuko» dituela dio. Egun elikagaien BEZa, argindarraren gaineko zergak, garraio publikoaren prezioa dira, besteak beste, indarrean daudenak. Uste du, gainera, energia hornikuntzei eragiten dieten zerga beherapenak osorik itzuliko direla datorren urtarrilean, eta beste neurri batzuk ez direla indarrean egongo ekainean. Horrek guztiak KPIren igoera ekarriko luke. Europako Banku Zentralak (EBZ) ere inflazioak gora egingo duen mezua zabaldu zuen. Datozen hilabeteetan gerta litekeela-eta, «guardia ezin dela jaitsi» iragarri zuen Christine Lagarde presidenteak. Interes tasek 2001etik izan duten mailarik altuenean amaituko dute urtea, %4,5ean. Diruaren prezioak izan duen gorakada itzela izan da buruko min galanten sorburua. Familiak eta enpresak izan dira kredituaren garestitzea sufritu duten lehenak, bai finantzaketa onartuta zeukatenak, bai eskatu nahi zutenak eta, azkenean, eskuratu ezin izan dituztenak. Salerosketen eta hipoteken frenoa ekarri du, aldiz, etxebizitzen prezioaren jaitsierak. Euriborraren bilakaerari lotutako tasa aldakorreko hipotekak odolustea izan dira, baita alokairuak ere. Hamar hilabeteko igoeren ondoren, EBZk tasak %4,5ean izoztea erabaki zuen urrian, baina ez du aurreikusten epe laburrean jaistea. «Oraindik lana badagoela uste dugu», nabarmendu du Lagardek, puntu altu honetan interesen tasak luzerako izango direla adieraziz. Eta «gauden egoera berrian, interes tasen eta energiaren prezioen igoera hain azkarrik ez dagoen honetan», Nadia Calviño Ekonomia ministro espainolak adierazi zuen elektrikei ezarritako ezohiko zergan eta bankuen gaineko zergan «doikuntzaren bat egin behar den edo ez» ikusi behar dutela. Lainotuta dator geroa.