07 JAN. 2024 ARKITEKTURA Arkitekturaren arlo esperimentalean barna Numen / For Use-ra hurbiltzen gaitu egileak, arkitektura esperimentalean, espazio instalazioetan eta objektuen diseinuan ardaztutako diseinatzaile industrial hirukotera. Historia luze eta arrakastatsua du taldeak. Des Moines zinta instalazioa, 2018an “Drawing in Space” erakusketarako pentsatua eta gauzatua, Des Moines (Iowa) Art Center-en dago. (Numen / For Use) Garazi Aranguren Alberdi Numen / For Use arte kontzeptualaren, eszenografiaren eta diseinu industrial eta espazialaren artean mugitzen den kolektibo bat da. Christopher Katzler, Nikola Radeljković eta Sven Jonkek unibertsitatean elkar ezagutu zuten, diseinu industrialeko ikasketak burutzen ari zirela. Berehala ohartu ziren proiektuei hurbiltzeko antzeko modua zutela, baita ikuspuntu ezberdinen arteko tentsioak amaierako emaitzarentzat ekarpen aberasgarriak zirela ere. Ikasketak amaitutakoan, altzarien diseinura bideratutako “For Use” marka sortu zuten, baina berehala esparru berrietara ireki eta erakusketa espazioen eta eszenografien diseinuan murgildu ziren. Arauetatik kanpo diseinatzeko eta hausnartzeko “Numen” sortu zuten, diseinu industrialeko proiektuetatik kanpo gelditzen ziren produkzioak bilduko zituen marka. Diziplina ezberdinetako taldeekin eginiko kolaborazioek beren prototipoei zentzu berriak aurkitzen lagundu zien, eta, denborarekin, antzokietarako sortutako espazioak (eta hausnarketak) bestelako testuinguruetan aurkeztuak izan zitezkeela ohartu ziren. Diseinuaren, artearen, eszenografiaren eta arkitekturaren artean aurkitzen zen espazio interstizial honetan metodologia bereziak probatzeko eremua aurkitu zuten, “instalazioak” izenaz bataiatutako sorkuntzak garatzeko tokiak. Kokapen konkretuetara egokitutako tamaina handiko eskulturak dira horiek, beren estetika abstraktu eta inpertsonalaren atzean sentitzeko gonbidapen probokatzaileak ezkutatzen dituztenak. Diseinu industrialeko ingeniariak izanik, beren lanetan argia da konektatu beharreko puntuen eta hauek lotzen dituzten materialen arteko erlazioa; baita arazoei soluzioak topatzeko grina eta osagaien ezagutza sakona ere. Eskura ditugun materialak hartu eta hauen mugak testatzen dituzte, bakoitzaren jokaera ulertu eta oreka non dagoen bilatuz. Plastikoak, zinta itsaskorrak, ehunak, beirak, metalezko xaflak, sareak… ohiko erabileratik urrundu eta zentzu berri bat hartzen duten osagai bihurtzen dituzte, zerbait erabat ezberdina bilakatuz eta ikusleengan sorpresa sortuz. Baina begiekin ez ezik, zentzumen guztiekin elkarreragitea bilatzen dute, eta honetarako esperientzia murgiltzaileen bidez gorputz guztiarekin esperimenta daitezkeen eskulturak sortzen dituzte, sentsazio intuitiboa eta irudimena erronkan jartzen dutenak. Izan ere, beren instalazioekin jolasten ausartzen diren bisitariak funtsezko pertsonaiak dira lan hauek ulertzeko, beraiek baitira sortutako elementu estatikoei esanahia ematen dietenak, tentsioa muturrera eramaten dutenak eta elementu inerteek zirrara sortzea ahalbidetzen dutenak. Hiru kideak hiriburu ezberdinetan bizitzea (Vienan, Zagreben eta Berlinen) ez da oztopo izan hogei urte baino gehiago elkarlanean jarraitzeko. Bilerak online egiten dituzte, kokapenak maketa bidez aztertzen dituzte eta, momentua iristean, hamar eguneko workshop intentsiboen bidez eta boluntarioen laguntzari esker eraikitzen dituzte lanak. Oso argi materializatzen da lan egiteko modu hau TAPE izeneko instalazio seriean. Zinta itsaskor hutsez eginiko eskultura biomorfiko erraldoi hauek naturan askotan ikusten ditugun egiturak imitatzen dituzte. Euskarriak identifikatu eta hasierako egitura-lerro batzuk jarraituz, pixkanaka objektua biltzen eta formak agertzen joaten dira. Material elastikoaren geruzetan harrapatutako tentsio indarrek lamina mehe batez soilik sostengatutako tunel zuriak sortzen dituzte, gure espazioak bizitzeko normaltasunetik atera eta jolaserako momentu surrealista bat bizitzera gonbidatzen digutenak. Baina aho zabalik uzten gaituzten ikuspegi araknidoak sortzeaz gain, erabiltzen dituzten materialen eztabaidagarritasunaz ere kezkatzen dira. Kolektiboak bost urte igaro zituen zinta itsaskor konpostagarriak ikertzen, 2019an fruituak eman zituena. Harrezkero, material honi esker, instalazioen bizitza aktiboa ez ezik, deskonposizio prozesua ere artelanaren osagai bihurtu da, ingurugiroa errespetatzen duen arte kontzientziatuaren zikloa itxiz. Gaur egun, Numen/For Use-k instalazioaren eta eszenografiaren artean lan egiten du bereziki, eta beren azken lana, Rigoletto obraren eszenografia, Bilboko Euskalduna jauregian ikusi ahal izango dugu, sorpresaz eta hausnarketaz beteriko elementu txundigarriz osatua. Diseinuaren, artearen, eszenografiaren eta arkitekturaren artean aurkitzen zen espazio interstizial honetan metodologia bereziak probatzeko eremua aurkitu zuten, “instalazioak” izenaz bataiatutako sorkuntzak garatzeko tokiak.