07 JAN. 2024 IRITZIA Planak Jokin Urain Urte amaiera aldeko aparra jaitsita, beste baten hasiera ez litzateke desegokia aurrera begiratzeko, izan gertura edo izan urrutira. Eta, begiratu ere, begiratzen dugu aurrera. Beharko! Epe laburreko planekin galtzak bete lan izaten dugu gehienok, eta aurtengoan ere izango dugu, plan horiek ameskeria gehiegi gabe eta eguneroko beharrizan xumeen luparekin egiten saiatu arren. Gehienon kasuan osakin txikien gehiketak emango baitizkigu beste urtebetez egunez egun josi beharreko adabakiak, eta kontu eskatzailerik ez da faltako, hala ere. Halako gorabeherak, baina, txikikeriatzat jotzen dituzte batzuek eta, norberaren urratuei adabakiak gehitzea baino, ematen du denok inguruan dugun munduaren itxura aldatzea dutela kezka, mundu berritu bat sortzea-edo, interes batzuen gustukoa izan dadin dena. Egiten denaren konturik inork ez eskatzeak eta eskatuta ere eman beharrik ez izateak abantaila handiak ditu; abantailak ditu handientzat, handikientzat. Horixe du botereak, edo boterearen erabilera bihurrituak. Handikeriaren asmoek huskeriatzat dituzte epe laburrak, eta ganorazko proiektuak hamarkadetara begira eginak dira. Urdaibain beste Guggenheim bat eraikitzea aspalditik dakarten asmoa da; azpi-asmoa, esango nuke. Orain artean, Jainkoak berak aurrena mundua egin zuenean eta lardaskan ibili diren gizakiek gero, dena narras egin dutela iritzita nonbait, eta naturagune horretan artearentzat eraikuntza handi bat faltan sumatuta, eraikitzea beharrezkoa dela erabakita daukate. Kaioei, mokozabalei, zingirako txitxareei eta padurako patariei begira egonez soilik ezin baita bizi gizakia. Hori baino ikuskizun ederragoak behar ditugu, eta zer ederrago horiek denak uxatu eta museo distiratsu bat eraikitzea baino! Bizkaiko Ahaldun Nagusiak urtea amaitu aurretik esan zuen beraientzat herri proiektu estrategikoa dela Urdaibaiko Guggenheim, eskualdearentzat eragin positiboa duena, baita ingurugiroarentzat ere, eta, beraientzat estrategikoa bada, zer axola dio besteentzat zer den, ezta? Horrela funtzionatu dute hamarkadaz hamarkada, eta jarraitzekotan direla ematen du, beraientzat estrategikoa delako, museoa ez ezik, funtzionatzeko modua. Horregatik uko egiten zaio herri galdeketari. Urtea hasteko modu ona litzateke gauzak egiteko moduak aldatzen hastea, baina ez, jakin ere ez dute egin nahi herritarren iritzirik. Kaioei, mokozabalei, zingirako txitxareei eta padurako patariei begira egonez soilik ezin baita bizi gizakia. Hori baino ikuskizun ederragoak behar ditugu, eta zer ederrago horiek denak uxatu eta museo distiratsu bat eraikitzea baino!