7K - zazpika astekaria
ARKITEKTURA

Lorategi hibridoa

Egileak Calira (Kolonbia) eramango gaitu, munduko aniztasun handieneko herrialdera, Husos Arquitectos kolektiboaren proposamenetako batean murgiltzera. Ekologia eta ingurumenarekiko aliantza muturreraino eramaten dituen espazioa, bertako biztanle eta bisitarien artean ingurumena zaintzeko ekimenak bultzatu nahian.

«(EJHNMC) Prototipo bioclimático de Edificio Jardín Hospedero y Nectarífero y gestión de diferentes acciones para incentivar iniciativas no antropocéntricas de jardinería»; irudian agertzen den eraikinaren izen osoa da. (Husos arquitecturas eta Manuel Salinas)

Espezie anitzeko arkitekturaz mintzatzea zenbaitentzat berritzailea izan daitekeen arren, aspalditik, pixkanaka-pixkanaka egosten ari den kontua da. Badira imajinario berrien zein beharrezkoen bila nozio hori hezurmamitzera ausartu direnak ere, proiektuei laugarren dimentsio bat ematen jakin dutenak tokian tokiko ekosistemari balioa emanez. Alabaina, ez pentsa hori lortzea erraza denik; izan ere, nola konbentzitu bezeroa ekarpen ekonomikorik egiten ez duten bizidunak proiektuaren muina izateaz?

Zorionez, ordea, noizik eta behin inbertsio berdearen aldeko apustua egiteko prest dagoen jendea biltzen da ekimen berri baten inguruan, utopia hutsa izan zitekeenari forma emateko gogoz, eta Husos arkitektoen ‘Edificio jardín hospedero y nectarífero y otras acciones micro comunales de jardinería’ gisako proiektuak jaiotzen dira. Helarazi nahi duen pentsamolde desberdinagatik ez badirudi ere, eraikina jada adinez nagusia dela esan daiteke, 2005ean gauzatua baita; ia-ia bi hamarkada oso daramatza Cali hiriburuko bioaniztasunari bultzada ematen.

Bete-beteko hibridazio honen abiapuntua ehungintzako tailer baten -Taller Croquis- proiektutik dator, zeinaren programa salmenta eremu batek eta bi etxebizitzak osatzen duten. Cali eta haren inguruko hiriguneetan oso ohikoa da negozioek etxe-eremuetan nahiz kalean jarraipena izatea, merkataritza txikiaren bidez komunitate giroa eratuz, bertako klima ere alde agertzen baita. Hortaz, abantaila horietan oinarrituz, arkitektoek aukera paregabea ikusi zuten eraikinaren domestikotasuna eta ekoizpen izaera esperimentu botaniko bilakatzeko. Zentzu guztietan proiektuak auzoarekin eta hiriarekin daukan lotura indartzen du; bai sozialki, bai eta biologikoki ere.

Kolonbia bioaniztasun handieneko herrialdeetako bat da -tximeleta gehien dituzten hiru herrialdeen artean dago-, eta Cali, konkretuki, hotspot izendaturiko bi guneren artean -espezie kopuru aldetik aberatsak eta sentsibleak diren espazioak- kokatzen da. Hori horrela izanik ere, biztanleek ez daukate antza denez ezagutza horren berri, eta errealitate horri buelta emateko asmoz proiektuak lekuko flora eta fauna bereizgarria kemendu nahi du.

Eraikinak bioklimatikan oinarrituriko diseinua dauka. Landare-fatxadaren bitartez energia kontsumoa gutxitzen da barnealdean sortzen den mikroklimari esker, eta, aldi berean, korridore biologikoen sarea indartzen da intsektuei eta hegaztiei bizitokiak eskainiz. Bertako klima epelari aurre egiteko -26° batez beste urte osoan-, eraikina 1,20 metro bereizita dago haren bizilagunengandik, modu horretara aire freskoaren fluxua bermatzen baita etengabe, albo fatxadetako beroa ekidinez. Gainera, banaketa horien bitartez 250 metro karratu gehiago irabazten dira lorategi bertikalak ezartzeko eta, era berean, horiek isolatzaile gisa lan egiten dute. Berdegune horiek jarraipena daukate balkoietako loreontzietan, leihoetan itzala sor dezaten, eta, era berean, bero gutxiago xurgatzea lortu da egiturak eta hormek daukaten zilar kolore matearekin. Horrez gain, espazio guztietan aireztapen gurutzatua bermatzen da eraikinak daukan konfigurazio irekia dela eta; aire girotua ez erabiltzea lortu nahi izan da, hori erabiltzeak daukan inpaktua gutxitzearren.

Prototipo honen bitartez errealitate eta estetika ezberdinekin esperimentatzen da. Gizartea poliki-poliki gainerako bizidunengana gerturatzen da, bitartekari gisa lan egiten duten tximeleten edertasunak xarmatuta. Gizakiek lepidopteroekiko daukaten lilurak gaitasuna dauka hainbat estrategia martxan jartzeko, era berean beste hainbeste biziduni mesede eginez. Horregatik, intsektu koloretsu horiek ezinbesteko lanabesak suertatu dira Caliko ekosistemen zaintzaren aldeko borrokan.