7K - zazpika astekaria
ARKITEKTURA

Aterpe klimatikoak eta instalazio artistikoak

Mireia Luzarragak eta Alejandro Muiñok, Takk arkitektura eta diseinu estudioaren sortzaileek, natura, kultura eta politika bezalako kontzeptu desberdinak nahasiz eta, gizakientzat ez ezik, beste animalia espezie batzuen egoera klimatikoa kontuan hartuta gauzatzen dituzte euren proiektuak.

Bioaniztasun lorategi mugikorra: ARCA, portable garden. (José Hevia)

Azken asteotako hotzak hirietako zenbait fenomeno izoztu ditu. Garai hauetan bero-uharteez edota aterpe klimatikoez hitz egitea ezohikoa iruditu arren, merezi du, Takk estudioaren sormena ezagutzeko baldin bada. Mireia Luzarragaren eta Alejandro Muiñoren lanak Antropozenoaren aroak planteatzen dituen erronkei modu eraberritzailean erantzuteagatik bereizten dira, proiektuak natura, kultura eta politika nahasiz materializatzen baitituzte. Aho bete hortz uzten gaituzten instalazioen bilduma osatu dute urteetan zehar, zein baino zein bitxiagoak diren ekimenei bizitza emanez.

Aurreratu dudan moduan, gaurkoan ere ez nioke krisialdi klimatikoari edota espezieen bioaniztasunari bizkarrik eman nahi, eta, hori dela eta, aukera paregabea deritzot zehazki errealitate hori aditzera ematen duten Takk taldearen bi proiekturen inguruan hausnartzeko: ARCA, portable garden eta ALPHA, climate shelter for humans, birds, and other species. Biak Bartzelonan landutakoak dira 2022 eta 2023 urteen artean, eta batak nahiz besteak hirietako bioaniztasunaren galera salatzen dute. Horretaz gain, sormen dosiak dira, imajinario berriak.

Datozen hamarkadetan milioi bat espezie desager daitezke hirietan gertatzen diren prozesuak tarteko, besteak beste, CO2 isurien kontzentrazioa, bero-uharte efektua nahiz azalera berdeen murrizketa. Berdegune horietako landare motak, gehienetan, irizpide estetiko edo funtzional hutsen bidez hautatzen dira, emaitza gisa hiri-espezieak homogeneizatzea eta ekosistemen gaineko segurtasun eza lortuz.

Hori dela eta, lehendabiziko proposamenak -ARCA, portable garden- gogoeta egiten du egoera irauli dezaketen espazio publikoaren ereduei buruz. Instalazioa landarez, zuhaixkaz eta intsektuz jositako egitura mugikorra da, MODEL arkitektura jaialdiaren barruan Bartzelonako kaleetan barrena ibili zena. Paisaia mugikorraren diseinuaz LEA Atelier arduratu da. Hori osatzen duten espezieek ohi baino hamar aldiz CO2 gehiago xurgatzeko gaitasuna daukate, eta asko jangarriak dira, elikadura subiranotasunean ate berriak irekiz. Ekimena lekualdaturik, eszenatoki berriak sortzen dira ezustean, eta egunerokotasunean grisak diren espazioak birpentsatzera garamatza. Lorategi eramangarria edonon kokatu daiteke, zorupetik doazen hiri-atondurak baldintzatu gabe; kutsadura pilaketa handiko eremuetara mugitu daiteke eta aldi baterako berdegune gisa funtzionatu dezake, helburua berotze globalaren ondorioak arintzea eta bioaniztasuna suspertzea izanik.

Bartzelonako Ramblako babesleku klimatiko berria: ALPHA, climate shelter for humans, birds, and other species. (José Hevia)

ALPHA PROIEKTUA

Bigarren proiektua ere -ALPHA, climate shelter for humans, birds, and other species- ildo beretik doa, interbentzioa inguruko baldintza klimatikoak leuntzeko gai den artefaktua da, Santa Monica arte zentroko terrazan kokatua.

Asfaltoa eta hormigoia moduko materialen pilaketa handiak 8°C-ko gorakadak eragin ditzake tenperaturan, hirietan bizimodua egiten duten espezieen ohiko ekosistemak desorekatuz. Errealitate hori salatzeko arrosa koloreko estalki handi bat da aktuazioaren protagonista, eta adarrez eta elementu naturalez osatuta dago, hegaztiek osagai horiekin euren habiak osatzeko.

Gerizpean, intsektuak eta polinizatzaileak erakartzeko lorategia dauka, eta bestelako erabiltzaileak ere gonbidatzen ditu perimetroko bankuan atseden hartzera.

Udako tenperatura altuetatik aldentzen gaituen atsedengunea da proiektua, oasi txiki baten gisakoa, haren itxura adierazgarrien bidez biztanleen atentzioa eman nahi duena, modu batera edo bestera espazio publikoaren izaera aldaketaren beharraz konturatzeko.

Deigarriak iruditu daitezkeen elementuen diseinuen bitartez, gizakiak ez diren gainontzeko bizidunen faltaz ohartarazi nahi da, horiek beharrezkoak baitira hirietan ekosistema berriak sortzeko nahiz egungoak mantentzeko. Etorkizuna espezie anitzeko espazioak diseinatzean datza, bizigarriak diren hiriak nahi baditugu.