28 JAN. 2024 EUSKAL HERRIKO LAU ARROPA MARKA Modaren gurpil zoroa bazter utzita, denboraz gaindiko armairua Gurean ehungintza industriarik egon ez arren, ugariak dira moda arloan erreferentzia bilakatu diren markak. Euskal Herriko mugak gainditu dituztenak. Baita bideari ekin berri diotenak ere. Lau enpresatan atea jo dugu, tailerretan, oihal artean, erosleen begietatik ezkutuan geratzen den errealitatea hurbilagotik ezagutzeko asmoz. (Guillermo Monfort) Xole Aramendi Denok ziztu bizian goazen jendarte honetan, kontsumo zoroaren garaiotan, artisautzaren aldeko apustua egiten dute zenbait arropa markak Euskal Herrian. Denboraz gaindiko jantziak sortzen dituzte. Datorren udaberri-udan saltokietan aurkituko dugun bilduma prest dute. Arnasa luzeko bidearen jabe dira batzuk, erreferente dira joskintzan. Kalitatearen berme. Hasiberriak dira besteak. Diseinatzaileak, batzuk; horretaz harago, hutsetik arropa marka sortzeagatik harro sentitzen direnak, besteak. Bada egun nagusi den modaren kontzeptuarekin identifikatzen ez denik. Ahots propioaren bila, guztiak. Minimil enpresaren tailerrera iritsi eta sarrerak erakusten duen irudia ehungintzaren metafora izan daitekeela otu zaigu. Oihal paketeak zain daude. Lantegia da, ez pasarela. Industria, edertasunaren eta glamourrari lotutako ideiaren gainetik. Herritarrek sektoreaz izan dezaketen ezjakintasunaz galdetu diegu Contxu Uzkuduni (Lasarte-Oria, 1943) eta honen Ana eta Beatriz Zuaznabar alabei eta hausnarketa hau egin du Uzkudunek: «Uste duzu blusa bat erosten duen emakume ala gizonak ez dakiela arropa hori non eta nola egin den? Gertatzen dena da errealitatearekin bat ez datorren bilgarria duela modak. Baina finean autoak edo etxeak egin edo ospitalean gaixoak artatzearen parekoa da. Jendeak badaki edo jakin beharko luke». Contxu Uzkudun eta Beatriz eta Ana Zuarzanabar ama-alabak, Pasaian Minimilek duen tailerrean. (Gorka Rubio) Ana (Donostia, 1967) eta Beatriz Zuaznabarren (Donostia, 1967) iritzian, aldiz, erosleak ez dira horren jakitun. «Jakingo balute Minimilen dauzkagun kalitate hain onak lortzea zenbat kostatzen den, erabat prekarizatuta dagoen merkatuan guk ditugun kaxmirrak edo artileak lortzea ze zaila den… Eta, bestalde, zergatik jakin behar dute? Dendara joan eta ‘hau nahi dut eta erosi egingo dut’, horixe da pentsatzen dutena, ez besterik», esan du Anak. Hiruren artean sortzen dituzte diseinuak. Fabrikatu Portugalen, Katalunian, Errioxan eta Italian ere bai. «Espezializatutako tailerrak dira, onenetara jotzen dugu, Minimilen kalitatea aparta izan dadin. Eta prezio eta kalitatearen arteko harremana bikaina da. Horregatik existitzen gara», nabarmendu du. Markaren ezaugarriez galdetuta, honakoa diote: «Patroi orekatuak dira gure zeinua. Tendentziak ezin ditugu albora utzi, une oro ari gara munduan egiten denaren informazioa jasotzen. Asko bidaiatzen dugu Milan, Londres eta Parisera. Baina gustuko dugunari begiratzen diogu bereziki». Estilo soila da Minimilena, «zaratarik eta handikeriarik gabea». «Ez gara diseinatzaileak, modaren artisauak baizik. Sinplifikatuz lortzen dugu sofistikazioa», argitu du Beatrizek. «Hori da zailena», zehaztu dute Contxuk eta Anak. «Zarata egiteari utzi eta isiltasuna iristen denean ohartzen zara lepoa, botoiak… ez daudela egoki eginak edo jarriak. Baina horretaz ohartzeko nolabaiteko kultura maila behar da, gehienok ez daukaguna». Kontsumo arduratsuaren aldeko jarrera beharrezkoa da euren esanetan. «Gure lehengaiak Europatik datoz, nahiko hurbiletik, dena birziklatzen dugu eta garrantzitsuena dena, betidanik egiten dugu modu horretan lan. Minimil irla bat da». Jakina da moda industria kutsatzaileenen artean dagoela. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan online egin berri den inkestak dio biztanleen %72,3k arropa gutxiago kontsumitzearen aldeko apustua egiten duela klima aldaketaren aurrean. Zer diote Minimil enpresako kideek? «Zurrunbilo, masifikazio eta arrunkeria gisa ulertzen baduzu moda, bai, noski, horrek denak kutsatzaile egiten du. Arduratsuagoa balitz, ez litzateke hain kutsatzailea izango. Guk denok bihurtu dugu halakoa. Jarduera hutsala izan da gurea, mespretxatua, artisautzaren, lan onaren eta prestaketaren garrantzia baloratzen ez zuena. Prezioak bakarrik ematen zion balioa arropari. Munstro handiek desitxuratu eta degeneratu egin dute». Anaren hitzak dira. (Guillermo Monfort) Contxuk honela esan du: «Ez da egia inkesta. Gazteek ez daukate dirurik slow fashion arropa ordaintzeko. Indian Bangladesh 0,0050 euroan fabrikatu dezakezu, slow fashionen kostua hori baino handiagoa da. Europan egina da, demagun Txekian -oihalgintzan oparoa da-, eta benetan duen prezioa ordaintzen du erosleak. Udaro hamar elastiko kontsumitzera ohituta dagoena ez da konformatuko elastiko bakarrarekin. Prest daude 8-9 euroko 10 kamisetaren ordez 80 euroko kamiseta bakarra edukitzeko? Nire zalantzak ditut». «Jendeak ze soldata duen ezin dugu ahaztu», ohartarazi du Beatriz Zuaznabarrek. «Gure bezeroek dirua ordaintzen dute arroparengatik, kontzientzia handiagoa dute. Ez dute ero-eroan kontsumitzen. ‘Zuen jantzi batek hamar urte irauten digu eta ez da batere nabari hainbeste urte dituela’, esaten digute bezeroek. Horrek buruko min handia eragiten digu guri, gauzak nola egin…», diote. Bi buru ditu arropa markaren arduradunak; sorkuntzari lotua bata, balantze ekonomikoari bestea. Bizefalia horrek nola eragiten dien jakin nahi dugu. «Gu ez gara artistak, gurea industria da. Hil bukaeran etxera dirua eraman beharra dugu, alegia. Oso konplikatua da kalitatezko oihalak eta patroigintza erabiltzea, eta prezio onak izatea. Astro denak lerrokatzea, produktu ona sortzea eta gainera ondo saltzea», esan du Anak. «Prozesu osoa dugu guk hirurok buruan, beste alorretako enpresetan ohikoena ardurak banatzea denean. Langile bat arduratuko da kontu ekonomikoez, bestea sorkuntzaz eta abar. Kudeatzearen zailena da prozesu osoa zure gain izatea. Eta erabakiak hartzerakoan desadostasunak izaten dira. Pandemiak hainbeste astindu du dena, non apurketa etorri den, fisikoki zein moralki...», jarraitu du. «Une honetan krisian gaude gure harremanari dagokionez. Zintzotasunez hitz egin dezagun. Baina hemen jarraitzen dugu. Inoiz baino gehiago saltzen dugu, hori ere egia da. Eta inoiz baino gehiago lan egiten», gaineratu du Contxuk. Bada norbait moda arloan Minimilen sortzailea. Marka erreferentzia da hemendik kanpo ere. Joskintzaren sekretuak Pilar Usarragaren -Cristobal Balenciagarekin ikasia- eskutik bereganatu zituen. «65 urte daramatzat, 15 urtetatik. 21 urterekin josten hasi nintzen, Lasarten, pisu batean. Handik urtebetera ezkondu nintzen eta senarrak siesta egiten zuen gelan hartzen nituen bezeroak. Nire bizitzaren ardatza izan da eta bueltan ikaragarri jaso dut. Besteak beste, estatus ekonomiko eta soziala. Oso garbi daukat. Amesten nuena baino askoz gehiago lortu dut. 20 urterekin ikusi banu gaur egun nola nagoen -seme-alabak barne- hankaz gora erori eta hil egingo nintzen sustoaz. Ez nuen sekula pentsatuko», esan du irribarrez. Daros-ek, bere lehen boutiqueak, Donostiako Ondarretan ireki zituen ateak 1977an. Prêt-à-porter-a eklosio betean. 1980an bere bildumak Madrilgo Cibeles eta Donostiako Modaren Astean aurkezten hasi zen. 1987an Minimil enpresa iritsi zen. Urteetako prestakuntzaren ondoren, Ana eta Beatriz alabak batu eta proiektua berritu zuten. «Ordura arte beste dendetara saltzen genuen eta gureak irekitzea erabaki genuen», gogoratu dute. Donostian, Bilbon eta Gasteizen dituzte denda fisikoak. Online denda ere badute. Enpresako langile guztiak emakumeak dira. Hala izan da beti, komertzialak salbu. Natx Karrera, Nai Beaskoetxea eta Ika zakurra dira Hïka. Irudian, Zamudion ateak ireki berri dituen «showroom»-ean. (Oskar Matxin Edesa) HÏKA Pozik hartu gaituzte Nai Beaskoetxeak (Bilbo, 1982) eta Natx Karrerak (Gasteiz, 1980) 2024. urtearekin batera Zamudion Hïkak ireki duten showroom berrian. Enpresa hazten ari den seinale, Mendatako etxea -bertan egiten zuten lan- txiki geratu zaie. «Bost urte pasa ondoren oso sendo gaude Euskal Herrian eta gure nahia kanpora ateratzea da». Hïka Basque Brand. Izenak berak ere adierazten du nazioartekotu nahia. «Euskara eta zakurra batu nahi genituen izenaren bidez. ‘I’ letraren gaineko bi puntuak estilo nordikoari lotuta daude. Kanpora ateratzen baginen, edo nahiz Euskal Herrian lan egin, hemengoak garela azpimarratu nahi genuen», kontatu du Beaskoetxeak. Ika zakurrak paper garrantzitsua du proiektuan. «2017an adopzioan hartu genuen. Gure bizitzan behar handiko unean iritsi zen gurera. Natx ez zegoen ingeniari lanarekin gustura; nik Bilboko showroom batean Danimarkako markak-eta eramaten nituen. ‘Besteen markak saltzea baino hobe duzu zeozer zeurea sortzea’, esaten zidan Natxek. Berak lana utzi eta 2018an marka erregistratu genuen», kontatu dute. Gizonezkoen bilduma etorri zen lehenik, emakumeena ondoren eta haurrentzat sortutako jantziak azkena. «Bilduma txikiak dira, baina outfit osoa egiten saiatzen gara. Kotoi eta materia goxoak erabiliz estilo nordikoko eguneroko arropa egin nahi dugu. Lanerako, kontzertu edo antzezlan bat ikustera joateko; rolloa duten prendak dira». Bildumak pixkanaka handitzen eta bezero kopurua ere gehitzen. «Elastikoak eta sudaderak dira gure bildumaren oinarria, armairuan basikoak dira», diote. Zuek merkatuan aurkitu nahiko zenuketen arropa da? «Erabat. Gure armairuan egongo liratekeen jantzietatik abiatuta egiten dugu eta konturatu gara gure estiloa askorena dela». Markaren izenak presentzia handia du bildumetan. «Arropan Hïka ikusten dutenean identifikatuta sentitzen dira gure herriarekin, gure janzteko moduarekin, kolore neutroekin. Letrak plusa dira bezeroarentzat. Jantzia ez dadila oinarrizkoa izan %100ean, izenaren toketxo bat izan dezala. Askok ez du logo handia nahi, baina logorik gabe zer desberdintasun dauka beste marka batekin, kalitateaz harago? Badira bezeroak arropa planoenak aukeratzen dituztenak edo, alderantziz, logoa handiena dutenak. Euskal Herrian sentimendu diferente asko daude. Gipuzkoan edo Bizkaian, barrualdean ala kostaldean izan, desberdina da», azaldu du. Portugalen fabrikatzen dute. «Bilduma bakoitzean zenbat blazer [jaka], zenbat sudadera eta abar behar ditugun dakigunean Portugalera jotzen dugu. Han aurkitzen ditugu oihalak, baita ekoitzi ere. Shoowroom izugarri handiak daude oihal-banderaz beteta. Hïkarentzat aproposenak iruditzen zaizkigunak aukeratzen ditugu. Gero kolore konposizioa sortu eta horrekin zein diseinu egin pentsatu. Portugaldik prototipoa dator egina». Denden jabeak shoowroomean hartzen dituzte, beraien eskaera egin dezaten. 90 salmenta puntu dituzte Hego Euskal Herrian eta Galizian. Online ere bai. «Iparraldean egin genuen saiakera, baina pandemiak moztu egin zuen». Denda fisiko propiorik ez, momentuz. «Hïkaren birikak dendak dira eta izango dira. Sinesten dugu kaleek bizirik egon behar dutela», esan du Karrerak. (Hika Basque Brand) Arrapaladan doa Hïka. «Aldaketa asko ari gara bizitzen. Ez daukagu denborarik geratzeko. Egunean bizi gara. Gauzek iraun dezatela iraun behar dutena», bota du. «Jendea gure sudadera soinean duela ikustea ametsa da jada. Eta honetaz bizi ahal gara», aitortu dute. Euren burua ez dute diseinatzailetzat. Ez dira modaren kontzeptuarekin ere identifikatzen. «Moda hitza apur bat prostituituta dago», dio Beaskoetxeak. «Tendentzien gainean nago, baina gurera ekartzen dugu». Industriarik ezean, beti Euskal Herritik kanpora jo behar. «Garestitu egiten du. Marka asko egiten dira Portugalen eta, horregatik, gertutasunagatik eta kalitateagatik, joan ginen hara. Oso bizkor ulertu dute zer den Hïka, eta basque garela. Oso eroso gaude». «Industria teknologikoa bakarrik dago Euskal Herrian, ez besterik. Kuriosoa da, ze denok janzten gara. Arroparekiko kultura badago, baina ez da gure sektorea zaintzen erakundeetatik. Portugalgo fabrikaren sabela ikusiko bazenu, koloreak lortzeko dituzten laborategiak, zenbat pertsona ari den lanean… kontuan izan kotoi-loretik lortzen dela kamiseta», gaineratu du Beaskoetxeak. Saiatzen dira euren aletxoa jartzen. «Gertu ekoizten, ahal dugun heinean bilduma txikiak egiten. Prendak kalitatezkoak, iraungo dutenak, izan daitezen. Gazteen artean ez dut ikusi ekologikoak erakartzen dituenik. Zeozer gustuko badute, erosi egingo dute». Bezero batek arropa garestia dela esango balie? «Hezkuntza da, bertakoa erostearen kontzientzia izatea. Birziklatua, bertakoa, eta mimoz egina ez da 19,90 eurokoa izango». ITURRIENEA Nahia Lafuenteren (Zaragoza, 1988) unibertsoaren ispilu da Iturrienea. Kolore biziak eta estanpatu nahasketa ditu bereizgarri. «Aita ekonomialaria zen, baina oso gustukoa zuen traste bilduma egitea. Antikuarioen azoketara joaten ginen… oso umore beltza zuen eta inor etxera etortzen zenean harritu egiten zen zer gordetzen zuen ikusita. Egongelan zebra puzgarri antzeko bat edukitzera iritsi ginen. ‘Zer da hau?’ izaten zen etxera etortzen zenaren galdera. Nire amak arte arloan egin du lan eta ondorioz etxea margoz eta eskulturaz beteta dago. Nire haurtzaroaren zati bat arte galeria, museo eta halakoetan igaro nuen eta eragina izan du bizitza ikusteko dudan moduan eta diseinatzeko eran. Horrek denak markan isla izan zezala, ezohikoa izan zedila, bilatu nuen. Ez da ohiko etxeko ehungintza enpresa. Gustukoa izango duzu ala ileak laztuko dizkizu. Ez du inor epel uzten. ‘Etxerako batak dira ala kalerakoak dira?’, galdetzen didate. Normalean irribarrea pizten zaie aurpegian eta horixe da nik bilatzen nuena». Getariako Kale Nagusian ireki berri du denda. Iturrienea unibertsoaren erakusgarri. Online ere saltzen du. Kostaldea du bizileku duela bi urtetik. Gurasoek Getarian 1992an eraikitako etxeak eman dio izena markari. «Oporraldiei lotuta dago, eta asko etorri izan gara bestela ere hona. Nire etxea balitz bezala sentitzen dut», adierazi du. Moda diseinua eta estilismoa Madrilen eta Londresen ikasi ondoren visual merchandising arloan garatu zuen ibilbidea. Zara-n Londresen lehenik, Esprit enpresan Dusseldorfen gero. «Mundu osoko visual-en ardura nuen, Europa eta Asiako denda propioez eta frankiziez arduratzen nintzen», azaldu du. Etxeko arropa egiten du Lafuentek. 2020ko martxoan, pandemia lehertu zenean, webgunea martxan jartzekoa zen. «Zer egin? Alemanian geunden. Mehatxua zirudiena aukera bilakatu zen. Jendea etxean sartuta geratu zen, oso garai iluna izan zen eta argia eraman genuen etxe askotara. Ondo ikusi nahi zuten euren burua, mahaia polit jartzeko eta ohea arropa ederrez janzteko astia zuten…», esan du. Etxetik kalera. «Jendeak gure pijama edo batak kalera ateratzen ditu, hain dira ederrak. Iazko udan kaleko arroparen kapsula atera genuen -soinekoak, gonak eta blusak-eta negu honetan ere gauza bera egin dugu berokiekin», kontatu du. Kotoia du lehengai. «Kotoi voilea erabiltzen dut. Berokietan artilea sartu dugu». Indiako familia-tailer txiki batekin egiten du lana. «Elkarrekin hazi gara. Ezin dizut azaldu elkarri diogun maitasuna eta miresmena. Patroiak eta oihalen aukeraketa bidaltzen diet eta han fabrikatzen dituzte jantziak. Dena eskuz estanpatua da, egurrezko zigiluak erabiliz. Block-print izeneko teknika da. Artisau-prozesua da; ez dugu hornitzailea estutzen, detaile txikiena ere zaintzen dugu, jantziak alderantzikagarriak dira, bolantez beteak -oihal asko behar dugu egiteko-. Arropak balio duena balio du». «Kontua ez da konbentzitzea. Begitik sartzen bazaizu ondo. Ez da modaz pasatzen. Zer eramaten den jakinaren gainean egon behar duzu, baina marka gisa dituzun printzipioen eta baloreen eta diseinatzeko moduaren arabera erabili. Denboraz gaindiko arropak ez dituzu urtero erosi behar. Bezeroak gutxiago erosiko du, guk eskala txikian fabrikatuko dugu eta era horretan fast fashionak suposatzen duen xahutzea ekiditen duzu», gaineratu du. Nahia Lafuenteren unibertso partikularraren isla da Iturrienea, baita Getarian zabaldu duen denda ere. (Adriana Ayala Cerezo) (Gorka Rubio) Hemengo hainbat enpresarekin elkarlanean proiektuak ditu. «Argazkiak egiten ditugunean saiatzen naiz euskal kulturari keinu egiten. Alpargatak eta abarkak, edo kaikuak erabiltzen ditut. Kontestuz kanpo ateratzen ditut eta modu horretan hemendik kanpo ezagutzen ari dira», kontatu du. Jasangarritasuna jarri dugu mahai gainean. «Oso zaila da %100 marka jasangarria izatea, arlo denetan baldintzak betetzea. Kotoi organikoarekin egin genezakeen lan, baina beste puntu batzuetan ez genuke beteko. Gure aletxoa kopuru industrialetan ez lan egitea da, ez izatea sekulako kontsumo beharra sortzen duen marka. Horrek laguntzen du jasangarria izaten». Gazteen erosketa ereduaz hau dio: «Jasangarria erosteak dakar askoz garestiago ordaintzea eta 16-17 urteko gazteak ez dauka dirurik 300 euroko berokia, oihal organikoa duena, erosteko. Gazteek, eta ez hain gazteek, nahiago dute 30 euroko bost beroki erosi 300eko beroki bakarra baino». Moda pasioz bizi du. «Une oro makinatzen ari naiz. Dendan egoten naiz, online salmentak, argazkiak, kolaborazioak, newsletters-ak.... Erotu egiten zara, baina gustuko lekuan aldaparik ez. Pasioz biziko ez banu, ezingo nukeen egin. Jendeak ez du ikusten lan guztiaren %10a ere. ‘Dirua daukat eta negozioa irekiko dut’ dioenaren kasuan ezinezkoa da aurrera egitea, gorputz eta arima honetan aritu behar baituzu». «Ez da dena dirua. Apetaren bat badut, egin egiten dut, nahiz irabazirik ez eman; oreka kontua da», esan du. Bakarka, baina ez bakarrik. Marc Bezani senarra alboan du. «Nire eskuin eskua da, nire motorra. Hasieratik lagundu dit, nirekin lan egiten du bere tarte libreetan. Alde teknikoa eta operazionala darama», kontatu du. Kolore gorria dute ezaugarri Ione Iruretagoienaren diseinuek. (Iker Gozategi) IONE IRURETAGOIENA 6-7 urte zituenerako erabakia zuen Ione Iruretagoienak (Zubieta 1996) zer izango zen. «Arropa egin nahi nuen. Orduan ez nekien horretarako zein bide hartu beharko nuen. Batxilergoko bigarren urtean jakin nuen non ikas nezakeen, pentsa! Nekien gauza bakarra zen diseinatzailea izango nintzela», esan du irribarrez. Kamisetak, izerditzeko jertseak, neurrira egindako jantziak... dibertsifikazioa bilatu du, proiektuaren bideragarritasuna bermatze aldera. 2022ko abenduan erabaki zuen etxeko txokoa utzi eta espazio propioa irekitzea. Online ere saltzen du. Donostiako Morlansen duen tailer-dendara sartu bezain pronto konturatu gara kolore gorriak duen garrantziaz. «Triste bazaude eta beltzez janzten bazara… badakizu eguna ez dela ondo joango», esan du irribarrez. «Kolore gorria oso nirea da. Horregatik ezagutzen naute. Horrez gain, bolumena da nire soinekoen ezaugarria. Beso abullonatuak oso gustuko ditut. Erorkera politeko krepea, bolumen gehiago duten telekin nahastuta. Tulak ere bai. Kontrasteak, mahuka handiak eta gorputz estua». Ezkongaien zein gonbidatuen diseinuetan. «Koloreak ez du mugatzen, formak baizik». Mallorcan -«kalitateagatik, hainbat saiakeraren ondoren»- erosten ditu elastiko eta izerditzeko jertseak, eginak. Eta tailerrean pertsonalizatzen. «Neurriko enkarguak ugaritzen ari zaizkit. Ahoz ahokoari esker gero eta bezero gehiago datorkit. Eta gutxitu egin beharko dut kamiseten eta sudaderen lerroa», esan du. Artisautzatik asko du bere lanak. «Noski, puntadaka egiten ditut». Ez da erraza berarentzat bere diseinuei prezioa jartzea. «Hasieran dena merke jartzen nuen. Ulertu behar dugu ez garela Inditex-en konpetentzia, ezta pentsatu ere! Guk lanorduak kobratu egin behar ditugu, asko kostatu zait hau ikastea. Txinan 100 kamiseta egiten dizkizute 5 zentimoan, ez da errealista. Ez da guk merkatzea, besteek garestitu eta langileei ondo ordaintzea lortu behar da. Ni bakarrik ari naiz lanean, egunak 24 ordu ditu eta ezin ditut 100 sudadera sortu egunean eta bakoitza 10 euroan saldu. Ezinezkoa da! Beste era batera egin behar dira gauzak». Ikasketek -Bartzelonan egin zituen- ireki zizkioten begiak berari. «Ikusi dugu prenda baten atzean zer lan dagoen». Gaur egungo uniformizazioaz galdetu diogu. Berdintsu da Hong Kong, Londres edo Donostiako kaleetan ibiltzea. Antzeko irudiak denetan. «Fast fashionaren eragina da. Baina pixkanaka berriz hasi gara arropa neurrira egiten. Ezkontza batera joan eta soineko berarekin hiru gonbidatu ikustea gaizki ikusia dago. Unean uneko ‘moda’-ren arabera janzten dira asko eta kalte handia egin du horrek. Neurrira egiten dugun diseinatzaileok ez dugu hainbeste jarraitzen unean unean zer eramaten den. Bezeroaren gustura egokitzen gara. Denboraldi bakoitzean agintzen duten koloreak beti daude, baina gure jantzi batek urteetan iraun behar dizu. Arropa garestia da eta ahalik eta gehien denboraz kanpokoa egiten saiatzen gara». Ione Iruretagoiena, Morlansen duen tailer-dendan. (Jagoba Manterola) Prozesu osoak lotzen du Iruretagoiena. Hasi eta buka. Ezkongai jantzien kasuan «bezeroaren ondoan egitea bidaia». «Pertsona bat etortzen zaizunean zer nahi duen ez dakiela, ezkontza egunera arte laguntzea ez da soinekoa egitea bakarrik, esperientzia bat bizitzea da. Batzuetan hunkitu egiten naiz soinekoa soinean duela ikusita. Sentimenduak pizten dira emaitzarekin hain pozik ikustean bera eta ni, noski». Bere esanetan, «eroslea ari da kontzientziatzen hemengo zerbaitek kalitate handiagoa duela eta okasio berezietako merezi duela, baina fast fashion-a utzi gabe. Biak eskutik ari da eramaten jendea». Sortzailea izatea ederra da, baina ekonomikoki bideragarria ere izan behar du. Beti zenbakiak buruan. «Beti egin ditut gauzak nire kasara, horretara ohituta nago, baina badira une gogorrak ere», aitortu du. «Kutxa Kultur Fundazioaren desfileetan -dagoeneko amaitu dira- parte hartu izan dut eta nire sormena garatzeko aukera ematen dit, baina betiere bezeroaren nahia kontuan izanda». Jostorratza eskuan utzi dugu. Horixe ikusi dugu lau enpresetan, lana. «Jarduera hutsala izan da gurea, mespretxatua, artisautzaren, lan onaren eta prestaketaren garrantzia baloratzen ez zuena. Prezioak bakarrik ematen zion balioa arropari. Munstro handiek desitxuratu eta degeneratu egin dute» «Industria teknologikoa bakarrik dago Euskal Herrian, ez besterik. Kuriosoa da, ze denok janzten gara. Arroparekiko kultura badago, baina ez da gure sektorea zaintzen erakundeetatik. Portugalgo fabrikaren sabela ikusiko bazenu, zenbat pertsona ari den lanean…» «Pasioz biziko ez banu, ezingo nukeen egin. Jendeak ez du ikusten lan guztiaren %10a ere. ‘Dirua daukat eta negozioa irekiko dut’ dioenaren kasuan ezinezkoa da aurrera egitea, gorputz eta arima honetan aritu behar baituzu»