11 FéV. 2024 KIROLA Crossfita, gora doan kirol jarduera Jon Urzelai Garrido - Salto Training Kirol jarduera orok bezala, crossfitak onurak eta arriskuak ekartzen dizkio kirolariari arlo fisikoan. Pisua jaisten laguntzen du, erresistentzia areagotzen du, baita muskulatura indartu ere bai. Osasun mentalari dagokionez, kontzentrazioa eta motibazioa areagotzen ditu, estres maila murriztu eta autokonfiantza handiagoa ematen du. Praktika horretan burutzen diren ariketek norbanakoaren gaitasun fisiko ezberdinak konbinatzen dituzte, eta, horregatik, jarduera erakargarri bat bihurtu da gaur egun. Praktika hau egokitzapen fisikoko eta entrenamendu emergenteko programa bat da, hainbat artikulazioren mugimendu funtzionaletan oinarritua. Eguneko entrenamenduak (WOD= Workouts of the day) izeneko saioetan programatuta dago prestakuntza, eta honen barnean era askotako ariketak egiten dira. Lan hauek guztiak, eskuarki, intentsitate handiko entrenamendu errutinekin konbinatzen dira, exekuzio azkar eta errepikakor batekin eta serieen arteko indarberritze denbora mugatu edo labur batekin. Dena den, crossfita kritika asko jasotzen ari den jarduera bat da; izan ere, praktika oldarkorra da, hau da, agresiboa. Bertan burutzen diren ariketa asko konplexuak dira, ariketek eskatzen duten indar eta mugikortasun mailak oso handiak direlako. Maila hauek egokiak ez direnean, arriskuak agertzen dira, konpentsazio ugari azaltzen baitira. Gihar edo artikulazio batek mugimendu espezifiko bat egiteko garaian bere lana ongi burutzen ez duenean eta egin den mugimendu hori beste artikulazio batek lagundu edo ordezkatzen duenean gertatzen da konpentsazioa. Horrenbestez, arazoak eta minak hasten dira. Lesioei dagokienez, hauek hiru ataletan gertatzen dira batik bat. Bata, sorbalda; bigarrena, bizkarrezurra; eta azkena, belaunak. Buruz gaineko lanak, hau da, pisu bat buruaren gainetik altxatzearen ondorioak dira batez ere, nahiz eta faktore gehiago ere egon daitezkeen. Laburbilduz, exijentzia maila handia duen praktika bat da crossfita, teknika, indar eta mugikortasun maila egoki bat eduki behar delako, eta hori eduki ezean arazoak sortzen dira.