7K - zazpika astekaria
ARKITEKTURA

Hiriko elikadura-ekosistema

Posible al da elikadura burujabetza hirietan? Bizi al gaitezke biodibertsitate handiagoko hiri berdeago, osasuntsuago eta atseginagoetan? Artikulu honetan egileak elikadura-sistemaren errealitatea eta egoera hobetzeko alternatiba arkitektoniko batzuk jorratzen ditu.

Behean, ‘Das Caixas’ auzoa, Alvalade (Lisboa). Beste orrian, Alvaladeko negutegi komunitarioa eta lorategi bertikalak Lisboako portuan. (Collagea: Parto AtelierArgazkia: Clau Pereira)

Elikadura-sistema birplanteatzeko beharra ez da gaurko kontua. Harrigarria iruditu beharko litzaiguke 13 orduko hegaldiak izan dituzten fruta eta barazkiak kontsumitzea, munduko punta batetik bestera esportatu dituztenak, tratatu ondoren berriro bestalderaino eramateko. Robyn Shotwell Metcalfe-k elikagaien bidaia horien berri ematen digu xehetasunez “Food Routes: Growing Bananas in Iceland and Other Tales from the Logistics of Eating” liburuan. Zein unetan bilakatu da zentzugabekeria hori errealitate? Ez naiz, noski, hau salatzen duen lehena eta azkena izango, denok partekatzen ditugu zalantza hauek, kezka orokorra da, baina jatorri ezezaguneko ahuakate tostadak gosaltzen jarraitzen dugu igandeetan.

Tamalez, gehienetan, ezohiko gertakariak dira hausnartzera bultzatzen gaituztenak, planteamenduen hauskortasuna azaleratzen baitute; Covid 19aren pandemia aipatu beharra dago, beste behin, munduko hornidura-kateen ahultasuna erakutsi baitzigun, tokian tokiko baliabideekin erresilienteak izateko beharra nabarmenduz.

 

Alvaladeko negutegi komunitarioa.

 

Gero eta errealagoa dirudi 2050ean elikagai guztien %80 hirietan kontsumituko dela; izan ere, elikagaiak ekoizteko egungo gure sistemek ez dute nahikoa lurrik ezta urik ere hiri-populazioen eskari gero eta handiagoari erantzuteko. Horretaz gain, krisi klimatikoaren harira, EBko berotegi-efektuko gasak 2030erako %55 murrizteko helburuak nekazaritza konbentzionala kolokan jartzen du. Elikagaiak ekoizteko gaur egungo sistemek erregai fosilen eta berriztagarriak ez diren beste baliabide batzuen kopuru jasanezinak eskatzen ditu, kutsadura, desertifikazioa eta bioaniztasunaren galera eraginez.

Elikagaiak ekoizteko sistemak eta lekuak erabat aldatuko dira hurrengo hamarkadetan, eta badirudi norabide zuzena espazio horiek hirietan txertatzea dela, bertikalean, esate baterako, espazio publikoan nahiz estalkietan. Duela pare bat hilabete Lisboara eginiko bidaia batean, Upfarming proiektuak zuzendutako Workshop in Vertical Urban Agriculture jardueran parte hartzeko aukera izan nuen, eta haien nekazaritzarako proiektu holistikoak ezagutu nituen.

Hirien erdigunean elikadura-ekosistema berria proposatzen dute, elikagaiek mahaira iristeko behar duten denbora ahalik gehien murriztuz; ez bakarrik garraio-sarea eta ontzien hondakinak ekiditeko, baita balio nutritiboak mantentzeko ere. Bizilagunek etxeko atarian elikagaiak landatzeko prozesuan parte hartzea nahi da, eta, era berean, komunitateetan hezkuntza-tailerrak emanez, hazten dituzten elikagaiak ulertzea eta balioestea, kontzientzia berriak garatuz.

 

Lorategi bertikalak Lisboako portuan.

 

Imajinario desberdinak zein beharrezkoak apurka-apurka gizartean integratzeko, 2020an ‘Edible Lisbon: Eight vertical farms for the city’ proiektu utopikoa -nahiz erreala- sortu zuten Upfarming taldekoek eta haren parte diren Parto Atelier arkitektura bulegoak, eta erakusketa bisitagarri egon da Lisboako Museoan -Pimenta jauregian-. Lorategi bertikalen sistema diseinatzen dute, altzairuzkoa eta polikarbonatozkoa, edozein auzotan egokitzeko gai dena, espazioen tipologia eta konfigurazioa dena delakoa izanda ere, eta Lisboako zortzi hiri-espazio bereganatzen dituzte horien instalaziorako.

Ekoizpen bertikalerako soluzioek jendearekin elkartzeko aire zabaleko espazio atseginak eskaintzen dituzte. Horrez gain, kontsumitzen denari buruzko kontzientzia kolektiboa garatzen da. Horrekin guztiarekin elikadura-burujabetza posible den hiriak diseinatu nahi dira; hiri berdeagoak, osasuntsuagoak, atseginagoak eta bioanitzagoak, collage irudiek imajinarazi nahi diguten bezalakoak.

Alabaina, hiriek irudietako itxura har dezaten denbora beharko denez, Upfarming taldekoek ez dute gehiago itxaron nahi izan eta dagoeneko martxan daukate euren lorategi bertikalaren lehen prototipoa, Alvaladeko negutegi komunitarioa izenez ezaguna.