7K - zazpika astekaria
ARKITEKTURA

Cancha, zelai baten estalkia baino gehiago

Jolasguneak haurrak jolasten diren leku soilak baino gehiago izan daitezke. Leku publikoak, funtzio anitzekoak, malguak, organikoak, bai eta ludikoak ere, adin ezberdinetako jendea erakartzen dutenak, garai ezberdinetan, umeetatik adinekoetaraino, espazio inklusiboak.

Cancharen irudiak, Veracruzen (Mexiko); Rozana Montiel, Alin V. Wallach eta Alejandro Aparicio arkitektoek gauzaturiko proiektua da. (Sandra Perez Nieto)

Gertuko zein herrik ez dauka parkeren batean estalki berri bat? Edonon ikus dezakegunez, azken urteetan umeen jolasguneak estaltzeko beharra ikusi da, urteko egun guztietan erabilgarri izan daitezen bertako klimara egokituta. Estalkiok parke eta futbol-zelaietara mugatzen dira, oro har; baditugu estalki soilak direnak, diseinua euskarri den egiturara mugatzen dutenak, kristalezko kaxa itxiak… baina erabiltzaileen beharrei erantzuten diete?

Horrelako programa “sinplea” duten enkarguetan askotan erantzun estetikoa gainjartzen da. Forma, materialak... erantzun estrukturala bilatzen da erabiltzaileak barnean biltzeko. Azken finean, helburua argia da; erabiltzaileak gurean hain ohikoa den euritik babestea, ezta?

Antzeko hasiera izan zuten Rozana Montiel, Alin V. Wallach eta Alejandro Aparicio arkitektoek, 2015ean Veracruz (Mexiko) inguruko komunitate bateko jolasgunea estaltzeko enkargua egin zietenean. 8.000 biztanle inguruko auzo honen barnean zeuden gune publikoak planifikatu gabe geratu ziren. Hori dela-eta espazio “huts” honetan gauzatu beharreko proiektuari ekin ziotenean argi izan zuten, batetik, egitura erreplikagarri baten bila ari zirela eta, bestetik, erabiltzailea bertako klima itogarritik babesteko aukera ematen zuen emaitza lortu nahi zutela.

Hasieratik garbi zeukaten ohiko estalki egituretatik harago zihoan erantzuna eman nahi zutela. Horrelako programa duten ekipamendu egiturek zutaberik erabili gabe habearte handiak estali behar dituzte eta horretarako eremuaren perimetroan sekzio handiko zutabeak kokatu behar dira. Diseinua garatzeko orduan, erabaki argia hartu zen, egiturari dagokionez ahalik eta lerdenena erabili nahi zen. Horrela, hiru egitura lerro sortu zituzten. Erdigunean, zelaia estaltzen zen, eta horren alboetara tarte espazioa osatzen zuten bi egitura-lerro kokatu ziren. Horretaz gain, klimaren beharrei erreparatuz, momentu horretan guneak ez zeukan begetazioa txertatu beharra zegoela ere aurreikusi zuten proiektuan.

Oskola ekipamendu publiko bihurtzeko asmoz, estalkiaren altuera baliatzen da, perimetro horretan erabilera ezberdinetara bideratutako tarte guneak sortzeko. Estalkiaren beraren barnean kantxa topatzeaz gain, behatokiak, bestelako jolasguneak, liburutegia, komun publikoak, hiri altzariak, hamakak, kulunkak… Horrela lortzen dute babes bat baino gehiago izatea; eskala handiko gune hau bestelako eskaletara egokituz joaten da proiektuaren egituraren erritmoari esker.

Erantzunak bestelako beharrak ikusten ditu, ez da ideia nagusira mugatzen. Komunitateak zituen beharrak aztertu eta hauei erantzuna ematen die espazio hori komunitateko pertsona guztiei zabalduz. Kantxaren estalkia aisiarako espazio bat baino gehiago da, hezkuntzarako, deskantsurako, bilkurarako eta abarrerako espazio ere bihurtuz. Proiektuak adin eta sexu ezberdinetako erabiltzaileen beharrei erantzuten die Aldi berean, ordutegi ezberdinetara zabaltzen du gunea, egunez zein gauez erabilia izan dadin.

Urteak igaro ahala, 2015ean inauguratutako proiektuaren bilakaera ikusteko aukera egon da. Egun, inguruan txertatutako guneetan baratzeak sortu dituzte bertako bizilagunek. Espazio estalia eliza modura ere erabili izan da noizean behin. Egitura komunitatearen pertenentzia sentimendua indartzen duen katalizatzaile bihurtu da, auzokideek elkar ezagutzeko gune nagusia izanik. Horrek bertako bizilagunengan gunearekiko zaintza eta pertenentzia sentimendua sortu eta auzoa espazio seguru bihurtu du.

Horrelako proiektuek argi erakusten dute badirela kasuak non keinu txiki baten bidez programaz haratago hel daitekeen. Izan ere, parke estaliak, umeak jolasten diren bitartean umeak zaintzen dituzten helduentzako elkargune ere badira. Horiez gain, haizea hartzera ateratzen diren pertsona nagusi eta hauen zaintzaileak ere ikus ditzakegu astean zehar.

Askotan behar puntualari erantzuna emateak kanpoan uzten ditu bestelako erabiltzaile eta ordutegiak. Bertan ditugun antzeko kasuetan badira arrakasta izan dutenak, baina badira erabiltzailerik gabe geratu diren guneak ere. Horrelako kasuetan garrantzitsua da proiektuari belaunaldiarteko ikuspuntu batetik heltzea, jolastokietan umeak baino gehiago ere izaten dira eta.