7K - zazpika astekaria
LITERATURA

Hogei urte iraun zuen hamarkada


Zeinu apokaliptiko guziak eta “No future” lema punkia gorabehera, 1980tik 2000. urtera bitartean luzatu zen 80ko hamarkada. Berlingo murruaren erorketak erdibitu zituen hogei urte luze horietako bigarren partean, aurretik abiaturiko aldaketa politiko eta sozial sakonak finkatu ziren. Uhin aldaketa bat, ziklo baten agortzea eta berri baten hasiera zen. Egun ezagutzen dugun neoliberalismoarena, baita hemen ere. Baina, 80ko hamarkada musikan, literaturan eta zineman mitifikatzeraino adierazi bada ere, 1990etik aurrerakoan bada zer kontatu, Fertxu Izquierdok “…eta gauetik, euria” (Pamiela) eleberrian erakusten duen eran.

Garaian kokaturik, unibertso oso bat zabaltzen digu Izquierdok: lantegia, kalea, tabernaren bat, Barricadaren auzo gatazkatsua, piketea eta kartzela. Eta denboran zein espazioan urrun baino urrunago geratzen zaizkigun bertze eszenatoki batzuk, mapetan existitzen ez zirenak edo existitzen hasten zirenak. Halaber, ongi hautatutako pertsonaia guti batzuen bidez belaunaldi oso baten kezketara hurbilduko gara. Horretarako guziz atzemangarriak diren prototipoak dantzan jarriko ditu, baita abilidadez eta graziaz eraiki ere, erreferentzia filmikoak eta gurean hainbertze hedatu ziren fanzineetako protagonista karikaturesko batzuk bailiran. Inaxio langile klaseko auzotar protagonistaren orbitan ibiliko dira, hala, “karrikak kartografiatzen dituen txatarra-biltzailea, harri-jasotzaile intsumisoa, liburu-dendako erakusmahaia defendatzen duen liburu-saltzailea, gerra guzietatik (baina ez borroka guzietatik) ihes egiten duten etorkinak, jauar bihurtzen den kakalardoa”, Amaia edo David lankideak edota iraganaren eta orainaren tarteko etena zapuzteko zubi-lanak egin zituen Joakina Balentziaga hildako poeta.

Parez pare izanen dituzte, barrikadaren bertzaldean, Citroën 5 edo Renault 19 batean zelatan dabiltzan bi polizia sekreta ez hain sekreta, pikoletoen patrolak, edota fikzioaren eta errealitatearen artean lerro zuzen bat marrazten duten abizeneko klase traidoreak. Soltxaga Otano kasu; eleberriaren leitmotiva den eta hain argiki islatuta dagoen “industria birmoldaketa” eufemismoaz ezagunagoa egin zen industria eraispenaren erantzulea.

Hamaika keinu artistikoren artean, Eguzki Irratiko uhinek igorritako ahots eta kantak edo beti hor zegoen Joxe Lacallek egindako argazkiak berpizten ahal ditugu orri hauen bidez. Halaber, Inaxio bezala, borroka erreferente zahar-berrien bila jarriko gaituzte ordukotik hain ezberdina ez den orainaldi honetan; gauetik, euriaren artean bada ere, bortz puntako ilargiaren bila, alegia.