7K - zazpika astekaria
KIROLA

«Kardio» lana, indar lanaren aurretik edo ondoren?


Jarduera fisiko eta kirol munduan gauden guztioi noizbait galdetu digute honen inguruan, eta galdera askoren erantzun gisa «helburuaren arabera» erantzun izan dugu. Betiere entrenamenduaren helburuari erreparatzen badiogu, indar lanaren aurretik edo ondoren egin daitekeen jarduera mota da, nahiz eta ohituraz entrenamendu amaieran egiten den.

Lan kardiobaskularra, orokorrean, ariketa zikliko baten bidez egiten da, hala nola bizikleta, zinta, eliptika edota ariketa zirkuitu sinple baten bitartez, exijentzia tekniko handi baten beharrik izan gabe. Era honetan, aurretiko lan baten neke fisiko zein psikologikoak ez du eragin negatiborik jarduera gauzatzeko.

Gainera, behar metabolikoei erreparatuz, normalean jarduera hau intentsitate baxuan egiten da, eta honek ere edozein momentutan egiteko aukera ematen du, bai energia gordailuak beteta ditugunean bai glukogeno mailak baxuak direnean. Intentsitate altuko lana egiten denean, aldiz, entrenamendu amaieran egiteko gaitasuna txikiagoa da, energia erreserbak baxuagoak baitira.

Lan metabolikoa indar lanaren aurretik egiten denean, helburu zehatz batekin egiten den entrenamendua da, intentsitate zehatz batean errendimendua hobetzeko (adibidez: serieak korrika). Horren arrazoia da indar lanak eragiten duen inflamazio muskularra, neke mentala eta energia erreserben txikitzearen eragin zuzena ekidin nahi dela eta indarra neke egoeran garatu nahi dela, karga baxuekin lantzen denean, adibidez.

Amaitzeko, adibide gisa, entrenamendua pisua galtzera bideratzen badugu, eraginkorragoa da lan metabolikoa entrenamendu amaieran egiten badugu, lipidoen kontsumoa areagotzeko; asmoa, ordea, korrika egiteko errendimendua hobetzea bada, denboraldiaren fase ezberdinetan posible da serieak eguneko entrenamendu garrantzitsuena izatea eta indar lana bigarren maila batean egitea. Amaitzeko, entrenamenduaren helburua bizi kalitatea hobetzea eta osasuntsu mantentzea bada, bai hasieran, bai amaieran, bai indar entrenamenduarekin partekatuz egin daiteke, betiere momentu bakoitzean egiteak duen eragina ezagutzen badugu.