26 MAI 2024 IRITZIA Lagunak Amaia Uribe Emakume kuadrilla baten bideoa agertu zitzaidan atzo sare sozialetan. 70 bat urte izango zituzten eta algaraka ageri ziren, elkarri eskua emanez. Segituan pentsatu nuen adin horretara iristean nik ere horrela egon nahi dudala lagunekin. Eta ahal dudan guztia egingo dut, horrela izan dadin. Lagunak eta lagunak daude. Badaude txikitan ezagututako lagunak eta badaude bizitzak ezustean ekarri dizkizunak. Badaude gertu bizi diren lagunak eta badaude urruti daudenak. Badaude beti hor dauden lagunak eta badaude noizean behin bakarrik agertzen direnak. Badaude bikotearekin partekatzen dituzun lagunak eta badaude zureak bakarrik direnak. Zorionez, munduko lagunik onenak ditut, eta ez dut imajinatzen nire bizitza beraiek alboan eduki barik. Estatu Batuetara iritsi nintzenean, zaila izan zen inor ezagutzen ez nuen hirian harremanak egiten hastea. Nire kuadrilla izatetik bakarrik egotera igaro nintzen. Lagunekin sarri egotetik, telefonoz hitz egitera. Denborarekin lagun berriak egin nituen han. New Yorkeko familia bihurtu ziren, etxea ez zen hiriari etxe itxura emanez. Kostatu zitzaidan lagun horiei agur esatea, eta denborak erakutsi dit batzuk distantzian galdu direla eta beste batzuk betiko lagunak izango direla. Izan ere, adiskidetasuna joan-etorrikoa da batzuetan, aldi baterakoa, unean unekoa. Euskal Herrira itzulitakoan, baina, betiko kuadrilla zain izan dut. Sekula joan ez banintz bezala. Bost urtez, 5.700 kilometrotara egon ez bagina bezala. Eta ze beharrezkoak diren betidanik izan dituzun eta betiko izango dituzun lagun horiek. Etxea etxeago egin didate niri. 8 urteko semea ere orain hasi da adiskidetasuna zer den ulertzen. Beti izan ditu lagunak, baina oraintxe hasi da harremanak estutzen eta loturak sortzen. Sarritan esaten diot, baina, lagunak egongelan daukagun landarea bezalakoak direla. Aldiro-aldiro zaindu behar dira, zimeldu ez daitezen. Ez dakit zenbat lagun ditudan guztira, baina Robin Dunbar antropologoaren arabera, gehienez jota 150 izan daitezke. Oxfordeko unibertsitatean egin zuen ikerketaren arabera, gure burmuinak lagun kopuru jakin bat bakarrik onartzen du: 100 bat ezagun, 50 lagun gertuko, 10 lagun on eta 3-5 lagun min. Ez dakit teoria hori betetzen dudan ala ez, baina lagunez inguratuta iritsi nahi dut 70 urtera. Ez dakit zenbat lagun ditudan guztira, baina Robin Dunbar antropologoaren arabera, gehienez jota 150 izan daitezke. Oxfordeko unibertsitatean egin zuen ikerketaren arabera, gure burmuinak lagun kopuru jakin bat bakarrik onartzen du: 100 bat ezagun, 50 lagun gertuko, 10 lagun on eta 3-5 lagun min.