7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Politika


Zer datorkizue burura politika hitza entzuten duzuenean? Gasteizko Legebiltzarra agian, edo Madrilgo Kongresua. Bozkatu duzuen alderdiko liderraren aurpegia etorriko zitzaizuen burura akaso, edota zuen herriko alkatearen aurpegia. Nik, ordea, gero eta argiago daukat politika hori baino askoz gehiago dela. Norberaren etxean hasten da politika, egunerokoan, hartzen ditugun erabaki guztietan.

Autoa hartu beharrean trena hartzea, politika da. Mercadonan erosi ordez herriko janari-denda txikian erostea politika da. Langileei gutxi ordaintzen dien tabernara joateari uztea politika da. Hartzen dugun erabaki bakoitzak du eragina klima aldaketan, merkataritzan zein lan eskubideetan.

Lagunekin garagardo bat hartzera joaten naizenetan beti ateratzen da politikarien kontrako komentarioren bat. “Osakidetza gero eta okerrago dago.” “Gazteontzat ezinezkoa da etxe bat erostea.” “Jubilatzen garenean ez dugu pentsiorik izango.” Politikariak kritikatzen ditugu, politika egitea beraien esku bakarrik balego bezala. “Ustel hutsak dira denak.” “Hitz asko eta neurririk ez.” “Kobratzen dutenarekin, ez dute ezer egiten.” Eta zer egiten dugu guk, ba?

Zaila da autokritika egitea. Nola onartu letxuga merkea erosten dugula baserritarrarena erosi ordez? Nola onartu igandeetan dendak zabalik baleude, erosketak igandeetan egingo genituzkeela? Nola onartu kapitalismoaren kontra egon arren, 40.000 euroko furgoneta daukagula? Nola onartu Osakidetzaren gainbehera kritikatzen dugula baina IMQko medikuarengana joaten garela?

Zerrenda bat egin dut gaur hartu ditudan erabakiekin eta ikusi dut zortzi erabaki oker hartu ditudala. Adibide bat. Behar ez nuen kamiseta bat erosi dut kate handi batean eta zenbat ordaindu dudan ikusita ez dirudi langileen lan baldintza duinak bermatuko zituztenik. Kamiseta itzultzea erabaki dut eta eguneroko erabakien zerrendak egiten jarraitzea. Izan ere, ikusi nahi ez duena da itsurik handiena. Izan gaitezen zintzoak geure buruarekin. Has gaitezen erabakiak zentzuz hartzen. Barneratu dezagun eguneroko erabakietan hasten dela politika.