23 JUIN 2024 OTSOA ETA ABELTZAINA, MENDEETAKO TALKA Ezinezko elkarbizitza Otsoa aspaldi dabil Bizkai eta Araba mendebaldeko mendietan, baina 2021ean, babes neurri gorena eman ondotik, kopurua handitu egin da eskualde haietan, eta ekialderantz hedatzen ari da pixkanaka. Otso gehiagorekin, aziendak eraso gehiago jasan ditu, eta ganadu zaleak muga-mugan daude. Espainiako Legebiltzarrak otsoaren babesa murrizteko prozesua abiatu duen unean, araututako ehiza aldarrikatzen dute abeltzainek, baina ez otsoa desagerrarazteko, kopurua kontrolatzeko baizik. Arabako Aldundia eta Europako Batzordea ere salbuespen neurri horien aldekoak dira. Otsoa, azienda eta abeltzaina. Abeltzaina, azienda eta otsoa. Ezinezko elkarbizitza. Andoni Urbistondo Argazkiak: Endika Portillo | FOKU Otsoa basapiztia elegantea da. Miresmena sortzen du hiritarrongan, eta inpotentzia ganadu zaleen artean. Non eta nori galdetzen diozun. Animalia dotorea da, bizkorra, baina mendeak daramatza gizakiarekin talka egiten. Bere bazka aziendatako ardi, ahuntz, moxal, txahal eta beste izaten da sarri, eta, jakina, horrek ganadu zaleen amorrua eragiten du. Dirua baino askoz gehiago galtzen dutelako. Lanean segitzeko gogoa, motibazio falta, esate baterako. Julen Martinez de Santos ganadu zalea Gibilloarratekoa da, Kuartango ondokoa, Arabako Mendebaldean. 33 urte ditu eta dozena pasa urte daramatza aziendarekin lanean. 60 bat behor eta haien moxalak, dozena bat ahuntz eta antxumeak, eta 100 bat behi eta txahal ditu jaioterrian eta ondoan dagoen Sendadiano herrian barreiatuta. Bertako larre batean ditu behor, zaldi eta moxalak Julenek. Jaio berriak gehienak. Maiatzerako mendian egon behar zuten, baina ez daude. «Ba, ba, etorri, etorri», esaten die abereei, euskaraz. Baita etorri ere, zintzo, ogi zaharraren usainean. «Dagoeneko mendian egon behar lukete, hango bazkarekin elikatzen, mendian bizitzen, dagokien tokian, baina moxalek aste batzuk baino ez dituzte, oraindik ahulak dira, eta ez naiz ausartzen mendira igotzen». Abeltzainak otsoen eraso asko bizi izan ditu, eta berriena gordin-gordin azaldu dio 7Kri: «Duela hilabete anaiaren moxal bat gure etxetik 50 metrora jaio zen. Goizean amaren titia nola hartzen zuen ikusi genuen nik neuk eta nire semeak, eta bi ordura hilda zegoen, otsoak erasoa eginda, biologoak hala baieztatuta. Ez zuen jan, zarata entzun eta ihes egin zuelako, baina hil egin zuen». Otsoa herrietatik, etxeetatik gertu dabilela baieztatzen du testigantza horrek. Baina zein da otsoaren egoera Araban eta Bizkaian? Hainbat datu Mario Saenz de Buruaga biologo arabarraren eta Arabako Foru Aldundiaren eskutik. Gasteizko Consultora de Recursos Naturales enpresako zuzendaria da Buruaga, 30 urteko lan esperientzia duen taldean, eta Euskadi eta Gaztela eta Leongo otsoaren zentsuko zuzendari zientifikoa ere bai: «Aurtengo zenbaketa egiten ari gara oraindik, eta erabat bukatu arte ezingo dugu kopuru zehatzik eman. Baina egun Araban eta Bizkaian gutxienez talde bat dagoela esan genezake sobera arriskatu gabe». Arabako Foru Aldundiko Jasangarritasuna, Nekazaritza eta Natura Inguruneko departamenduak ere zalantzarik gabe onartzen du Arabako eta Bizkaiko otso kopuruak gora egin duela, eta igoera horren azalpen moduan data bat eman du erakunde publikoak: 2021a. Urte horretan Gobernu espainolak otsoa LESPRE izeneko zerrendan sartu zuen (Babestutako Basabereen Espezieen Zerrenda), eta, babes horren arabera, guztiz debekatuta dago otsoa hiltzea, kartzela eta zigor ekonomiko handien mehatxupean. Buruagak jarri gaitu arrastoan: «Otsoari babes gorena emateko araua Gobernu espainolak hartu zuen, eta autonomia erkidego guztiek nahitaez bete behar dute arau hori. Babes neurria murrizten bada, orduan Eusko Jaurlaritza izango da erabakiko duena». Murrizten bada, nabarmendu du adituak, babes hori murrizteko prozesua luze joango delako oraindik. Otsoari ematen zaion lege babesaren inguruko letra txikia azaldu digu Buruagak: «Gobernu espainolak 2021ean otsoa babes bereziko espezieen zerrendan sartzea erabaki politikoa izan zen. Ez zen irizpide zientifikoetan oinarrituta hartu». Orain abian den babes murrizketa ere ildo beretik omen dator: «Otsoak eragin gehien duen lau autonomia erkidegoetako presioek, Galizia, Asturias, Kantabria eta Gaztela-Leon, eta Europako Batzordearen irizpideek jarri dute eztabaida mahai gainean». Eztabaidak eztabaida, Buruagak garbi adierazi du bere iritzia babes neurrien inguruan: «Otsoa babes bereziko zerrendan egoteak ez dauka harreman zuzenik erasoen hazkuntzarekin. Eta otsoa zerrenda horretatik kentzeak ere ez du kalteen txikitzea ziurtatzen, ezta derrigor animalia hauek kopuruak txikiagoa izan behar duenik ere». ESKUMEN ALDAKETA Otsoari babes neurria murriztea giltzarria da egoera honetan, Buruagak azaldu bezala, orain duen babes gorenarekin erabakimen oro Gobernu espainolarena delako. Babes neurri hori murriztuko balitz, ordea, EAErena litzateke eskumena. EAJ alderdia otsoaren babes neurria murriztearen alde mintzatu zen Kongresuan. Europako Batzordearen zuzentarauek ere bat egiten dute Kongresuan abiatu den aldaketa eskaerarekin. Zuzentarau horrek otsoaren babesaren kudeaketan malgutasunez jokatzeko beharrean sakontzen du, otso kopuruaren hazkuntzak eta artzaintzak talka egiten duten kasuetan. Zer esan nahi du malgutasun horrek? Salbuespen neurriak hartzeko aukera. Ulertze aldera, otso kopurua kontrolatzea, kopuru txiki-txiki bat hilda, aberea eta ganadu zaleen arteko elkarbizitzan erasoak gehitzen direnean. Otso kopuru murrizketa horiek egoera bakoitzaren azterketa zorrotza egin ondoren onartuko liratekeela dio Aldundiak, baldintza jakin batzuk bakarrik betetzen badira. Ingurumen departamentua oso kritiko mintzatu da 7K-n Gobernu espainolak kopurua kontrolatzeko izan duen jarrera hertsiarekin: «Otsoa kudeatzeko malgutasun neurriak ez babestearekin konforme ez eta, neurri horiek gauzatzea oztopatu du nahita». Martinez de Santos abeltzainak garbi du otso kopurua hazi egin dela azken urteetan: «2021ean babes neurri gorena erabaki zenetik, hain zuzen ere. Babes neurria aldatzen ez bada, gero eta toki gehiagotara iritsiko da, zalantzarik gabe». Animalia hauek leku asko behar duela dio ganadu zaleak, «eta Gorobel, Gibixo eta Arkamu mendiguneak oso handia dela badirudi ere, otsoarentzat ez da hain handia». Baieztatuta dago azkenaldian otsoen erasoak izan direla Gorbeian, mendiguneko bi isurietan, hain zuzen ere. Gorbeiaraino iritsi bada, otsoa beste mendigune batzuetara, ekialdera zabal daitekeela diote zurrumurruek. Entzia eta Aralar mendikateetara, zehazki. Horri buruz galdetu diogu Buruaga biologoari, eta hauxe da haren erantzuna: «Otsoek edozein ezaugarriko landa eta mendi inguruak kolonizatu ditzakete, baina euren zabalkundea beti da mantsoa. Entzia eta Aralar mendiguneetako azienda aberatsak, noski, eskualde horietan beste batzuetan baino alarma handiagoa sor daitekeela iradokitzen dute». «ABELTZAINAK EZ GARA OTSOAREN ETSAI» Martinez de Santos abeltzainak esan digu otsoa etxetik gertu sumatu izan dutela. Nola bizitzen ote dute egoera hori? «Beldurrik ez dugu, momentuz, baina, kopurua kontrolatzen ez bada, otsoak ohiturak aldatu eta akaso pentsatuko du gizakia ez dela arriskutsua berarentzat, lasai ibil daitekeela zibilizaziotik gertu. Galizian eta Asturiasen gertatu da, dagoeneko, otsoak gizakiei, abeltzainei oldartu zaizkie, euren bila joan direnean. Hori hemen errepika daiteke, basurdeekin gertatzen ari den bezala hirietan». Julen, noski, ehiza kontrolatuaren aldekoa da, besteak beste betidanik hala egin izan delako bizi den eskualdean: «Gu Burgosko mugan gaude, eta Burgosen betidanik izan dira otsoak hiltzeko tokiak (gaztelaniazko “lobera” hitza erabiltzen du). 400-500 urtetik hona hil dituzte, erasoak areagotzen zirenean, abeltzainen bizi iraupena ez delako posible abere asko hiltzen badizkiete. Otsoari babes gorena eman zaionetik ez da otsorik hiltzen. Hazi egin da kopurua, eta ardi eta ahuntz aziendak asko jaitsi otsoaren erasoen eraginez. Izan ere, horiek dira otsoak aurren-aurrena erasotzen duen bazka, ahulena delako. Ardi eta ahuntz gutxiago daudenez, otsoek moxalak ere erasotzen dituzte». Martinez de Santosek garbi utzi nahi du horrek ez duela esan nahi bera basapiztia honen aurka dagoenik, otsoaren etsaia denik. Ez bera, ezta beste abeltzainak ere. Argudio zintzo hau ematen du: «Ez dugu berarekin akabatu nahi, garbi utzi nahi dut baieztapen hau. Nahi duguna da erasoak daudenean horiek kontrolatzea. Otsoak bizitzeko eskubidea du, baina abeltzainok ere bai». Ekologistenak eurak direla ere aldarrikatzen du gazte arabarrak: «Geuk dakigu ondoen mendia nola eraldatzen ari den, begetazioa handitzen, abereek ez dutelako garbitzen. Abereak ez daude mendian, eta mendia gero eta zikinago dago, sastraka eta sasi gehiagorekin». Martinez de Santosek baso eta ingurumen ikasketak egin zituen Murgian lau urtez, «eta ni bezala, abeltzainek ez dute otsoa akabatzeko asmorik, kopurua kontrolatzeko helburua baizik». Europako Batzordearentzat mendiak garbi mantentzea lehentasunezkoa da, mendia garbitzen ez bada sute arriskua biderkatu egiten delako goi larreetan. «Araba mendebaldeko mendikateetako baso gehienak Natura 2000 sarearen barne daude, eta hori hala da azken hamarkadetan mendia garbi mantendu delako, abereei esker», ohartarazi du abeltzainak. Julen Martinez de Santos 20-21 urte zituela hasi zen abeltzain. Aurrez aurre dituen moxal jaio berriei erreparatzen die serio, Sendadianon: «Mendian egon beharko lukete dagoeneko, baina… Igoko bagenitu bazka erraza lirateke otsoentzat, ahulak direlako oraindik. Sei bat urte daramatzat ja moxalak bailaran denbora gehiago uzten. Hilabete barru edo igoko ditut mendira, indarra hartzen dutenean». Azienda bailaran edukitzeak lan gehiago suposatzen du abeltzainentzat: «Animaliei ura eman behar zaie, hesiak konpondu… Kostua ere handiagoa da, noski, mendian bezain belar goxo eta oparoa ez baitute hemen. Gu orain neguko belarra izan behar lukeena ematen ari gara abereei, ez daudelako mendian. Gero, neguan, noski, belarra erosi egin beharko dugu». Aziendak asko nabaritzen omen du mendian ez egotea, «han nahi dutena egiten dutelako. Haizearen arabera toki batera edo bestera joaten dira, bazka onenaren bila. Mendian daudenean hobeto daude, hura da euren bizitoki onena. Gauetan animaliak ixten hasi dira zenbaitzuk, baina hori eginda, aberea ondo zaintzen al da? Normalean abereak erabakitzen du non lo egin, ezagutzen dute non ibiltzen diren». Julen egunean behin edo bitan igotzen da mendira, azienda bertan daukanean. Euskal Herriko mendiko zaldia arrazako behorrak ditu, 60 hain zuzen ere. Moxalak 40 bat inguru eta ahuntzak ere dozena pasa antxumeekin. Behiak eta ahuntzak ere baditu Julenek. Ahuntzekin bi mastin edo artzakur ditu. Gaztea da Tigre izeneko mastina, eta bisitariak adeitsu hartu ditu. Ez da euren jarrera normala, eta Julenek ere zintzo aitortzen du arazoak izaten direla mastinen eta jendearen artean: «Babes zentzumen handia dute. Zakur handiak dira, eta tentuz ibili behar da haiekin. Oso eraginkorrak dira. Ez ditu otsoak erabat beldurtzen, baina uxatzen ditu; eta otsoa ez da tontoa, ez du aurrez aurrekorik bilatzen mastinarekin». Garbi uzten du kalteak murriztuta ere, mastinak egonda ere, otsoek erasoak egin, egiten dituztela. POSIBLE OTE DA ELKARBIZITZA? Galdera egitea erraza da. Posible ote da otsoa eta abeltzaintza estentsiboaren arteko elkarbizitza? Erreportajeko protagonistei galdetzea, onena. Julen Martinez de Santos: «Nire ustez ez dira bateragarriak. Otsoek, aziendako abereez gain, basa basabereak ere jaten dituzte: basurdeak, azeriak, orkatzak eta beste, baina zenbaitzuk egunero eraso egiten diote aziendako abereari, badakitelako bazka errazagoa dela eurentzat. Horren aurka zer egin? Betidanik egin dena, araututako ehizaldiak». Abeltzainak ehiza arautuekin otsoa ez dela desagertuko dio, eta datu on bat jarri du mahai gainean: «Otsoaren une kritikoena mendian pozoia erabiltzen zenekoa izan zen, ez ehizagatik». Felix Rodriguez de la Fuente naturalista eta dibulgatzaile ezagunaren esana gogoratu du Julenek: «Otsoa toki guztietan ezin dela egon esan zuen hark». Martinez de Santos eta Mario Saenz de Buruaga une ezberdinetan izan dira elkarrizketatuak, baina biologoak ere Rodriguez de la Fuenteren esaldi famatu horri erreferentzia egin dio, elkarbizitza posible ote den galdetuta: «Grabatuta utzi zuen esaldi hori». Hausnarketa hau egin du Buruagak, elkarbizitzaz: «Aldi berean bizi, egon, elkarbizitza kontzeptua edonork sinatuko genuke, baina kontzeptu hori praktikan jartzea irtenbide oso zaileko arazoa da. Esan nahi nuke gutxitan entzuten dudan aipu bat: otsoek ez dute zertan toki guztietan egon. Horrela ziurtatzen du Ameriketako Estatu Batuetan otsoen kontserbazioaren alde gehien egin duen zientifikoak, David Mech-ek». Nora eraman otsoa, baina? Martinez de Santos: «Gaztela eta Leon, edo Gaztela Mantxa autonomietan badaude giza arrasto gutxi dauden lur eremu zabalak. Hor otsoaren presentziak ez luke ia kalterik sortuko. Galizia, Asturias, Kantabria eta Euskadin, abeltzaintza estentsiboa den tokietan, otsoa kontrolatu beharra dago. Kontrolatu diot, ez akabatu», nabarmendu du. Abeltzainak bitan ikusi du bere aberea jaten. Amorru, haserre une horretan panorama hori ikusi duen edonork zer egingo zuen asmatuko genuke gutako edozeinek. Julenek ere bai: «Ezin dut egingo nukeena publiko egin, baina esan gabe ere irakurleak badaki zer egingo nukeen. Halako argazki bat ikusi eta eskopeta ondoan baduzu, nola jokatuko luke edonork?», galdetu du ozen: «Gure bizitza, duintasuna dago jokoan. Taxi gidari batek bere bezeroa autoa hausten ari dela ikusi eta ezin du ezer egin. Ba horrela sentitzen gara gu». Adierazpen gordina. KONPENTSAZIO ESKASAK EAJ alderdiko diputatua da Joseba Agirretxea kongresuan, eta hark hitz hauekin adierazi zuen Bizkaiko eta Arabako abeltzainen egoera, atrilean: «Otsoak aziendak erasotzen ditu, eta guk konpentsazio ekonomikoekin osatzen dugu kalte ekonomikoa. Gaur ardi bat, bihar 2, etzi 10 edo 20. Egunen batean abeltzainak konpentsazioei uko egin eta ‘tori, artaldea zuretzat’, esaten digun arte». Otsoaren babesa murrizteko eztabaida aztertu zen egunean egin zituen adierazpenak. EAJk otsoaren babes neurria murriztearen aldeko botoa eman zuela jakinarazi zuen Agirretxeak. Ganadu zaleek euren galerak estaltzeko duten modu bakarra da konpentsazioena. Datu zehatzak eman aurretik honakoa bota du Martinez de Santosek: «Konpentsazio ekonomikoa ez da nahikoa, kaltea ekonomikoa baino gehiago baita: eguneroko estresa, adibidez, ez dakizulako hurrengo goizean zer topatuko duzun, eta horrela bizitzea ez da erraza». Ñabardura hori eginda, konpentsazio prozesua azaldu du abeltzainak: «Erasoa jasan duen aberea bilatu behar duzu aurrena, mendian, eta ez da erraza. Aurkitzen baduzu biologoak etortzen dira, otsoaren erasoa izan den edo ez baieztatzeko. Azkar izan behar du, saiek dena jaten dutelako eta froga asko ezabatu. Biologoak aberea eraso baten ondorioz hil dela baieztatuz gero, aberearen benetako balioaren %60 jasotzen dugu. Baina arazoa ekonomikoa baino askoz gehiago da. Beste zaldi bat erosi beharko zenuke jaso dezakezun konpentsazioarekin, baina zaldi berri bat taldean sartzea ez da erraza, egokitu egin behar da. Zaldi edo behor on bat erostea ere ez da erraza, eta 1.200-1.500 euro artean balio dezake. Hildako animalia ordezkatzea ez da erraza». Arabako Aldundiari abeltzainen kexu hauei buruz galdetu dio 7K-k, eta hauxe erantzun du: «Aldundia konpentsazioak arautzen dituen dekretua eguneratzen ari da, aurreko dekretua 2008. urtekoa delako, eta nahitaezkoa delako konpentsazioen kopurua nabarmen handitzea. Eguneraketa horrek orain arte jasotzen ez ziren beste atal batzuk ere jasotzen ditu, lortu gabeko irabaziak edo abortuak, adibidez. Dekretuaren eguneraketak sektoreko partaideek egindako ekarpenak aintzat hartuko ditu». Martinez de Santos abeltzainak begi onez ikusten du Aldundiak abiatutako dekretu horren eguneraketa, baina garbi utziz ematen diren kalte-ordainak inoiz ez direla nahikoa izango. Konpentsazioena ez da Arabako Foru Aldundiak abian jarri duen ekimen bakarra. Iaz zaintza artzainen atariko ekimen bat jarri zuen martxan, bi aziendatan, abeltzainei abereen zaintzan laguntzeko helburuarekin, mendian egonaldiak egiten dituzten bitartean. Aurten ganadu zale askok eman dute izena ekimen honetan, eta horri esker Aldundiak zenbait helburu gauzatzea espero du: artzainen ogibideari balioa eman, azienda mendietan epe luzeagoetan mantendu, etxaldeetako lan baldintzak hobetu eta otsoen erasoak murriztu. Horretaz gain, beste neurri prebentibo batzuk ere abiatu ditu: babes hesiak, artzain elektrikoen gailuak eta mastinak edukitzeko laguntzak. Ekimen zerrenda ponpoxo honi kontrapuntua jarri nahi izan dio Martinez de Santosek, kritiko samar: «Zalantzan jartzen ditugu ekimenok. Hilabeteak dira, dagoeneko, gure ganaduarentzat babes neurriak eskatu genituela, urtarril-otsailean, eta Aldundiaren erantzunik ez dugu jaso oraindik. Ganadua mendian dago azken bi hilabeteetan, eta berandu doaz». FEDERIK EZ POLITIKARIEKIN Agerikoa da abeltzainak ez duela fede handirik politikariengan: «Herrietako bozek gero eta garrantzia txikiagoa daukate. Gure sektoreak bezala. Politikariak, alderdi guztiak, zaku berean sartzen ditut: ahalik eta boto gehien atera beste asmorik ez dute, eta boto horiek galtzeko arriskua sumatzen badute, ez dute konpromisorik hartzen. Badakite otsoaren aurka hitz egiten badute hirietako jendearen bozka gal dezaketela, eta ez dute ezer egiten. Posizio abstraktu bat hartzen dute, eta kito. Sindikalgintzan nabil aspaldi, eta harremana dut erakunde eta alderdi politiko guztiekin. Guri ez digute esaten otsoa beharrezkoa denik, baina jendarteari ez diote hori esaten, ezta gure sektoreak daukan benetako garrantzia ere». Hemerotekari erreparatuta, normalean ezkerreko alderdiek dute otsoa babesteko joera, eta eskuinekoak kontrakoa. Babes neurria murrizteko abiatu den ekimenaren inguruan bidea luzea izango dela dio Martinez de Santosek: «Asko kostatuko da. Ez naiz baikorra. Baina ezin dute denbora askorik hartu, begetazioa nabarmen handitzen ari delako eta horrek egungo egoera asko okertuko duelako». Jendarteak otsoaren eta abeltzainen arteko elkarbizitzaz zer pentsatzen duen sumatzen ote duen galdetu diogu Juleni: «Hirietan otsoa babesten dela esango nuke. Hiriak eta herriak ezberdinak dira, eta herrietan oso ondo ezagutzen ditugu otsoaren kalteak. Hirian ez hainbeste, eta hiria eta herria gero eta aldenduago daude. Oso erraza da otsoaren aldeko mezu polit hori zabaltzea. Niri ere gustatzen zait otsoa, polita da, sekulako animalia, baina ehiza arautuak duen garrantziaz informazioa eman behar litzateke. Ehiza arautua beharrezkoa da edozein espezierako, eta otsoarentzako ere bai», esan du tinko. Tarteka bete antzean sumatzen zaio Juleni otsoaren egoerarekin, baina bere azienda elikatzen, goxatzen duenean harro mintzatzen da, eta zaila izango da etsitzea. Behi eta txahal azienda dagoen larrean zintzo demonio hurbildu da taldea Julenengana, eta penaz oroitu du 2023ko urtarrilean otsoak hiru txahal akabatu zizkiola aste bakarrean, kortatik 100 metrora baino ez. Kito esateko tentaziorik izan ote du noizbait? «Errazena hori litzateke, eta momentuz ez naiz egoera horretara iritsi. Noski, egoera aldatzen ez bada, erabakiren bat hartu beharko dut. Orain arte bezala jarraitzen badugu, ez baitugu etorkizunik. Bertako artzain zaharrek erreleboa badute etxean, 15-25 urte arteko seme gazteak, abere zaleak, maite dute lanbidea, baina ez dute ardiekin jarraituko, otsoaren erruz». Adierazpen zintzoak, ezinezko elkarbizitzaren ispilu. Egungo babes neurriarekin otsoa hiltzeak isun ekonomiko handia dakar, baita kartzela zigorra ere. Kongresuan abiatu den prozesuarekin otsoa kontrolatzeko arauak onar daitezke, abeltzainek eskatzen duten moduan Martinez de Santosek abeltzainek otsoa ez dutela gorrotatzen esan dio zintzo 7K-ri, baina bai, elkar bizi nahi badute, neurriak hartu behar direla, gizaldietan egin izan den bezala. Politikariekin ez omen du fede handiegirik, dena den Azienda goi larreetara igotzen ez bada, mendia sastrakaz beteko da, sute arriskua nabarmen handituz: «Geu gara ekologistenak. Eta abeltzantza desagertzen bada, akabo gure natura, ingurumena»