23 JUIN 2024 IRITZIA Otsoa heldu da Amaia Uribe Otsoa zetorrela esaten ziguten politologoek eta otsoa heldu da. Ultraeskuina Europa hartzen hasi da. Europako hauteskundeetan, lau boto emailetik batek eskuin muturrari eman zion botoa. Lautik batek. Sinestezina. Gure eskubideen alde borrokatu zuten guztiak datozkit burura. Abortatzea emakumeon erabakia izatea lortu zutenak. Libre maitatzen dutenak. Dagokien gorputza izateko pausoa eman dutenak. Gure gizarteari hainbeste ematen dioten migratzaileak. Ultraeskuin ona eta ultraeskuin txarra dagoela saldu nahi izan digute. Ursula Von Der Leyenek lasai asko esan zuen, Marine Le Penekin ez, baina Giorgia Melonirekin akordioak bilatzeko prest zegoela. Baina niri Frantziako Le Pen bezain arriskutsua iruditzen zait Italiako Meloni. Hungariako Orbanek bezainbesteko kezka eragiten didate Alemaniako AFDko kideek. Txekiako Tureken diskurtsoa bezain mingarria iruditzen zait Herbehereetako Wildersena. Ez dago ultraeskuin onik. Ultraeskuina atzera egitea da. Ultraeskuina eskubideak galtzea da. Ultraeskuina gorrotoa sustatzea da. Ultraeskuina gezurrak esatea da. Ultraeskuina elkarbizitzari ateak ixtea da. Tamalez, Euskal Herrian ere ez gara libratzen. Bihotzak min egiten dit, Santiago Abascal Araban jaio zela pentsatzen dudan bakoitzean, eta eta are min handiago egin dit, Voxek Hego Euskal Herrian 40.000 bototik gora lortu dituela jakiteak. Iparraldeko 158 herrietatik 92tan Marine Le Penen alderdia izan zen bozkatuena eta ikusteko dago zer geratzen den datorren igandean, hauteskunde legislatiboen lehen itzulian. Ultraeskuinak anekdota izateari utzi dio. Javier Milei edota Alvise Perez pertsonaia xelebre modura ikusten genituen, baina motozerrarekin eta sare sozialetako gezurrekin, boterean egotea lortu dute. Hotzikara ematen dit honek guztiak eta argi daukat zerbait egiteko unea dela. Indarrak batu behar ditugu otsoa uxatzeko, artalde osoa jan aurretik! Ez dago ultraeskuin onik. Ultraeskuina atzera egitea da. Ultraeskuina eskubideak galtzea da. Ultraeskuina gorrotoa sustatzea da. Ultraeskuina gezurrak esatea da. Ultraeskuina elkarbizitzari ateak ixtea da.