07 JUIL. 2024 MANTENTZEN ETA ERABERRITZEN ARI DEN ZAINTZA LANA Emakume artzainak, burua eta bihotza lurrari Elikadura burujabetza defendatuz, nekazariek Iruñean egin zuten manifestazioa, eta bilera Noainen. Kide batek hala aipatu zuen bertan: «Duela 500 urte gudu bat egin zen Nafarroako lurraren alde, eta 500 urte geroago, lurra saltzen ari da jendea kapitalari, maitasunik eta begirunerik gabe, gure muturren aurrean». (FOKU) Maider Iantzi Goienetxe Argazkiak: Gorka Rubio eta Idoia Zabaleta Duela bi urte hasi zen omenaldiaren ekimena Larraunen. Plazaola partzuergoan bilduta daude emakume artzain eta gaztagile mordoxka bat feriaz feria ibiltzen direnak, eta hortik atera zen ideia. Aurten Leitzaren txanda izan da. Emakume Artzainen Egunaren barruan, aitzineko edizioetan Larraun-Lekunberrin eta Araitz-Betelun omendutako artzainen testigua jaso zuten Leitzako 40 bat artzainek. Emakumeek baserrian, etxeko lurraldeko ekonomian eta artzaintzan egindako lana azpimarratu eta goraipatu zuten. Eta genero ikuspegitik emakumea ikusarazi. Izan ere, sarri, jardun hau gizonezkoarekin lotzen da. Baina etxalde guztietan eta bereziki paraje hauetako baserri munduan, atzeko alde horretan emakumearen papera hagitz inportantea izan da. Horregatik heldu zen omenaldi hau. Udaletxeko karrerapean, feria eguna biribilduz egin zen ekitaldian nabarmendu zutenez, emakumeei tokatu zaie maiz beren gain hartzea artaldea, etxea eta familia, batere aitortzarik jaso gabe, gainera. Emakume artzainaren lana zaintzan oinarritu da, eta giltzarri izan da transmisioa bermatzen eta sektorea eraberritzen. Leitzako 40 bat artzain bildu ziren maiatzaren 19an herriko plazako karrerapean, omenaldia jasotzeko. Bide batez, azoka egin zuten. Larraun eta Araitzeko emakume artzainen ordezkari, omenaldiaren lekukotza ekarri zuen Baraibarko Izaro Noainek Leitzara. Hala mintzatu zen amonaz: «Amona Nikasik, Baraibarkoa, ezkondu zenean hasi zuen artzain ibilbidea. 50 urte baino gehiago igaro dira eta oraindik jardunean jarraitzen du. Berak beti esan izan du gazta salmentari esker, Euskal Herriko hainbat toki ezagutu dituela eta baserria aurrera atera duela, eta gaur egun gazta saltzen jarraitzeaz harro dago, eta ni ere berataz oso harro nago». Lorea Goikoetxearekin batera, bera ere artzainen alaba, arrosondo bat eman zien Lurdes Sorron eta Aintzira Olalde amona-bilobei. Eta hauek testu bat irakurri zuten elkarrekin, Aitziber Lurdesen alabak eta Aintziraren amak idatzia: «Arrosa, arantzaz eta edertasunez betea. Artzaintza, natura, baserria, emakumea, tribua. Arantza asko, lana, nekea, babes falta. Baina edertasun gehiago, askatasuna, familia, arnasa, bizitzaren taupada. Baserria, bizitzaren oinarria, elikatzen gaituena, gaur egungo erritmo azkarra geldiarazteko ispilurik handiena. Norbera, besteak, konektatzen gaituena. Iragana, oraina eta etorkizuna, esentzia. Bihotz-bihotzez eskerrak amari, amonari eta urteetan isilean gorputza, burua eta bihotza lurrari eman dioten emakume guztiei». Zenbait artzainen testigantzak jaso ditugu erreportaje honetan. «Agian irekitzen hasi behar dugu familiatik kanpoko jendeetara. Baserriak ezin du derrigortutako zerbait izan. Maitatu behar duzu» GOTZONE SESTORAIN ZABALETA 58 urte. Gorritz baserria Leitza inguruko baserrietan batez ere emakumeek egin izan dute gazta. Garai batean artzain izatea bizimodu baten parte zen. Inguru honetako ia etxe guztietan ardiak zeuden eta artzaintza eta gazta egiten zen. Baita Leitzako Emakume Artzainen Egunean ikusi eta dastatu ziren elikagai guztiak ere: axuria, antxumeak, tripotxak... Hori gaur egun gainbehera doa. Gero eta gazte gutxiago dago, eta segida nola lortu, horixe da erronka. Orokorra da sektore guztian baina, halere, hobekien eutsi dionetako bat inguru honetan artzaintza izan da, gaztagintzarekin lotuta (norberak eraldatuz edo industriari esnea salduz). Idiazabal naturala eta ketua egiten da. Gazta urdina ere bai gero eta gaztandegi gehiagotan. Bertze gazta mota batzuekin esperimentatzen ari dira. Gazta biguna egiten duen gaztandegi bat ere badago. Ahuntz gazta egiten duen bertze bat. Behi esnearekin jogurta, gurina eta halako gauzak egiten dituztenak ere badira. Zona hau bereziki abeltzaintzari lotua dago, ardiari eta behiari. Leitzan gehiago ardia eta haragitarako behia. Gotzone Sestorain Zabaleta, Gorritz baserriko gaztandegian lanean. Larraun eta Araitzekoak bezala, hagitz hunkigarria eta polita izan zen Leitzako omenaldia ere. 40 emakume artzain inguru omendu zituzten, tartean Gotzone Sestorain Zabaleta. Berea izan zen ekitaldiaren amaieran aditu zen irrintzi ederra. Sekulakoa izan zen berarentzat parte hartzea. Barrenak mugitu zitzaizkion. «Giro oso ona egon zen, jendea oso pozik zegoen. Ederra izan zen. Gainera, gazta pila bat saldu genuen, tripotxa eta antxume guztiak. Ez genuen espero hainbeste jende hurbiltzea», kontatu digu. Elikagaiak emakumeen eskuetatik etorri dira gehienetan, eta hori ikusaraztea berebizikoa iruditzen zaio. Iraganekoa aitortuz, birmoldatu «Emakumearen lana baloratzen hasi da gizartean feminismoa indarra hartzen hasi denean. Gizartean gertatzen diren aldaketek guregan ere eragina dute. Emakumeen aldetik gero eta ahalduntze handiagoa dago. Egia da gure amek eta amonek ere merezi zutela aitortza hori, baina egia da baita ere eurek bizitako horrek gaur egun eta etorkizunera begira aldaketak behar dituela. Aldaketak behar ditu belaunaldi berriek, esate baterako, garrantzi handia ematen diotelako denbora libreari, parekidetasunari, kontziliazioari, gauza askori. Balore berriak heldu dira, eta horrek eskatzen du gure munduan ere berrantolaketa bat egitea. Birmoldaketa bat egin behar da derrigorrez». Bere ustez, bakarrik ezin da baserri bat eraman. «Gazteak txertatu nahi baldin baditugu, pentsatzen hasi beharra daukagu bi eta hiru pertsonako proiektuetan. Helburuak izan behar du asteburuak libratu ahal izatea, oporrak hartu ahal izatea, kontziliazioa bermatu ahal izatea». «Iraganekoei aitortza egin behar zaie, sekulako kultura transmititu digutelako, sekulako lana egin zutelako kultura hori guztia garatzen, eusten eta transmititzen, baina etorkizunari begira etxeko lanak egin behar ditugu. Gizartea ez den bezala duela 100 edo 50 urtekoa, gure sektorea ere ez. Hor asmatu behar dugu modua jende gaztea gure munduan gelditzeko. Ez bakarrik familietakoa. Agian irekitzen hasi behar dugu familiatik kanpoko jendeetara. Artzaintzak edo baserriak ezin du derrigortutako zerbait izan. Zama bezala ezin da hartu. Zerbait gustukoa izan behar du. Maitatu behar duzu. Hau ez baduzu maitatzen, oso gaizki bukatu dezakezu. Hori da erronka». Gorritz, hiru langileko proiektua Baserritarra da Gotzone Sestorain. «Artzaintza dugu ardatz nagusia, aldi berean gaztagintza, eta baserri munduan dagoen guztia. Autokontsumorako elikagaiak ere ekoizten ditugu, eta salmenta zuzena egiten dugu, hori da gure oinarrietako bat. Gure proiektuan hiru pertsona gaude: anaia, semea eta hirurok. Lanak banatuta ditugu, eta ni bereziki gaztagintzan, komertzializazioan eta baratzean ibiltzen naiz». Hala aurkeztu digu Gorritz baserria. Leitzan kokatua, bere gurasoak honetatik bizi ziren. «Umea nintzenean behiak eta txerriak ere bagenituen, eta gure diru sarrera nagusia behi esne, txerrikume eta txekor hazkuntzatik zetorren». Europar Batasunean sartzean birmoldaketa indartsu bat abiatu zen, eta prozesu horretan behiak alde batera utzi eta ardietan zentratzea erabaki zuten Gorritzen. Lontxa Zabaleta ama, ekitaldian gazta berria moztu zuena, artzaina zen, gazta goxoa egiten zuen, hori zuen indargunea, eta hortik abiatu zen gaur egun duten proiektua. «Amak eta anaiak artegia egin zuten, eta ondoren gaztandegia. Bi aldiz egin behar izan dugu gaztandegia arautegi aldaketengatik. Duela hamar urte, amak utzi eta ni hasi nintzen proiektuan». Ordurako urte mordoa emanak zituen herrigintzan eta familiako eraikuntza enpresan kudeaketa lanean. Errentagarritasuna, erronka Etxea eta lana elkartzeak batzuetan itotzen badu ere, ahalik eta hobekien eramaten saiatzen da. «Hor badugu erronka bat: nola antolatu gure bizitza pertsonala garatu ahal izateko? Lagunartean egoteko, egun batzuk libre hartzeko... Bestetik, bai anaia, bai ni urteetan aurrera goaz, baina oraindik ez zaigu erretiroa hartzeko tenorea iritsi; neke pilatu bat dugu, eta jende gaztea beharko genuke lanean, baina horretarako errentagarritasuna dugu erronka. Marjinak gero eta estuagoak dira, eta ez da erraza». Azkenaldian, klima larrialdia dela-eta sentsibilizazioa sumatzen da, baina praktikak koherenteak al dira gero? «Elikagai sanoak eta kalitatezkoak ekoizteaz gain, maneiu jasangarri baten ondorioz ingurua zaintzen ari gara: lurra, paisaia, animaliak, gure komunitatea. Baina prezioek ez dute aintzat hartzen lan hori guztia. Oso ajustatuak daude, eta zuloak estaltzeko dirulaguntzetara jo behar dugu. Dirulaguntzak ez daude banatuak modu justu batean: zenbat eta hektarea eta abelburu gehiago, laguntza gehiago jasotzen da. Ez da kontuan hartzen lurraldeari eta gizarteari egindako ekarpena». «Dibortzio bat» ikusten du Sestorainek hor: «Teorian helburu handiak ditugu, baina gero errealitatea da egiten dugun ekarpena ez dagoela behar bezala baloratua dirutan, eta horrek ondorioak ditu gure bizi baldintzetan». Nekazariak eta herritarrak, aliatu Badago kontsumitzaileen artean jende bat sentsibilizatua. «Gazta oso ongi saltzen dugu. Azken urteetan apustu indartsua egiten ari gara axuria zuzenean saltzeko, eta lan eginez lortzen dugu saltzea. Salmenta zuzenarekin lortzen dugu bitartekarien bidez lortuko genukeena baino ordainsari hobeagoa, baina oso ajustatua da halere. Gure baserrian deskantsu egun gehiago nahiko bagenitu, langile bat gehiago beharko genuke, eta hor kontuek eman behar dute». Plazaola partzuergoan hasitako bidetik, nekazarien eta herritarren arteko aliantza indartzen jarraitzea defendatu du, jendeak baserriko produktuen eta elikagaien aldeko apustu bat egin dezan. «Hori izanen da aitortzarik hoberena». «Baserritik ere iraultza etor daiteke, zaintza goraipatzen dugulako, eta egunero elikatu» Maider Agirrebarrena Beldarrain 49 urte. Antsonea Gaztak Maider Agirrebarrena Beldarrain artzain bihurtu zen, bizi den herriak, Uztegik, aukera hori ematen duelako. 50 biztanle inguru dituen Araizko herria hagitz menditsua da, zelai txikiz osatua, artzaintzarako egokia, eta bertako herritar gehienak jardun horretan aritu izan dira. Agirrebarrenak Fabrikazio Mekanikoa ikasi zuen eta enpresa batean ari zen lanean, baina lantegia itxi zenean, lehenengo semea jaio zen eta Uztegin bizitzea erabaki zuten. «Peio senarrak haragitarako behiak zeuzkan, eta aldaketa egin genuen, egokiagoa zelako ingurunea ardietarako. Bere anaia ere sartu zen. Kamioiarekin ibiltzen zen Bartzelonara joan eta etorri, baina aspertuta zegoen eta gurekin jarri zen». 2009an ardiak zaintzen eta haiek emandako esnearekin etxean gazta egiten hasi ziren. 2011n 300 ardi eta instalazio berriak jarri zituzten, Idiazabal artzai gazta izendapenarekin ezagutzen den gazta ondua egin eta herrian bizi eta lan egiteko asmoz. «Baditu bere alde onak eta txarrak, baina gustura gaude», adierazi du Agirrebarrenak. «Alde ona da zuk kudeatzen duzula denbora, eta txarra, ardiak erditzeko edo jezteko denboraldia denean ordutegi zabala dela. Udara eta udazkena askoz lasaiagoak dira. Gero, autonomo guztiek bezala, bizitza ateratzea ez dugu batere erraza». Gazte Nekazarien kurtso bat egin zuen. Bertan administrazio eta kontabilitatea, enpresa kudeaketa, erakutsi zioten gehienbat, baina artzaintza eta gaztagintza egunerokoan, eginez, ikasi du. «Senarra Arantzazun aritu zen ikasten, eta ondoko baserrietatik ere ikasi dugu». Elkarteetan antolatuta Habelarte mendialdeko baserritarren elkartea sortu zuten, eta hortik ekimen ugari bultzatzen dituzte. Plazaola partzuergotik ere bai. «Emakume Artzainen Eguna sortu zen, bertako zaintza, kultura eta paisaia ardiengatik delako. Ardiak zaintzen ditugulako daukagu paisaia hau. Artzaintzaren oinarria zaintza da, eta urteetan aritu dira jardun honetan emakumeak errekonozimendurik gabe. Duela bi urte hasi ginen omenaldia egiten, eta emakumeek asko eskertzen dute. Gaur egungoek beharbada berdintasun bat lortzean sinets dezakegu, baina gure aitona-amonek ez zuten hori bizi izan, etxeko esklaboak izan ziren, zaintzaren esklaboak». Parekidetasunaren ikuspegia aldatzen joan zaio Agirrebarrenari heldu bihurtu ahala. «20 urterekin uste duzu dena berdin egin dezakezula, baina gero ohartzen zara ezetz. Ama izatean, adibidez. Aitak ere parte hartzen du, baina lehenengo urtean behintzat ezin zaitu ordezkatu. Zuk egon behar duzu hor. Hortaz, bera gehiago atera da lanera eta ni gehiago aritu naiz etxean lanean. Lanak banatzen joan gara. Berdintasuna dago? Berdintasuna dago egun osoa gaudelako denak lanean», dio irriz. «Bizitza lana baita. Jendeak hainbeste amesten du denbora librea edukitzeko, baina zertarako behar du? Ez dut ulertzen. Bizitza egiten dituzun gauzak gustura egitea da. Fabrikan zortzi ordu lan egiten dituenak etxera joan eta lana dauka, eta lan hori gustura egin behar da. Zaintza lanak gustura egin behar dira, eta ematen du hori ez dela lana eta ez da kontuan hartzen. Artzaintzan eta baserrian beti hartu da kontuan. Beti eman zaio espazio bat horri». «Etxea ez badago ondo, ezer ez dago ondo» «Gaur egungo sistema honetan jendea lanera ateratzen da lantokira, eta etxera etortzean dagoen zaintza lana ez da existitzen, ez du inork egiten. Hor munduaren akabera dator, basakeria dator. Etxea ez badago ondo, ezer ez dago ondo. Niri behintzat artzaintzak hori eman dit, zaintza beste ikuspuntu batetik ikustea, balioa ematea. Hori aldarrikatu behar da mila aldiz, eta erdigunean jarri. Eskerrak greba bat eta guzti egin dugun Euskal Herri honetan. Mundu mailan behin bakarrik egingo zen; garrantzi izugarria dauka. Gure existentziaren parte handienetako bat elkar zaintzea da, bakoitzak bere burua eta ingurukoak. Baina ahaztu egiten zaigu». «Ahal dudan bezala zaintzen dut nire burua. Egiten dudana baloratzen gehienbat. Azken urteetan ekintza hauekin guztiekin, mendialdeko feriak ere berreskuratuz, goraipatzen hasi dira behintzat artzaintza eta elikagaiak, eta horrek dakarren guztia: kultura, ekosistema, dena barne hartzen du. Zure lana gustatzen bazaizu, egun osoa lanean bazaude ere berdin zaizu». Ze ezberdina, gailendu ohi den ikuspegitik. «Segur aski bai, baina niretzat oso aberatsa da. Askotan esaten dut: bere garaian baserritarren iraultza izan zen, eta gaur egun nahiko nuke jendeak ikus dezan baserritik ere iraultza etor daitekeela. Zergatik? Zaintza hori goraipatzen delako eta egunero elikatzen dugulako. Ez bakarrik helduak eta umeak, basoak, zelaiak, animaliak. Egiten den lan hori guztia ez da dirutan kontatzen. Hori egiten dugu maitatzen dugulako egiten dugun lana. Eduki ditzakezu animaliak etxaldetik atera gabe, zorne guztiarekin, edo eduki ditzakezu animaliak ondo zainduta, egunero kanpoan, estentsiboan lan egiten. Ez dugu janaria bakarrik ekoizten, ekosistema oso baten eta zaintzaren aldarrikapen gogor bat egiten dugu eta erakusten dugu egunero zaintza egiten dugula bai basoarena, bai larreena, bai animaliena bai ingurukoena, eta hori baloratu egin behar da». «Gaur egun dauden makroetxaldeetan eta eman den janariaren bilakaera horretan galdu duguna hori da: zaintza. Bidean aurkitzen duten guztia txikitzen dute makroetxaldeetan, animalia bera ere bai. Hori da jendeak ikusi behar duena». Uxue Miguelez eta Maider Agirrebarrena, Uztegin, Araitzen, artaldea gobernatzen. «Lanari alergia» Guraso gisa, «baserriko ordutegia malguagoa da; ardiak ordu erdi beranduago ateratzen baditut ez da ezer gertatzen, edo nirekin eraman dezaket umea momentu batean gaztandegira eta gazta egiten hasi». Bestalde, «ematen du gaur egun diruaren morroi garela eta diruak ez du zoriontasunik ematen, bai laguntzen du pixka bat arintzen, baina zoriontasuna bizitzaren pozak edo egiten dituzun zaintzek eta gauzek emango dizute». Agirrebarrena kanpotik iritsi zen baserrira. «Senarraren familiarena ez zen ohiko baserria. Komertzianteak ziren gehiago. Denda bat zeukaten Tolosan. Peiok bost behi hartu zituen bakarrik, eta berak egin zuen etxalde osoa. Familia ereduak aldatu dira, eta ematen du jendeak alergia diola lanari; ez dut ulertzen, baina alergia horrek eragin du azkenean lanean aritzea oso bakarrik, lehengoarekin konparatuz. Moldatzen ari gara. Hiru gara. Nik uste bost-sei laguneko kooperatibak osatzeak erraztuko lukeela». Etorkizunean bere umeak artzain izatea nahiko lukeen galdetuta, berdin zaiola erantzun du: «Ez badute jarraitzen, jubilazioa askoz errazago eramango dut, baina jarraitzen badute lagunduko diet gustura asko». Elikadura burujabetza Nekazarien hasierako protesten berri entzuten hasi zenean, traktore handiekin, Agirrebarrena ez zen identifikatua sentitzen. Baina haserrea ateratzea eta arazoak plazaratzea ahalbidetu zuen. Elikadura burujabetzaren kontzientziari heldu zioten: zero kilometroa, agroekologia, eta bertako elikagaiak bultzatzeko beharra. «Elikadura burujabetzan lan egiten dugun talde askok bilera egin genuen, oso aberasgarria; ikuspuntu berriak atera ziren, eta aldarrikapen bat egin genuen. Zer eskatzen dugun? Baserritar txikientzat babes gehiago. Dirulaguntzak baino, paper kontuak arintzea, elkarlan gehiago, saltzeko unean erraztasun gehiago, erosketa publikoak egiten direnean zainduz ekoizten duen jendeari erostea edota basoen kudeaketa zentzuzkoak egitea». Iruñean egin zuten manifestazioa, eta bilera Noainen. «Kide batek aipatu zuen duela 500 urte gudu bat egin zela Nafarroako lurraren alde, eta 500 urte geroago, lurra saltzen ari dela jendea kapitalari, maitasunik eta begirunerik gabe. Muturren aurrean gertatzen ari zaigun arren, jende asko ez da kontziente». «Zaintza da bizitzaren ardatza, eta bakoitza kontziente izatea bere burua eta ingurua zaintzea dela garrantzitsuena, hor datza zoriontasuna», aldarrikatu du araiztarrak. «Ekofeminismoa, hitz bat da agian jende gutxik duena ahotan, baina garrantzi handia daukana. Lurra, elikatzeko eta sortzeko moduak, denak hartzen ditu kontuan». Maider Agirrebarrena eta Uxue Miguelez, Antsonea baserrian lanean, Uztegin, Araitzen. «Bilatu dirua lortzeko modu bat zuk disfrutatzen duzuna, hola bizitza errazagoa eta politagoa egingo zaizu» Uxue Miguelez Aranguren 20 urte Jende aunitz ostiralaren zain bizi da; Uxue Miguelezi, ordea, kontrakoa gertatzen zaio: ostirala iritsi eta «orain zer?», galdetzen dio bere buruari. Nekazaritza eta Abeltzaintza ikasten ari da Fraisoron, eta Maider Agirrebarrenarekin ari da praktikak egiten Uztegiko Antsonea baserrian, «oso gustura». «Gazteek dirua irabazi nahi dute ondo pasatzeko, baina ez dira fijatzen benetan zer egin nahi duten, ze azkenean gustatzen zaizun zerbaitetan lan egiten baduzu, ez da hainbesterainoko pisua, gustura joaten zara eta ondo egoten zara. Eta ez zaizu inporta, adibidez, aparteko orduak sartzea. Poztasuna ematen dizulako lanera joateak». «Duela urte batzuk erabaki nuen ardiekin lan egin nahi nuela. Berez, nire ustiategia martxan jartzea zen asmoa, baina ez dakit posible izango den. Agian beste ustiategi batean ariko naiz lanean beste kide bat bezala. Nirea lortu edo beste batzuekin batera aritu, baina ustiategi batean, gazta egiten eta ardiekin, bai, bai». Uxue Miguelez pasaitarra, Uztegiko Antsonea baserrian praktiketan. Herri txiki batean bizi eta lan egitea du amets. Kaletik mendirako bidea egin du Pasaiakoa da Miguelez, «guztiz kalekumea». Ez du ez lur, ez baserririk. Bi katu, ez du animalia gehiago. «Pertsona batekin egon nintzen bi urtez. Berak baserria zeukan eta bere lehengusua behean bizi zen eta ardiak zituen. Lehendik banekien animaliekin lan egin nahi nuela, baina hor benetan maitemindu nintzen». Nafarroa edo Gipuzkoako herri txiki batean bizi eta lan egitea du amets, mendian. «Belarra, jende lasaia... justu hazi nintzen lekuaren kontrakoa nahi dut», deskribatu du irribarrez. Jendeari, batez ere gazteei, aholkatuko lieke benetan gustuko lan bat bilatzea. «Dirua irabaztea zerbait lortzeko, kotxe bat adibidez, ondo dago, baina bilatu diru hori lortzeko modu bat zuk disfrutatzen duzuna, hola bizitza errazagoa eta politagoa egingo zaizu. Dirua baino inportanteagoa da zerbait aurkitzea asko gustatzen zaizuna», adierazi du etorkizuneko artzainak. «Elikagai sanoak eta kalitatezkoak ekoizteaz gain, maneiu jasangarri baten ondorioz ingurua zaintzen ari gara: lurra, paisaia, animaliak, gure komunitatea. Baina prezioek ez dute aintzat hartzen lan hori guztia».