7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Sexu erasoak


Sanferminetan murgilduta daude Iruñean eta, batzuk goizero entzierroa ikusteko esnatzen diren moduan, nik goizero egunkaria irekitzen dut sexu erasorik egon den ikusteko. Zezenen adarkadek besteko mina ematen didate festaz gozatzera doazen emakumeek jasaten dituzten erasoek. Iaz bakarrik, 15 salaketa egon ziren. Zinez espero dut aurten gutxiago egotea, baina beldurra ematen dit egungo gizarteak.

Nerabea nintzenean, parrandatik etxera sarritan joaten nintzen oinez. 2 kilometro daude Gernikatik Forura, eta sekula ez nuen beldurrik sentitu. Orain, baina, Gernika erdigunean bizita ere, ez nintzateke etxera lasai joango. Tamalez, gainera, belaunaldi berriak okerrera doaz. Save the Children erakundeak egindako ikerketa baten arabera, iaz sexu erasoren bat jasan zuten biktimen ia erdiak adin txikikoak ziren. Eta talde bortxaketek %64 egin dute gora. Mila plan bururatzen zaizkit lagunekin batera gozatzeko, baina kuadrillakoak batu eta denen artean emakume bat indarrez bortxatzea ez da plan horietako bat. Ezin dut ulertu, emakume baten sufrimenduak plazera ematea. Ezin dut ulertu, indarkeria eta boterea gozagarri izatea. Ezin dut ulertu.

Pornografia bihurtu da, haur eta nerabe askoren sexu heziketako irakaslea. EITBk emititu zuen “Porno belaunaldia” dokumentala ikustea besterik ez dago horretaz konturatzeko. 8 urterekin izaten dute umeek lehen kontaktua pornografiarekin, eta 14-15 urterekin, indarkeria handiagoko eduki pornografikoak bilatzen dituzte. Helduok badakigu pornografiak ez duela zerikusirik errealitatearekin, baina nerabeek gizonen dominazioa eta emakumeen sumisioa barneratzen dute, eta horrek ondorioak ditu euren sexu harremanetan. Pornografia bada euren erreferentea, ikusten dutena normalizatzen dute. Inoiz baino argiago daukat seme-alaben heziketaren zutabea etxean dagoela, baita sexu heziketarena ere. Eta 8 urteko semearen ama bezala, hasi naiz hau guztia nola landuko dudan pentsatzen.

Gizarte guztiaren inplikazioa behar da arazo honi amaiera jartzeko. Ezin dugu albo batera begiratu, ezin dugu normala ez dena normalizatu. Erasoak ozen salatu behar ditugu, beti biktimari sinistu. Matxismoa albo batera utzi behar dugu, “ez” ezetz dela ulertu. Aske bizi nahi dugu. Sanferminez eta gainontzeko festez gozatu nahi dugu, beldurrik sentitu barik.