7K - zazpika astekaria
KIROLA

Lerro faszialak eta mugimenduaren azpisistemak

(Getty)

Lerro faszialen bitartez, gorputza burutik oinetara lerro luzeak dituen “3D” egitura bat bezala ikus dezakegu. Fasziako ehunak, artikulazioak batzeaz gain, gorputz osoan elkartzen dira, sare-egitura gisa. Fasziaren jarraitutasun horrek biotensegritate eredu doigarri modura jarduten duela adierazten digu.

Muskulu eta faszia sistemak interdependenteak dira eta estu lotuta daude. Muskulu talde batzuk eta hauek inguratzen dituzten fasziak elkarri lotuta daude eta, beraz, kate miofasziala sortzen da. Kate miofaszial batzuk funtzionalki ere erlazionaturik daude eta, aldi berean, zeregin motor bat egiteko estimulatzen dira. Kate horiei, berriz, mugimenduaren azpisistemak deritze. Hemen, 5 azpisistema aurki ditzakegu.

Lehenik eta behin, azpisistema “longitudinal profundo” delakoa dugu. Lurzoruaren eta enborraren artean indarrak transmititzeko gaitasun handia duena. Faszia torakolunbarrarekin lotua dago, eta aurreko tibialak, alboko peroneoak, bizeps femoralak, lokailu sakrotuberosoak eta bizkarreko-zutitzaileek osatzen dute.

Bigarrenik, azpisistema “oblicuo posterior” deritzona daukagu. Azpisistema “longitudinal profundo”-arekin sinergikoki funtzionatzen du eta lan eszentrikoaz arduratzen da batik bat. Sistema hau sortzen duten muskuluak gorputzeko handienak dira.

Hirugarrenik, “oblicuo anterior” izeneko azpisistema dugu. Kanpo eta barne zeiharrek eta aduktore kontralateralek osatzen dute. Azpisistema hau beharrezkoa da goi eta behe gorputz adarren indarren transmisiorako, batez ere lan unilateraletarako, gorputz-enborra flexionatu eta biratu egiten baitu.

Laugarrenik, azpisistema “laterala” gerrialdeko karratuak, erdiko gluteoak eta aduktore kontralateralak osatzen dute, eta pelbisa egonkor mantentzeaz arduratzen da.

Azkenik, “estabilización intrínsica” gisa ezagutzen den azpisistema dago. Organismoaren erdiguneko muskulaturarik lokalena da. Batez ere estabilizazioaz arduratzen da, eta abdominalak, zoru pelbikoak, diafragmak, transbertsalak eta multifidoak osatzen dute.