7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Denbora


Txirritak bertsotan dotore asko azaldu zuen «Naparruatik ardo-karraio» zebiltzan idiak, gurdiak eta itzaiak jubilatu zituela Norteko ferrokarrilak. «Garai artako itzai koskorrak, ongi zebiltzan lanian, / Gipuzkuan da Bizkai aldian da Euskalerri danian / ... akabo oien jornal-biria trena etorri zanian». Bizimoduaren aldaketa derrigortu zien, beraz, eta ez da harritzekoa batzuek munstroaren garrasitzat hartzea «trenen txistu eta marruak».

Baina abantaila onak ere atzeman zizkion Txirritak: «Goizian irten Irundik eta / illuntzerako Madrilla». Zaldi hoberik ez zegoela zioen. Abiadura bizian batera eta bestera, urrutitik etxera edo etxetik urrutira. Duela ehun eta berrogeita hamar urte beste patxada batekin bizi zirela pentsatuko genuke bat-batean, baina orduan ere abiadura handituz denborari aurrea hartu nahian zebiltzan batzuk. Gaitza, ameskeria edo dena delakoa aspalditik dator dirudienez, eta horretantxe jarraitzen dugu, lasterbidea nondik nora egin asmatu ezinean.

Idien pauso mantsoa, inguruen ederra eta halako kontuak denbora galdutzat hartzen ditugu. Horrela ezin baita garaiz iritsi inora, garaiz iristea zer eta zertarako den aspaldi ahaztu genuen arren. Denbora aurreztea saltzen digute gaur helburu eta lehentasuntzat, eta aurreztutako denbora modurik onenean pasatzeko aholkuen katalogoak eskura jarri, saldoka joan gaitezen denok hara, hona eta beste puntara. Zer axola horretarako zer galtzen dugun, zer uzten dugun albora edo zer txikizio egiten dugun. Bizkor joango gara, baina bizkorrago nahi, trenak hogei kilometrotik gorako tunela alde batetik bestera igarotzeko behar duen denborari oso luze iritziz, leihoz kanpoko paisaiari ordez aurrean tokatu zaizun antipatikoari begira.

Lehengo abiadura handiari are handiagoa nola erantsi, Nafarroako hiriburura joan eta etorri zerbaiten garraio aritzeko edo handik beste norabait iristeko, Ezkio-Itsasotik laburtuz, Aralar, Aizkorri eta parean tokatzen diren mendi eta tontor guztiak azpitik pasata, edo Gasteiztik bueltatxoa eginez dotore-dotore, ordu erdi nola irabazi, bi bideetatik zein onetsi erabaki ezin oraindik. “Eta zergatik ez biak”, pentsatuko du laster baten batek, beste hamar-hamabost urte ederki pasa bailitezke bide horretan trena mugitzerako, eta disparate mordoa pentsatzeko adina denbora bada hori.