04 AOûT 2024 ARKITEKTURA Kosta eremuen birsortzea Hirigintzak garapen handia izan du azken hamarkadetan, eta horren adibide dira kostaldeko herriak. Jakina da itsasertzean eraikitzeak bere kostuak dituela, naturaren indarrak eragindako triskantzak nabariak baitira, baina azken boladan badira beste kutsu bat hartu duten proiektuak ere. Arkitektura eta paisajismoa ez ezik, gariko kezkei erantzuna emango dieten proiektua da BEAR Estudiok eta Grupo Arenak aurkeztutakoa. (BEAR Estudio + Grupo Arena) Naia Azkuenaga Duran Garai bateko hirigintza garapenzalearen adibideak ditugu 60ko hamarkadatik aurrera turismoari eta aisiari begira eraldatutako kostako herriak. Hauen artean, sorrera ezberdina izan zuten tipologiak ezagutzen dira. Badaude tabula rasa batetik sortutakoak, non kostako lerroari paralelo jarraituz eratu ziren kaleak eta etxadiak. Bestetik, herri primigenio baten parean hazitakoak, non zabalguneen bitartez kostari espazioa kentzen joan zitzaizkion. Estatu espainolean horrela garatutako herrien adibide ugari aurki daitezke, Mediterraneoko kostan bereziki. Baina Euskal Herrian ere badira horrelako adibideak. Horrelako herrietan aspalditik ikusi dira naturari lekua hartzeak izan ditzakeen ondorioak. Kostako aurrealdean egindako eraikuntzak naturaren indarraren triskantzen adierazgarri izaten dira eta urtero berreraiki beharreko hondartzetako paseoen zatiak dira horren adibide. Hala ere, aldaketa klimatikoa itsasoaren indarraz aparteko ondorioak sortzen ari da, eta, hau dela eta, halako herrietan orain arte erabilitako kostako guneen eredua berriz pentsatzera eraman ditu udalerri asko. Ikuspegi berri honen kutsua gertu aurki dezakegu. 2024an Laredoko kostako plan berria eratzeko ideia lehiaketan aurkeztutako diseinuen artean argi geratu da arkitektura eta paisajismoaren barruan garaiko kezken aurrean erantzuna ematen saiatu direla. Aurkeztutako 18 proposamenek naturaren arteko harremanari eta mugikortasunarekin lotutako hiru kezka nagusiri konponbidea eman nahi izan diete. Batetik, egun paseoa eta natura bi elementu ezberdin modura irakurtzen dira. Paseoa, hondartzaren hesia da, hormigoizko lerro horretatik aurrera hiria gogorki hasten dela. Bestetik, horrelako herrietan arazo handiak ematen dituen bizikleten eta oinezkoen arteko koexistentziari konponbidea eman behar zaio, bientzako tokiak argi uzten dituen bidegorri sarea bertan txertatuz. Eta azken puntu modura, zabalgunetik datozen kale ezberdinak antolatuko dituen ardatza sortzea ere beharrezkoa ikusten du Udalak. Honek oso erraza irudi dezakeen arren, elementu klimatikoez harago, 60ko hamarkadako herri hauetan izaten diren bestelako bereizgarri soziologikoak ere azalera ekartzea beharrezkoa da. Batetik, hauek herri “urtaroarrak” izatearen baldintzak kontuan hartu behar lirateke. Honelako herriek udan populazioa bikoiztea lortzen dute eta, beraz, biztanle kopuru ezberdinak bere gain hartzeko gai izan behar lukete erantzunek. Bestetik, herri hauetan nabariak diren belaunaldi ezberdinen premiei erantzuna eman behar litzaieke. Hiri hauetan denon bizitzan hain errotuta dagoen zaintzaren rola azalean geratzen da, uda partean ez ezik, bertako biztanlerian ere adineko pertsonak gehiengoak izaten baitira. Beraz, proposamenek hauentzat seguruak izan behar lukete, irisgarritasuna kontuan hartuz. Lehiaketara aurkeztutako finalisten artean, Bilboko Ane Arcek eta Iñigo Berasateguik, BEAR Estudio, Alacanteko Grupo Arenarekin batera egindako proposamena aurki dezakegu. Kontzeptu ezberdinen koexistentziaren alde jotzen duen proposamena dugu elkarlan honen emaitza. Begi-bistan ageri den lehen aldaketa eremu natural honen duna sistemaren berreskuratzea da. Horrelako guneetan ohikoak diren zuhaitz eta landarediari hazteko tokia ematen dio, paseoaren traza berri bat sortuz. Horrela, alde natural eta eraikiaren artean tanpoi zona bat sortzea lortzen dute, betiere eremu honek dituen aldaeretara egokituz. Irudiei gertuagotik erreparatuz gero, proiektua erabiltzaileen begiradara irekitzen da. Batetik, begetazio berriari espazioa emateak etorkizunari begira babesgune klimatikoak sortzeko aukerak zabaltzen ditu, erabiltzailearen esperientzia nabari hobetuz. Bestetik, proiektuak ibilbide irisgarria aurkezten du, horretarako egun hain agerikoak ez diren padura elementuak indartzea lortzen dute trazadura berriaz. Horrela zubi ezberdinak sortzen dituzte bertan dauden bokale ezberdinetan, oinezkoen ibilbidean badiara zabaltzen diren behatokiak sortuz. Taldeak ideia lehiaketara aurkeztutako proposamena oraindik azalekoa bada ere, espazioen diseinua bizitzen ari den begirada aldaketa ondo azaltzen dute. Proiektuen ikuspegi globala gailentzen da. Desarrollismoan garatutako brutalismotik ihesi, natura, aurre-existentziak eta erabiltzaileak diseinuaren ardatzean kokatzen direla. Desarrollismoan garatutako brutalismotik ihesi, natura, aurre-existentziak eta erabiltzaileak diseinuaren ardatzean kokatzen dira.