18 AOûT 2024 IRITZIA Misiyuak Jokin Urain Misioak eta misiolariak antzinako garaietatik oso behera etorriak, gutxitzen-gutxitzen ia hutsaren hurrengora jaitsiak zeudela uste nuen. Horrelakoxe irizpideak izaten ditugu batzuetan, gaiari jaramonik egiten ez dionaren ezjakintasunetik sortuak, batik bat. Dena den, ez dakit zer tamainatako misio eta misiolari ekoizpena daukagun gaur, baina mendigoizale, mendizale, arrantzale eta abarretan ez ezik, misiolaritzan ere punta-puntakoak izan gara aurreko urte eta mendeetan. Munduko kontinente guztietara erruz bidaltzeko adina misiolari ekoitzi dugu azken bostehun urte hauetan, eta mundu hau handiagoa izan balitz eta gehiago balira kontinenteak... Zer nahi duzu esatea, burura datorkidana idazteko modukoa ez bada? Baina, zein hoberik, geu baino, munduan beharrezkoa den lekuetara “misiyuetan” joateko, Ynigo Loiolakoa ere geurea izanda? Ezinbesteko patua da kasik, nahiz eta hitzaren zentzu literala aldatu, moldatu edo berritu denborak edo intentzioak, hitza berez delako agian ezkataduna, arraina uretan bezain erraz eta noranahi mugitzeko esalearen ahoan edo entzulearen gogoan. Hitza baita misiolariaren tresna, eta hitza eramatera joaten da hara eta horra. Behartsua kontsolatuko duen hitza, minberatua gozatuko duena, bazter-nahaslea zentzatuko duena. Literatura oparoa eman du, gainera, misiolarien eta misioen gorabeherak; prosan ugaria, baina bertsotan ere ez agorra. Ez da harritzekoa Txirritak berak aintzat izatea eta bi puntutan ezin dotoreago azaldu zuen misiolarien zeregina munduan: «Mixiolari baten moduan juan dan lau illabetian/ nabil ejemplo onak ematen inozentien tartian». Aspaldi samarreko kontuak dira horiek, dena dela, eta iraganeko historietako pertsonaiatzat joko nituzke misiolariak, baldin eta hilaren hasieran ikusi izan ez banu sarean bideo bat. Ertzaina Polonian protagonista izateko, haraino joanda zertan ote zebilen pentsatzen jarrita, bururatu zitzaidan Pablo Gonzalez askatzeko isilpeko mandatua izango zuela beharbada. Baina ez, ez zen hori; bazuen helburu goiargitsuagorik. Kontinente honetako bekatariak zaindu eta okerrak zuzentzeko misioarekin zebilen, dirudienez, Poloniaraino joanda. Atxiloketa bat grabatzen ari denari ejenplu ona emateko, berarengana hurbildu eta parean jartzen zaio ertzainen buruetako bat omen dena, eta, ohi duen moduan seguru asko, «eres un gilipollas integral» esaten dio. Ez da harritzekoa Txirritak berak aintzat izatea, eta bi puntutan ezin dotoreago azaldu zuen misiolarien zeregina munduan: «Mixiolari baten moduan juan dan lau illabetian/ nabil ejemplo onak ematen inozentien tartian».