13 OCT. 2024 IRITZIA Albiste txarrak Amaia Uribe Azkenaldian albiste txarrak baino ez dituzue ematen!». Horixe leporatu zidan lehengoan kalean aurkitu nuen ezagun batek. Eta arrazoirik ez zaio falta. Urtebete daramagu Gazako genozidioaz hitz egiten, eta Libanoko hildakoak batu zaizkie orain. Indarkeria matxistak ez du etenik. Adin txikikoek jasaten dituzten sexu abusuek titularrak betetzen dituzte. Eta baliteke azaroan munduko showman arriskutsuenak berriro ere Etxe Zuriko agintea lortzea. Aspaldi honetan albiste txarretatik ihes egiteko joera zabaldu da gizartean. 10 lagunetik 3k albistegiak ikusteari eta egunkariak irakurtzeari utzi diote, antsietaterik ez sentitzeko. Deigarria egiten zait hori, denok dakigulako mundua ez dela arrosa kolorekoa. Errealitateari lepoa emateak ez du mundua hobea egiten. Begiak ixteak ez du arazoa desagerrarazten. Desinformatuta egotea inoiz ez da konponbidea. Gerren aurrean, erasotzailea nor den jakin behar dugu. Injustizien aurrean, zer salatu behar den argi izan behar dugu. Gizartean zer konpondu behar den barneratu behar dugu, etorkizun hobe bat eraikitzeko. Kazetariontzat ere ez da erraza izaten albiste jakin batzuk kontatzea. Bereziki gogorra izan zen pandemia niretzat. Egunero-egunero Estatu Batuetan hildakoen zifra ematen nuen, etxetik urrun egonda, gurasoak kutsatzearen beldurra sentitzen nuen bitartean. Tiroketen berri emateak ere min ematen zidan, nire semearen adineko hildakoak zeudela jakinda. Inori ikustea gustatuko ez litzaiokeen sumarioak ikusi ditut, eta irudi gordinak dauzkat buruan gordeta. Oso gordinak. Baina sekula ez dut galdu albistea gertatu den tokian egoteko gogoa. Gertatzen dena gertatzen dela. Askotan esaten didate “serio” agertzen naizela telebistan. Tamalez, albisteak ez ditut nik aukeratzen. Gustatuko litzaidake gerra amaitu dela, berdintasuna lortu dugula eta euskarak hizkuntza gutxitua izateari utzi diola kontatzea. Baina, gertatzen ari dena kontatzea da gure lana. eta azkenaldian hankaz gora dago mundua. 10 lagunetik 3k albistegiak ikusteari eta egunkariak irakurtzeari utzi diote, antsietaterik ez sentitzeko. Deigarria egiten zait hori, denok dakigulako mundua ez dela arrosa kolorekoa. Errealitateari lepoa emateak ez du mundua hobea egiten. Begiak ixteak ez du arazoa desagerrarazten. Desinformatuta egotea inoiz ez da konponbidea