13 OCT. 2024 ARGAZKI ERREPORTAJEA Gaudiren gotorleku txiki bat Habanan (Ura Iturralde) Ura Iturralde Jose Rodriguez Fuster 1946ko abuztuan jaio zen Villa Claran (Kuba). Haren lan artistikoa batez ere pinturan, grabatuan, diseinu grafikoan eta zeramikan oinarritzen da. Bartzelonan Gaudiren obra ikusi ondoren, 1975ean bere etxea mosaiko koloretsuekin apaindu zuen, eta, amaitutakoan, ideiarekin bat egitera gonbidatu zituen bizilagunak. Honela, pixkanaka, Fusterlandia auzoa sortu zen Habanan. Denboran zehar bertako eta nazioarteko beste artista batzuen parte hartzearekin aberastu den arte proiektua da. Goitik ikusita, itxura berezia du Jose Fusterren etxeak. Denetariko sorkuntzak ikus daitezke, esanahi desberdina dutenak, baina guztiak zeramika zati txikiz osatuak eta Gaudiren estiloari fidelak direnak. Jose Fusterren etxea bisitatzea Gaudiren estilora gerturatzeko aukera bat da. Zeramika zati txikiz osatutako mosaikoak dira denak eta, gune turistiko izatetik urrun dagoen arren, gero eta turista gehiago bertaratzen da. Herri kubatarrarentzat sinbolikoak izan diren pertsonaien irudiak ikus daitezke, esaterako, lerroon gainean Hugo Chavez presidente venezuelarrari eskainitakoa. Fusterlandiak daukan hormarik famatuenetako bat azpiko irudian ikus daiteke, eskuinean, irudi desberdinek osatzen duten zeramikazko mosaikoa, hain zuzen.