7K - zazpika astekaria
IRITZIA

Lokatzetan


Behar-beharrezkoa izango zen, baina ederra eman digute Valentzia eta inguruko uholdeen kontura. Ez baita izan gertatutakoaren berri zabaltze soila, jardun etenezina baizik. Ekaitz eta ur jausiek eragindako kalteak aletzea baino, kalte eta zoritxarren putzuan lokaztuta, asteak eta asteak aritu zaizkigu tertulia, informatibo, eztabaida politiko eta gainerakoetan. Aldi berean munduko beste leku batzuetan sarraskigintzan ari diren gerrak eta triskantzak estali eta isilarazita.

Hurbiltasunaren arabera puzten edo ezerezten dugu beharbada gertaeren garrantzia, larritasuna edo lehentasuna. Baina, gertaera bera aztertzea baino, berriketan eta kuxkuxean jardutea da ezinbestekoa, eta horretatik eskaini digute oparo. Bai baita inoren kaltean onura propioa bilatzen aritzen denik ere. Halakoxea da, dirudienez, giza izaera, heziketarik txukunenak ere erabat aldatu eta bideratu ezin duena. Dena den, azkenean, halako batean, errua nori egotzi ebaztea zail samar zegoela iritzita-edo, hasi ziren hondamendiaren ondorioez eta konponketaz.

Nola konpontzen dira, ordea, honenbeste hildako, eta bizidunen hainbesteko galerak? Urak eramandako ondasunak nola ekartzen dira atzera lehenera? Nola sendatzen da hainbeste etxetako horretarainoko mina? Diruak ez baitu dena konpontzen; ezin du. Hondamendi egoeragatik emandako ezohiko bitarteko guztiek ere ez; boluntarioek, suhiltzaileek, klase askotako uniformedunek ur lokaztua, lohia eta zaborra lekuz aldatzea baino asko gehiago agian ez dute egiten ahal. Psikologoak saldoan joan ohi dira halako gertaeren lekuetara, baina ez dakit iristen ote diren nahi eta behar adina egitera. Orduan, nola osatzen da desegin eta apurtuta geratu den guztia?

Dena galtzerainoko zoritxarrean ere sinesmena geratzen dela eta guztia ahal duen Jainkoari otoitz egiten erakusten zuen lehen elizak. Jainkoaren itzalpera makurtzen, alegia, eta haren hitz osagarria erregutzen: «Jauna, ni ez naiz nor… baina hitz bat esadazu eta sendatuko naiz». Oinazean eta ezbeharrean handitzen baitira haserrearekin bateratsu sinesmena eta nahia.

Eta ikusirik haserrea behintzat handia zela, espainiarren errege ahalguztiduna eraman zuten Valentziara, eta telebistaz erakutsi ziguten hondamendiaren erdian nola hitz egiten zien orain batari eta orain besteari eta nola konpontzen zuen dena eta sendatzen zituen guztiak.