bidaiari - bidaia aldizkaria

Tolosako babarrunetatik Gasteizko erara egindako babetara

Tolosako babarrunetatik Gasteizko erara egindako babetara. Horixe da Gasteizko Turismo Sailak diseinatuta duen ibilbide gastronomiko gustagarri eta erakargarria. Errezetak, historia, hitzordu gastronomiko¡ eta sekretuak biltzen ditu ibilbide berezi honek.

Babarrunak oso estimatuak dira, bai Euskal Herrian, bai kanpoan. (FOKU)

Lekaleak gustuko dituztenek aukera zabala dute Euskal Herrian. Babarruna, antzinako eran prestatuta, oso zabalduta dagoen janaria da, nahiz eta ezagunenak Tolosakoak, Gernikakoak eta Arabako babarrun nabarrak diren.

Gasteizko Turismo Sailak ibilbide gastronomiko gustagarria proposatzen du: Tolosako babarrunetatik Gasteizko erara egindako babetara. Hona hemen webguneko deskribapena, lagungarri izan daitekeena:
«Babarrunak prestatzeko errezeta bat baino gehiago dago, baina horietako gehienetan azak eta txerrikiak ditu lagun lekale honek. Guztietan ezagunenetakoak Tolosako babarrunak dira: Tolosaldeako eta Goierriko baratze txiki eta soroetan hazten da artoarekin batera, bere jatorriko lurretan, Amerikan, egiten den bezala. Ondoren, su txikian egosten dira hainbat orduz oliba olio apur batekin, eta azekin, Ibarrako piperrekin eta Goierriko odolki edo buzkantzekin batera ateratzen dira mahaira. Ernioren magaleko herrietan, babarrunetan espezializatutako jatetxe ugari daude. Horrez gainera, azaroan, Babarrunaren Astea ospatzen da Tolosan, eta azoka, hitzaldiak, jardunaldiak eta babarrun plateren lehiaketa egin ohi dute».

Putxerak

Gernikako babarrunak Tolosakoen oso antzekoak dira: beltzak, azal leunekoak eta oso mamitsuak. Biek Eusko Labela, Eusko Jaurlaritzak ematen duen kalitate-egiaztagiria, daukate. Hala ere, Bizkaian bada baba edo babarrunekin prestatzen den beste plater ezagun bat: putxera (eltzekoa). Azpian txingarrak gordetzeko txoko bat duen ontzi berezi batetik datorkio izena. Ontzi hori trenbideetako langileek erabiltzen zuten; etxean babak apur bat egosten zituzten eta ontzi horretan lanera eramaten zituzten, goizean zehar erabat egin zitezen. Enkarterri aldean, oraindik ere erabiltzen dute ontzi hori eta Balmasedan, adibidez, putxera lehiaketa egiten dute urriaren erdialdean.

Bizkaitik Arabara egingo dugu, bertako babarrun nabarra ezagutu eta probatzeko. Honek ere, Tolosakoak eta Gernikakoak bezala, kalitatearen zigilua dauka. Lekale honi buruzko azoka urriko bigarren igandean egin ohi da Pobes herrian (Erriberagoitia). Indabak udazkeneko produktuak dira, baina udaberrian baba freskoak dira oso preziatuak. Garai batean, babazorro hitza (baba asko jaten dituena) irain handia zen, baina orain jendeak gustura jaten ditu lekale horiek. Gasteizen, aspalditik prestatzen dituzte modu honetara: egosi, zartaginean pasatako urdaiazpiko eta hirugihar pixka batekin nahastu eta salda loditu arte su txikian egosten uzten dute. Bizkaian, ostera, potxa deitzen zaie baba freskoei, eta tipulinarekin eta piperrarekin prestatzen dituzte.