bidaiari - bidaia aldizkaria

Dominikar Errepublikako turismo sektorea, oso kezkatuta sargazoen arazoarekin

Dominikar Errepublikan, Santo Domingoko Malekoiko urak ilunduta daude azkanaldiotan, sargazoz gainezka. Traktoreak lanean daude, goiz eta arratsaldez, ahalik eta alga gehien bildu nahian. Alferrik.

Turistak, itsasoari begira algaz inguraturik. (Felix LEON | AFP)

Ahaleginak egin arren, Dominikar Errepublikan turismoaz bizi direnak oso kezkatuta daude kostaldea sargazoz beteta dagoelako. Oraingoz, Santo Domingo eta San Pedro de Macorís dira kaltetuenak, herrialdearen hegoaldeko kostaldean, hondartzetan usteltzen diren algek usain txarra zabaltzen dutelako.

Ekialdean, aldiz, kalteak txikiagoak dira. Han daude Altagraziako probintzian, Punta Cana eta La Romanako bainuetxe ospetsuak.

Nolanahi ere, Turismo Ministeritzan jasotako azken txostenen arabera, gune turistiko horretako hondartza kontrolatuen %42,5ean algak daude. Urtarrilean, aldiz, %25 bakarrik zeuden kaltetuta.

Kopurua handituz joango omen da

Urtarriletik martxora bitartean 24 milioi tona alga iritsi ziren Dominikar Errepublikako kostaldera; iaz, berriz, 14 milioi tona. Eta adituek iragartzen dute kopuruak handitzen jarraituko duela.

«Duela hamar urte, hiru hilabetetan bakarrik ikusten genituen sargazoak, baina gaur egun martxotik azarora ia urte osoan daude hor», azaldu du Andrea Valcarcel itsas biologoak. Duela dozena bat urtetik, alga horiek Karibe, Guyana, Erdialdeko Amerika eta Mexikoko Golkora iristen ziren, baina baita Boli Kosta, Benin eta Togoko kostaldeetara ere.

Hostalaritzan jarduten dutenek, erabat kezkatuta, brigadak ordaintzen dituzte Punta Canan algak biltzeko, hondartzetako irudia ez baita erakargarri turistentzat.

David Llivre hotelen elkarteko presidentea ere oso kezkatuta dago «oztopo eta kalde ekonomiko handia delako. Hotel gehienek pairatzen dute arazoa eta hesietan inbertitzen ari dira, algen sarrera saihesteko. Itsasoan eta lehorrean ere garbiketak egiten dituzte».

Jakina denez, sargazoek biodibertsitatea itotzen dute, eta osasun-arazoak sortzen dituzte gas kaltegarriak askatzen dituztelako (hidrogeno sulfuroa, amoniakoa...), deskonposiziotik eratorritakoak. Eta, noski, kalte ekonomikoez gain, ingurumenari ere eragiten dio.