21 JUIL. 2023 Atxuriko bide berdean barrena Atxuriko bide berdearen ibilaldia da Gasteizko Turismo Sailak proposatzen dituen irteerako bat. Zehazki, Mungian hasi eta Artebakarra mendi-hegalean bukatzen da. Ondorengo lerroetan jaso ditugu webgunean bildutako xehetasunak. Landetxo Goikoa baserria. (Gasteizko Turismo Saila) Bidaiari XIX. mendearen bukaeran hasi zen funtzionatzen Sondika eta Mungia udalerriak lotzen zituen trena. Hamaika kilometroko ibilbidea egiten zuen, eta Asuarako, Txorierrirako eta Butroerako sarbideak hobetzea zuen xede nagusi. 1950eko hamarkadan tren elektrikoak lurrun-trena ordezkatu zuen, eta 1977. urtera arte martxan egon zen. Mungiako geltoki zaharreko aparkalekuan emango diogu hasiera Atxuriko bide berdeari. Uriguen parke ederrera iritsiko gara, eta han zuhaitz mota anitz (bertakoak zein exotikoak) eta Landetxo Goikoa XVI. mendeko baserria (Bizkaiko zaharrena dela diote adituek) ikusteko parada izango dugu. Horrez gainera, aisiarako gunea, haurrentzako jolastokia eta aparkaleku handia hartzen ditu Uriguen parkeak. Zabalondoko geralekura Ondoren, Atxuriko haraneko zelaiak zeharkatuko ditugu. Paseo horrek Zabalondoko geralekura (trenbide-pasagunea kudeatzen zuten langileen familiak bizi dira egun bertan) eta Atxuriko landa-gunera eramango gaitu. Bidean lasaitasuna da jaun eta jabe. Laukarizera doan eskualde-errepidea gurutzatu eta industriagunea inguratuko dugu asfaltozko bidearen amaierara iritsi arte. Bidearen azken zatia desberdina da. Butroe ibaiaren gainetik joango gara, bista ederrak lagun ditugula. Ibilbidea zelai batean bukatzen da, Artebakarra mendi-hegalean, hain zuzen ere.Hala ere, Landetxo Goikoan geldialdia egitea erabakitzen dutenek Bizkaiko baserri zaharrena ezagutzeko aukera paregabea izango dute. Bisita gidatu baten bitartez Euskal Herriko arkitektura zibilaren historia ezagutzeaz gain, gure kultura, tradizio eta folklorea ezagutuko dituzte. XVI. mendeko baserria Landetxo Goikoa baserria XVI. mendean eraiki zuten. Agian Euskal Herriko mendebalde osoan balio arkitektonikorik handiena duena izango da. Gaur egun arte oso ondo kontserbatua heldu zaigu, nahiz eta berriztapen lanak beharrezkoak izan diren. Baserria, basoko herria, bizilekua ez ezik lanlekua ere bazen; haren inguruan dena antolatzen zen. Landetxo Goikoa fabrika baten antzekoa da. Baserria fabrika bat izateaz gain, tenplu edo gune sakratua zen, magia, mitoak eta sineskerak biltzen zituen tokia. Euskaldun guztientzat instituzio oso garrantzitsua zen eta da. Landetxo Goikoa baserriak hainbat erakusketa antolatzen ditu, beti ere gure kulturaren ingurukoak.