bidaiari - bidaia aldizkaria

Bilboko kaleak, koloretsuago eta alaiago “Eszena kalera”ri esker

Iraila garai aproposa da Bilboko kaleetan barrena pasieran ibiltzeko, “Eszena kalera” topaketei esker, arte eszenikoz bustitzen baitira hiriko plaza eta txokoak, giroa alaituz eta koloreztatuz. Aurten 34 ikuskizunez gozatu ahalko dute irailaren 1etik 30era bitartean bertaratzen direnek.

Aurtengo edizioko kartela. (Bilboko Udala.)

Euskal Herriko kaleko arteen «zirkuiturik handiena» da ‘Eszena Kalera’, urtero hiriko hamaika plaza eta kaletara arte eszenikoak eramaten dituen jaialdia. 20 euskal konpainiek hartuko dute hainbat diziplinatako ikuskizunekin –hala nola zirkua, dantza, folklorea, pailazoak, haurrentzako dantzaldiak eta kale antzerkia–. Guztira, 34 emanaldi eskainiko dira.

Antolatzaileen esanetan, edizio honetan aipagarriak dira, alde batetik, «euskararen aldeko apustua» –sei ikuskizun euskaraz izango dira, bat elebiduna, bi gaztelaniaz eta 12 testurik gabe– eta, bestetik, programatutako konpainietan «emakume artisten presentzia garrantzitsua.

«Hurbileko kultur sareari babesa»

Mota honetako ekimenekin, Bilboko Udalak «hurbileko kultur sareari emandako babesa» indartu nahi du, euren lana erakusteko espazioak eskainiz, eta kultura Bilboko auzoetara «hurbiltzeko apustua» egin.“Eszena Kalera”ren programazio osoa doakoa da, eta kaleko ikuskizun horiek esparru irekietan eskaintzen dira, aldez aurretik sarrera erreserbatu beharrik gabe.

Programatutako proposamenen artean honako hauek daude, besteak beste: Trapu Zaharrak, Santi Ugalde telebista aktorearekin, “¡Dale Ramón!” lan berria aurkeztuko duena Castaños, Txurdinaga eta Olabeaga auzoetan; Ganso & Cia “Panoli kabareta” lanarekin, Indautxu eta Uribarrin; Malas Compañías Zirko Taldea, konpainia gisa egindako ibilbideari amaiera emango diona “Zirkus” ikuskizunaren azken emanaldiarekin, irailaren 23an, Errekaldeko plazan. Dantza garaikidea ere izango da ikusgai: Qabalum ‘La medida que nos ha de dividir’ ikuskizunarekin, eta Ertza, ‘Meeting point” lanarekin, adibidez.