bidaiari - bidaia aldizkaria

Donostiako Aquariumean, inoiz baino bisitari gehiago udan zehar

Donostiako Aquariumak inoiz baino bisitari gehiago izan ditu uztailean eta abuztuan zehar, azken urteotako joera mantenduz. Guztira, 110.868 lagun hurbildu dira museora, iaz baino %12 gehiago. Gehienak (%59) atzerritarrak izan dira.

Bermiu izeneko dortoka, Akuariumak itsasoratu berri duen dortoka. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Donostiako Aquariumak 110.868 bisitari izan ditu uztailean eta abuztuan, jende gehien biltzen dituzten hilabeteetan, alegia, 2022an baino %12 gehiago. Zehazkiago, uztailean 47.812 pertsona sartu dira museoa bisitatzera, eta abuztuan, berriz, 63.056, 2000tik izan den udarik hoberenean.

Aquariumeko arduradunak, jakina, pozik daude azken datuekin. Eta, jakinarazi dutenez, bisitarien jatorria kontuan izanda, %59 atzerritarrak izan dira, eta frantsesak bisitarien %32,35. Ondoren datoz Erresuma Batua (%4,70), 5.210 bisitariekin, AEB (%2,88), 3.192 lagunekin, eta Alemania eta Herbehereak (%2na).

Euskal Herrikoak ere bai

Uda honetan tokiko bisitarien kopurua nabarmen handitu dela azpimarratu dute, Euskal Herriko 27.938 lagunek bisitatu baitute Donostiako Aquariuma uztailean eta abuztuan. Espainiako Estatuko bisitariei dagokienez, berriz, Madrildik (%3) eta Errioxatik (%1,61) heldutako bisitariak nabarmendu dira.

Gainera, 2023 «oso urte on» izaten ari dela adierazi dute. Izan ere, udako emaitzei gehitu behar zaie udaberrian eskola taldeek izan duten gorakada nabarmena: 2023an, 262.102 bisitari metatu dira, kopururik onena 2000tik.

Beraz, azken urteotan sumatu den gorakada handitzen ari da urtetik urtera, bisitarien kopurua nabarmen ari baita igotzen. Eta, gainera, aurreikuspenak ere antzekoak dira datozen denboraldietarako.

Aquariumak, gainera, Bermiu izeneko dortoka itsasoratu berri du, hiru hilabetez bere instalazioetan zaindu eta gero. Caretta Caretta espezieko itsas dortoka da, maiatz amaieran Bermeoko portutik bost itsas miliatara flotatzen aurkitu zutena, eta indarberritu ondoren, itsasoan askatu dute berriz.