07 SEPT. 2023 Gasteiz, magiaren hiriburu Urtero, irailean, Gasteiz magiaren topaleku bihurtzen da zenbait egunez. Kaleak, plazak, dendak, antzokiak... zirrikitu guztietara iristen da ilusioa, hiria kolorez eta irrifarrez zipriztinduz. Aurten irailaren 11tik 17ra arte izango da. Aurtengo edizioko kartela. (Gasteizko Udaletxea) Bidaiari Zazpi egunez, irailaren 11tik 17ra, magia eta ikusioz beteko dira berriz Gasteizko kale eta txokoak, Magialdiaren XXXV. edizioaren eskutik. Urtero bezala, zaletasun orotarako ekitaldiz osatutako egitarau zabala jasoko du hiriak. Ekitaldi gehienak publiko orokorrari zuzenduta daude eta doakoak dira. Beste ekitaldi batzuk, ordea, profesionalentzat bakarrik izango dira. Horien artean, gertuko magia-ibilbideak, magia erakusleihoetan eta galak nabarmentzen dira. «Jaialdi honek interes handia pizten du gure mugetatik kanpo eta nazioarteko erakusleiho handia da gure hiriarentzat. Horren adibide gisa, NHK telebista publiko japoniarreko lantalde bat Gasteizera etorriko da, jaialdiaren jarraipena egitera, eta hiriari eta Magialdiari buruzko programa berezi bat eskainiko du Japonian», adierazi dute antolatzaileek. 42 profesional Gainera, Nazioarteko Jaialdiaren edizio honetan magiaren munduko 42 profesional izango dira, hainbat lekutatik etorritakoak. Artista horiek berariaz etorriko dira Gasteizera, Magialdian parte hartzera. Hori dela eta, jaialdi honetan bakarrik gozatu ahal izango dugu artista-zerrenda hortaz. Profesionalei dagokienez, Estatuko eta beste herrialde batzuetako ia 500 kongresukide bilduko dira. Europa Kongresu Jauregian egingo duten programa profesionalean parte hartuko dute. Egitaraua Hona hemen aurten parte hartuko dutenen zerrenda: Armando Lucero (AEB); Soy Rada, Michel, Christian Miro, Iñaki Zabaletta, Hernan Macagno eta Ignacio Lopez (Argentina); Aurelio Paviato, Giancarlo Scalia, Gianfranco Preverino eta Giovix (Italia); Young Min (Hego Korea); Adrien Quillien, Aegon (Frantzia); Ondrej Psenicka (Txekiako Errepublika); Shimpei eta Jonio (Japonia); Gisell (Peru); Ben Daggers (Ingalaterra); Alain Simonov (Brasil); eta Karim, Woody Aragon, Gonzalo Albiñana, Luis Martinez, Juan Colas, Miguel Angel Gea, Isaac Jurado, Jordi Cami, Joshua Kennet, Miguel Gomez, Asier Kidam, David Navares, Peio Rivas, Alexku eta Dala Illusions (Espainiako Estatua).