bidaiari - bidaia aldizkaria

Bizkaiko museoetan, bisitari kopuruak gorantz egin du udan

Bizkaiko Diputazioak kudeatzen dituen museo eta kulturguneek  27.371 bisitari izan dituzte uztailean eta abuztuan; beraz, «aurreikuspenak gainditu dituzte uda honetan». Eta, gainera, azkenaldiotako joera ikusita, zifrak handituz joango dira.

Turista asko pasa dira Guggenheim aurretik. (Monica DEL VALLE | FOKU)

Bizkaiko museo eta kulturguneek izandako bisitek gora egin dute udan. Diputazioak eskainitako datuen arabera, %8 gehitu dute bisitarien kopurua honako museo hauek: Arkeologia Museoak, Arrantzaleen Museoak, Euskal Herria Museoak, El Pobal Burdinolak, Omako Basoak, Santimamiñek, Ondare Aretoak, Errekalde Aretoak, Muñatones Gazteluak, Txakolin Museoa-Txakolinguneak eta La Encartada Fabrika-Museoak.

Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoa eta Bilboko Arkeologia Museoa izan dira uztailean eta abuztuan bisitari gehien izan dituztenak; Euskal Herria Museoak %17 egin du gora 2022rekin alderatuta, eta Arkeologia Museoak, berriz, 2009an ireki zenetik bisitari errekor berria lortu du, 3.802 bisitarirekin. Gune interesgarrien artean, Kortezubiko Santimamiñe kobak %25eko igoera izan du udako bi hilabeteetan.

Halaber, datorren udazkenean ofizialki ireki aurretik Kortezubiko Omako Basoari eman zaion bultzada nabarmendu du Bizkaiko Aldundiak, «harrera bikaina» izan baitu basoaren sorkuntza prozesurako bisita gidatuen programazioak, uztailean eta abuztuan 1.197 pertsona bilduta. Bisita programa hori amaitu dago, eta une honetan Omako Basoa itxita dago udazkenean ireki arte.

Bizkaiko museo eta aretoek egitarau zabala jarri dute publikoaren eskura, 400 jarduera baino gehiagorekin, hala nola ikuskizunak, tailerrak, bisita gidatuak edota artegileekin topaketak. «Eskaintza erakargarria, askotarikoa eta kalitatezkoa da, eta gero eta jende gehiagok aukeratzen du. Jende asko hurreratu da ekitaldi horietara», nabarmendu dute.

Jatorriari dagokionez, museoetara hurbildu diren bisitari gehienak Euskal Herrikoak bertakoak izan dira, eta ondoren Espainiakoak, Frantziakoak, Italiakoak Alemaniakoak, Asiakoak, Afrikakoak Ozeaniakoak, Ipar Amerikakoak, Hego Amerikakoak eta Erdialdeko Amerikakoak, besteak beste.

Programazioa, aurrera

Bizkaiko foru museoen aurtengo programazioak aurrera darrai. Horrela, Bermeoko Arrantzaleen Museoak urtea amaitu arte jarraituko du bere 75. urteurrena ospatzeko jarduerekin, eta Bakioko Txakolin Museoa-Txakolinguneak udalerriko margolarien lanak ezagutzeko aukera emango du “Bakioko Margozaleak” erakusketan.

“Megalitoak”

Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoak erakusketa iraunkorrerako bisitak eskainiko ditu, hala nola ‘Euskal Kultura’ edo ‘Emakumeen artean paseatzen’, baita ikasleentzako eta familientzako tailerrak ere. Bilboko Arkeologia Museoan, berriz, Euskal Herriko megalitismoari buruzko ‘Megalitoak’ erakusketa dago ikusgai.

Halaber, Muskizko El Pobaleko Burdinolan irailean antolatutako ekintzen artean ‘Muskizko San Julian elizan grabatutako itsasontziak’ erakusketa eta Pobeñarako irteera nabarmentzen dira. Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoak fabrikarako bisita gidatuak antolatzen jarraituko du, ditu eta ‘Materia, ofizioa eta arima’ izeneko aldi baterako erakusketa eskainiko du, ACT Ehungintza Sortzeko Elkartearekin elkarlanean.

Azkenik, Bilbon, Ondare Aretoan Jose Manuel Rozas margolariaren erakusketa dago ikusgai, eta Rekalde Aretoak 'Ertibil Bizkaia' arte bisualen erakusketa ibiltaria hartu du.