bidaiari - bidaia aldizkaria

Hiri Elikagaien 16. Topaketa

Gasteizko hainbat lekutan urriaren 17tik 21era egingo den Hiri Elikagaien 16. Topaketak Basaldea baratzezaintza ekologikoko enpresen udal zentroko ekoizleak izango ditu ardatz. Lehen sektorea gehiago ezagutzeko gogoa duten herritar guztiak daude gonbidatuta.

Lehen sektorearen garrantzia azpimarratuko du topaketak. (Getty)

Gasteizko Udalaren esanetan, Hiri Elikagaien Topaketaren helburua da hasieratik elikadurara hurbiltzeko aukera eskaintzea eta, ondorioz, lehen mailako ekoizpenean lan egiten duten pertsonen funtsezko lana aitortzea. Aurtengo edizioan hiru jarduera egingo dira, eta lehen sektorea gehiago ezagutzeko gogoa duten pertsona guztiak daude gonbidatuta.

Topaketa urriaren 17an, 18:00etan, hasiko da, Olarizuko Lorategi Botanikoko Etxaldean, Biolur Gipuzkoako Nekazaritza Ekologikoaren Elkarteak eskainitako hitzaldi eta mahai-inguru batekin. Baratzezaintzako ekoizpen ekologikoaren bideragarritasunari buruzko azterlanaren ondorioak aurkeztuko dira bertan.

Hilaren 18an, “Ekin Breakfast” saio bat egingo da eta, betiere ekintzailetzari begira, lehen sektorean hasi diren pertsonei buruz arituko dira bertan. Ekitaldia edonorentzat zabalik dago, lekua bete arte, Erdi Aroko Hiriguneko Enpresen Udal Zentroan, 18:00etan.

“Hazi Liburutegiak”

Hirugarren jarduera urriaren 19an izango da, beste hitzaldi eta mahai-inguru batekin, ordu berean, Olarizuko Etxaldean. Aragoiko Hazien Sareak hartuko du parte, eta “Hazi Liburutegiak” proiektua azalduko du. Era askotako haziak partekatzeko eta trukatzeko ekimena da, jendea erakartzen duten eremuetan, hala nola liburutegietan.

Aurtengo ekitaldia amaitzeko, dibulgazio jardunaldia ez ezik, jaia ere izango da urriaren 21ean, 10:00etatik aurrera. Basaldea Baratzezaintza ekologikoko enpresen mintegiak herritar guztiei irekiko dizkie ateak.

Bisita gidatuak egingo dira mintegiko lursailetara, ekoizleek zuzenduta, baita animalien trakzioa duen laborantza tradizionaleko lagin bat eta tokiko produktuen merkatua ere, guztia musika animazioarekin. Abetxuku auzotik abiatuta, Zurrunka antzerki konpainiak bere ikuskizun ibiltaria eramango du Basaldearantz, eta bidean dauden guztiak gonbidatuko ditu. Topaketa amaitzeko, Slow Food Arabaren eskutik dastaketa izango da.