17 OCT. 2023 Bilboko Open House jaialdiak 28.000 bisitari izan ditu zazpigarren edizioan Bizkaia Dorrea eta Ibaigane eta Olabarri jauregia izan dira eraikinik bisitatuenak Open House Bilbao ekimenaren aurtengo edizioan. Iitsasadarrean zehar egindako ibilbideek ere izan dute harrera ona herritarren artean. Guztira, 28.000 bisitari izan ditu. Aurtengo edizioko kartela. (Bilboko Open House) Bidaiari Open House Bilbao arkitekturaren eta hirigintzaren inguruko jaialdiaren zazpigarren edizioak 28.000 bisitari izan ditu. “Hiri (ez)materiala” goiburupean, normalean herritarrentzat zabalik ez dauden edo ezezagunak diren 66 espazioren ateak ireki dira asteburuan zehar, eta hainbat jarduera, ibilbide eta tailer ere antolatu dira. Gainera, 600dik gora bolondres aritu dira jaialdiaren antolaketan laguntzen. Bilboko Udaletik jakinarazi dutenez, Bizkaia Dorrea eta Ibaigane eta Olabarri jauregiak izan dira eraikinik bisitatuenak aurtengo edizioan. Era berean, interes handia piztu dute itsasadarrean zehar egindako ibilbideek, autore bisitek (IED Kunsthal Bilbao, Elorrietako itsasadarreko bazterra eta RABE arkitektura espazioa) eta familientzako tailerrek. Jaialdi bat baino «askoz gehiago» Antolatzaileen arabera, Open House arkitekturari buruzko jaialdia baino «askoz gehiago» da. «Herritarrek beren hiriaz jabetu ahal izateko aukera bat da, arkitekturaren eta hirigintzaren bidez», gaineratu dute. OUT elkarteak diseinatu eta antolatutako ekitaldia da Open House. OUT irabazi asmorik gabeko elkarte bat da, tokikoa, hiri berritzean, arkitekturan eta herritarren parte hartzean interesa duten arkitekto gazteek eratua. Ekimenak azken urteotan izandako erantzuna ikusita, argi dago herritarrek gustuko dutela normalean ateak itxita dituzten tokietara sartzea. Bisitari gehienek uste dute mantendu beharreko ekimen interesgarria dela.