18 OCT. 2023 Olarizuko lorategia, Jardunaldi Botanikoen lehen edizioaren eszenatoki Olarizuko lorategi botanikoan P.M. Uribe Echebarria Jardunaldi Botanikoen lehen edizioa egingo dute urriaren 26tik 29ra bitarte. Ezbehar baten ondorioz orain 10 urte hil zen botanikari arabarra omenduko dute. Horretarako, egitarau anitz eta zabala prestatu dute antolatzaileek. Olarizuko parke botanikoa. (Gasteizko Udala.) Bidaiari Urriaren 26tik 29ra bitarte ospatuko den P.M. Uribe Echebarria Jardunaldi Botanikoen lehen edizioa honako elkarte hauek antolatu dute: Olarizuko lorategi botanikoak, Arabako Natur Zientzien Museoak, Arabako Natur Institutuak (ANI), Alavesiak eta Arabako Natur Zientzien Museoaren Lagunen Elkarteak. Topaketak uskal Herrian eta inguruko beste lurralde batzuetan botanikaren arloan lan egiten duten pertsonak bilduko ditu, haien azterlanak, proiektuak, berrikuntzak eta etorkizunerako erronkak partekatzeko aukera izan dezaten. Saio profesional horiek osatzeko, herritarrentzat zabalik egongo diren dibulgazio-jardueren egitarau oparoa eskainiko da. «Jardunaldi hauen bidez, botanikari arabar bikain honi omenaldia egingo diogu, ikerlarien, teknikarien, kudeatzaileen eta dibulgatzaileen partehartzearekin. Gainera, publikoari aukera eskainiko diogu gure inguruko baliabide botaniko eta bilduma nagusiak gertu-gertutik ezagutzeko», adierazi dute Gasteizko Ingurumen Sailetik. Jardunaldietan zehar balioa emango zaie beste alderdi batzuei ere: botanika eta florari, landarediari eta, oro har, biologia begetalari lotutako ezagutza sortzeari, gaur egungo mundu mailako aldaketako testuinguruan kokatuta. Historia Naturaleko bildumak eta herbarioak ere hizpide izango dira jardunaldietan, ezagutza hori sortzen, antolatzen eta hobetzen jarraitzeko oinarrizko tresnak eta ikerketarako, plangintzarako, kudeaketarako eta lurraldearen antolamendurako lehen mailako informazio-iturriak baitira. Bestalde, germoplasma-bankuen garrantzia eta mehatxatutako eta babestutako floraren eta bioaniztasunaren galeraren aurrean haien habitaten kudeaketan eta kontserbazioan betetzen duten funtzioa ere landuko dituzte. Aldi berean, landare-bioaniztasunarekin lotutako ezagutza, balioa, funtzioak eta erabilerak hedatzeko eta zabaltzeko gune gisa natur zientzien museoek eta lorategi botanikoek duten garrantzia jorratuko dute. Bestalde, hizpide izango da gizarte jasangarriagoa lortzeko trantsizioan horiek kontserbatzearen beharra. EgitarauaJardunaldiak urriaren 26an hasiko dira Euskal Herriko botanikaren bilakaera historikoari buruzko inaugurazio-konferentziarekin. Jarraian, egungo egoerari buruzko mahai-ingurua egingo dute. Ondoren, komunikazio zientifiko teknikoen saioa egingo dute. Arratsaldean, Arabako Natura Zientzien Museoan P.M. Uribe-Echebarriaren bizitzari eta lanari eskainitako erakusketa inauguratuko da eta Alavesiako kideek erakusketara bisita gidatua eskainiko dute. Urriaren 27an, VIT Herbarioa bisitatzeko aukera izango da. Bisita egungo kontserbatzaileek zuzenduko dute. Urriaren 28an, goizean, Olarizuko lorategi botanikoan bi interpretazio-ibilbide antolatu dituzte. Helburua izango da bertako landare bizien bildumak eta germoplasma-bankuaren instalazioak (lorategi botanikoaren atzealdea) ezagutaraztea. Olarizuko lorategi botanikoko ingurumen arloko hezitzaile aditu batek eta kontserbatzaile batek ekarpenak egingo dituzte, hurrenez hurren. Euskaraz eta gaztelaniaz izango dira.Egitasmoari amaiera emateko, urriaren 29an, Arabako erdiguneko eta hegoaldeko habitat nagusietako flora eta landaredia interpretatzeko txango botanikoa egingo da, Arabako Natur Institutuaren presidentearen eskutik. Txangoan, trantsizio-eskualdeak, Arabako mendialdea eta lautada zeharkatuko dituzte, Izkiko parke naturalean bukatuz.