31 OCT. 2023 Zuhaitz landaketa, Urdaibain Azaroaren 11n zuhaitz landaketa egingo da Urdaibain, “BBK Mendi Martxak 2023” ekimenaren barnean. Egun batzuk lehenago, hilaren 3an, “Del mar a la montaña, nostalgia y oportunidad ante el cambio global” hitzaldia eskainiko du Fernando Valladares biologo eta ikertzaileak Mungiako Torrebillela kultur etxean. Urdaibai. (L. Jauregialtzo | FOKU) Bidaiari “BBK Mendi Martxak 2023” ekimena azken txanpan sartu da eta proiektua abiatzean bere buruari ezarri zion ingurumen erronka aktibatu du, hau da, ekimenak sortutako CO2 isuriak konpentsatzea. Horretarako, azaroaren 11n zuhaitz landaketa egingo da Urdaibain, aurtengo ekimena ere karbono aldetik ekimen neutroa izan dadin, iaz bezala, Pagasarrin 100 bat gorosti landatu izanari esker, BBK-ko iturriek jakinarazi dutenez. Oraingoan aukeratutako kokapena Gerekiz ingurua da, Muxikan, Urdaibaiko Biosferaren Erreserba barruan. Gerekiz gainera iristeko bidea autobusez egingo da, 09:00etan Mungiako Matxin plazatik irtenda. Lurgaia Fundazioarekin lankidetzan, 09:00etatik 14:00etara, Bizkaiaren ezaugarri diren baso mistoetako espezie batzuen 300 zuhaitz eta zuhaixka inguru landatuko dira, hala nola haritzak, urkiak, hurritzak, gorostiak, basa sagarrondoak, mendiko zumarrak, lizarrak edo elorri zuriak. Jardueran parte hartzea doakoa da, aldez aurretik Bizkaiko Mendizale Federazioaren webgunean izena emanda.Zuhaitz landaketaren aurretik, azaroaren 5ean, “BBK Mendi Martxak” ekimenaren denboraldiko azkenaurreko igoera egingo da, Jata mendira. Aurretik, ostiralean, hilaren 3an, “Del mar a la montaña, nostalgia y oportunidad ante el cambio global” hitzaldia eskainiko du Fernando Valladares biologo eta ikertzaileak Mungiako Torrebillela kultur etxean.Zaborra bildu Jatarako igoera 17,2 kilometroko eta 598 metroko desnibeleko ibilaldi gidatua da. Taldea 09:00etan aterako da Mungiako Matxin plazatik, eta, martxa guztiak bezala, oraingoa ere inklusiboa izango da. Beraz, zailtasun tekniko handirik gabeko mendi bide eta bidezidorretan barrena izango da ibilbidea, edozein pertsonak seguru egiteko modukoa. Parte hartzaileek txakurrak ere eraman ditzakete. Ibilbidean zehar, mendizaleek zaborra bilduko dute, ibili ahala ingurune garbiagoa eta zainduagoa uzteko.Ibilaldia Tallu Mendizale-Mungialdeko Mendi Taldearekin elkarlanean antolatu da. Irteera egokia da jende guztiarentzat eta parte hartzea doakoa da, baina aldez aurretik izena eman behar da Bizkaiko Mendizale Federazioaren webgunearen bidez.