bidaiari - bidaia aldizkaria

Agurain-Irurtzun bizikleta bidea, zazpi hilabetetan erabilgarri

Agurain eta Irurtzun arteko bizikleta bidea egina izango da zazpi hilabetetan. Guztira, 63 kilometro izango ditu ibilbideak. Era honetan, Arabako eta Nafarroako bizikleta sareak lotuko dira, Lautadako eta Sakanako korridoreen bidez.

63 kilometro izango ditu ibilbideak. (Getty Images)

Arabako Diputazioak Agurain eta Irurtzun arteko bizikleta bideko obrak kontratatzea onetsi du. Lanak egiteko epea zazpi hilabetekoa izango da. Araban egingo den esku-hartzea 16,8 kilometrokoa izango da, eta Arabatik zein Nafarroatik igaroko den ibilbideak 63 kilometro izango ditu guztira.

Foru erakundeko arduradunen arabera, jarduera horrekin, Arabako eta Nafarroako bizikleta sareak lotuko dira, Lautadako eta Sakanako korridoreen bidez. Zalduondo, Araia eta Egino herriak lotuko ditu ibilbideak.

Bizikleta bideak igaroko dituen bide mota ezberdinak egokitzeko egingo dira obrak, hau da, hiri bideak, nekazaritza bideak, errepide zatiak eta ibilbide berriak, hala nola Eginoko bidea eta San Pedrokoa.

Bizikleta elektrikoentzako karga estazioak

Halaber, proiektatutako lanen artean daude bizikleten aparkaleku seguruak eta bizikleta elektrikoentzako karga estazioak ezartzea. Era berean, ibilbide osoa seinaleztatuko da, ibilbidean zehar informazio panelak jarriz, eta seinale horizontalak erabiliko dira hiri tarteetan.

Arabako Aldundiarentzat, ibilbide berriak «interes estrategikoa» du mugikortasun jasangarria eta lurraldeen arteko konexioa bultzatzeko, bizikleta bezalako «modu bigunen» bidez, eta Eurovelo Europako Bizikleta Sarearekin lotzeko aukera eskainiko dio Arabari.

Arabako Ibilbide Berdeen eta Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialak azpiegiturak egokitzea jasotzen du bere jarduketa ildo estrategikoen artean, motorrik gabeko, oinezko eta bizikleta bidezko irisgarritasuna sustatzeko.