bidaiari - bidaia aldizkaria

Lurpeko tunel bat egin nahi dute Txinako Harresi Handia babesteko

Txinako agintariek 430 milioi yuan (56 milioi euro) inbertitu ditu Shandong ekialdeko probintzian Harresi Handia babestuko duen lurpeko tunel bat eraikitzeko. Errepide nagusi bat handitzeko proiektuak kalteak eragin ditzake harresian eta erabakiak polemika piztu du.

Tunel bat egin nahi dute harresi zati bat babesteko. (Getty Images)

Qi dinastiako Harresi Handiaren zati bat 50 metrotan hedatzen da Huang mendian, Qingdao hiriaren ekialdean, eta 204 errepide nazionala hedatzeko eta berreraikitzeko proiektu baten parte da, tokiko hedabideek jakitera eman dutenez.

Errepide horrek 19,8 kilometroko luzera du guztira, eta ezinbesteko arteria da Txinako kostaldean, Yantai eta Shanghai hiriak lotzen baititu.

Errepidea inguratzen duen barrutiaren hazkunde azkarraren ondorioz, azken urteetan auto-pilaketak areagotu egin dira, eta horrek handitzearen beharra bultzatu zuen probintzietako agintarien artean. Baina Harresi Handia proiektuaren barruan dagoenez, erabaki zuten 3 kilometro inguruko tunel bat eraikitzea, tarte hori azpiegituratik babesteko.

Babesa eta ekonomiaren oreka

Tunela eraikitzeko erabakiak nolabaiteko eztabaida sortu badu ere, tokiko agintariek nabarmendu dute kultur ondarearen babesaren eta garapen ekonomikoaren arteko oreka aurkitzeko beharra dagoela.

Harresi Handia herrialdeko ondare garrantzitsuenetakotzat jotzen dute txinatarrek, eta milioika bisita jasotzen ditu urtero. Horregatik, irailean, Txinako poliziak bi pertsona atxilotu zituen, Harresi Handiko sekzio bati kalte larriak eragiteagatik, egituran zulo bat ireki zutelako makina astunak pasatzeko.

Nonbait, atxilotuek hondeamakina bat erabili zuten Shanxi erdialdeko probintziako harresiaren sekzioetako batean zulo handi bat irekitzeko, beren makineriaren joan-etorria errazteko, eta horrek polemika eragin du Asiako erraldoiaren sare sozialetan.