05 JAN. 2024 Guggenheim-ek 1.324.221 bisitari izan ditu 2023an, inoiz baino gehiago Bukatu berri den urtea erabateko errekorra izan da Guggenheim Bilbao Museoarentzat bisitariei dagokienez, 1.324.221 hartu baititu, 2022an baino 35.074 gehiago. Bisitari guztietatik 1.152.072 Euskal Autonomia Erkidegotik kanpokoak izan dira, museoko iturriek jakinarazi dutenez. Bilboko Guggenheim Museoa. (Aritz LOIOLA | FOKU) Bidaiari Museoak berreskuratu egin du pandemia aurretik zuen atzerriko bisitarien maila, eta guztizkoaren %60 izatera iritsi da (2022an baino %10 gehiago). Ehunekotan, publiko osoaren %16 Frantziar estatutik etorri da, %7 Alemaniatik, %6 Britainia Handitik, %6 AEBetatik eta %4 Italiatik. Espainiako Estatuan, EAEko bisitarien ondoren (%13), Madrildik eta Kataluniatik heldutakoak nabarmendu dira (%5na). Bilboko museoak 2023an publikoarentzat izan duen interesgune nagusietakoa programazio artistikoa izan da, «anbizio handikoa eta askotarikoa» izan baita. Bisitari kopuruari dagokionez, udako erakusketak nabarmendu dira: ‘Yayoi Kusama: 1945etik gaurdaino’, ‘Oskar Kokoschka. Vienako errebeldea’ eta ‘Lynette Yiadom-Boakye. Halako ilunabar bizirik’. Halaber, bisitari ugari erakartzen ari dira egun ikusgai dauden ‘Picasso eskultore. Materia eta gorputza’ (urtarrilaren 14an amaituko da) eta ‘Gego. Infinitua neurtzen’ (otsailaren 4an itxiko da).Eremu digitalean, webguneak 3.218.545 bisita izan ditu 2023an, 13.009.948 orrialde ikustalditan, eta sare sozialetan ere komunitatea eta eragina handituz doaz: 841.767 jarraitzaile Instagramen, 385.313 Facebooken eta 369.204, berriz, X-en.Hezkuntza Hezkuntza programei dagokienez, 2023an 76.406 pertsonak parte hartu dute Guggenheim Bilbao Museoak eskaintzen dituen aurrez aurreko eta sareko jardueretan, eta 997.710 bisitarik erabili dituzte gune didaktikoak. Familientzako programan 7.049 lagunek hartu dute parte, eta 12.607 helduk museoak eskainitako ikastaro, solasaldi, tailer, hitzaldi eta ikuskizun ugarietan. Halaber, 2023an ‘Wellbeing’ programa berritzailea jarri da martxan; artearen bidez ongizatea hobetzeko xedea duen ekimenak hainbat proposamen biltzen ditu, besteak beste, ‘Begirada Barez’, yoga saioak eta hitzaldiak, eta 500 pertsonak hartu dute parte bertan.Ikastetxeei dagokienez, 23.329 haurrek bisitatu dute museoa, eta Hezitzaileen Community edo irakasleentzako doako sareko komunitateak 3.4376 kide ditu jada. Era berean, museoaren gizarte programek 3.124 pertsonari eman die bertaratzeko aukera; programa horien baitan, nabarmentzekoa da bisita tailer mota berria abiatu dela: zaurgarritasun egoeran dauden edo desgaitasunen bat duten pertsonei museoa ezagutzeko aukera ematen die, baita beren gizarteratzea eta erresilientzia sustatzen dituzten sormen jardueretan parte hartzekoa ere.Komunitatea Museoko banako kideei dagokienez, 268.097 dira jada ‘Community’ edo museoak artearen eta kulturaren inguruan sortutako komunitatea osatzen duten pertsonak (aurreko urtean baino %40 gehiago). Taldeka banakatuz gero, 23.534 Museoaren Lagunak dira, 244.015 Jarraitzaileak eta 548 langabezian daudenei museora doan sartzeko aukera ematen dien Erdu programaren onuradunak. Bestalde, Guggenheim Bilbao Museoak 121 kide korporatiboren laguntza izan du 2023an. Funtsezko zutabea dira erakundearen finantzaketan, eta ‘Community’ko kide ere badira.«Museoaren programazioko hainbat erakusketak eta jarduerak enpresen babesa jaso dute. Enpresa horiek museoarekin duten konpromisoa harreman egonkor eta iraunkor baten erakusgarria da, eta haien ekarpen ekonomikoek garrantzi handia izan dute urteko aurrekontuaren finantzaketan. Izan ere, berretsi egiten da horrela erakundearen finantzaketa ereduak ongi funtzionatzen duela», azaldu dute museotik.