bidaiari - bidaia aldizkaria

‘Expodistrito’, Bilboko auzoak kolorez zipriztintzen dituen ekimena

Urtero bezala, Bilboko Udalak ‘Expodistrito’ programa antolatu du. Urtarrilaren 10ean abiatuko da eta apirilaren 11ra arte egongo da zabalik. Ekimenaren helburua da hiriko auzoetan zenbait artista berrien lanak izatea ikusgai. Horrela, auzoak kolorez zipriztinduta egongo dira zenbait hilabetez.

Aurtengo edizioko Kartela. (Bilbao.eus)

Bilboko Udalak antolatutako ‘Expodistrito’ aldi baterako doako erakusketen eskaintza hasiko da berriro urtarrilaren 10ean, argazkigintza, pintura eta marketeria proposamenak biltzen dituen edizio berriarekin.

Aurreko urteetan bezala, Bilboko auzoetako udaltegietan izango dira ‘Expodistrito’ jarduera osatzen duten erakusketak, hau da, San Inazio-Ibarrekolanda, Castaños, Otxarkoaga, Begoña, Santutxu, San Frantzisko, La Bolsa, Abando eta Errekalde udaltegietan, apirilaren 11ra arte, Bilboko Udalak jakinarazi duenez.

Asun Martinez Ezketa, Juan Armentia, Jose Vazquez, Maria Carmen Vazquez Varela, Iñaki Ortiz Viota, Felisa Urraca eta Josune Aranguren Zatika artisten lanak izango dira ikusgai. Gainera, Bizitegi elkarteak antolatutako argazki lehiaketara aurkeztu diren lanen erakusketa bat egingo da, baita Jose Luis Agreda arte zuzendariaren ‘Robot Dreams’ filmaren prozesu artistikoari buruzko beste bat ere.

Artistekin bisita gidatuak

Egitasmoak diharduen bitartean, artista batzuek erakusketetara bisita gidatuak eskainiko dituzte, lanak jendeari hurbiltzeko eta sormen prozesuen xehetasunak partekatzeko.

Aurtengo programan, Blas de Otero Fundazioak eskainitako Pablo Gallo artistak egindako 62 marrazki originalak egongo dira ikusgai.

Jarduera hauek apirilaren 11ra arte doan gozatu ahal izango dira bai goizez, bai arratsaldez.

Programa Bilboko Udaleko Kultura Arloaren ekimena da, eta Bilboko arte-adierazpenak deszentralizatu eta artista berrien lana jendaurrean aurkeztea du helburu. Aurten ere, ohikoa den bezala, erakusketak txandakatuz joango dira, eta horietako bakoitzaren data zehatzak kontsultatu ahal izango dira udal zentroetan bertan, kultur programazioa jasotzen duen webgunean eta 010 telefonoan.