bidaiari - bidaia aldizkaria

Bioterra, ‘Konpromiso ekologikoa’ lemapean

Produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren Bioterra azokaren 21. edizioa Irungo Ficoba erakusketa gunean egingo da ekainaren 7tik 9ra bitarte, ‘Konpromiso ekologikoa’ lemapean.

Iazko edizioko irudia. (Andoni CANELLADA | AFP)

Bioterra azokaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, abiatu zenetik 21 urte igaro direnean, azokak «komunitate gero eta zabalagoa du, eta ingurumena errespetatzen duten produktu eta zerbitzuekin konprometitua dagoen komunitate bat da, proposamen horiei buruzko informazioa jaso eta horietan sakondu nahi duena eta Bioterra ezinbesteko hitzordua duena».

Halaber, ziurtatu dute gizarteak «gero eta kontzientzia handiagoa» duela ingurumen gaien inguruan, eta, horren ondorioz, ia jarduera ekonomiko guztietara zabaltzen ari dela. Orain, ikuspegi nagusia da hainbat faktorek planetaren jasangarritasunean eragiten dutela eta gobernuek, nazioz gaindiko erakundeek edota enpresek ekintzak egin behar dituztela egoerari aurre egiteko. Gainera, egoerak «gutako bakoitzari ere eskatzen digu gure bizitzako ia alderdi guztietan kontuan izan dezagun».

Horregatik, Bioterra azokaren 21. edizioak ere «leiho bat ireki nahi dio aktibismoari», ingurumen arazoak konpontzeko gizarte mugimendu bat den aldetik, banaka izan nahiz kolektiboa izan.

Gainera, aurten azoka egunetako batean Ozeanoen Nazioarteko Eguna ospatuko denez, hainbat jarduera antolatzen ari dira «espezie guztien biziraupenerako itsasoa garrantzitsua dela azpimarratzeko, planetaren birika baita, oxigenoaren zati handi bat itsasotik sortzen delako».

Ingurumen hezkuntza

Eginbide jasangarriak ezagutzeko ingurumen hezkuntzako ekimenak ere izango dira. »Ekintza horien bidez, ekintza txikiek gure planetaren osasunean eragin handia izan dezaketela ikasi ahal izango dugu, azaldu dute.

Halaber, sukaldaritza ekologikoa da Bioterraren beste proposamen arrakastatsuenetako bat, aukera ematen duelako janari goxoak eta osasungarriak jateko eta ikusteko sukaldaritza ekologikoak gutxitu egiten duela elikaduraren inpaktua ingurumenean. Horrez gain, beste proposamen batzuk ere izango dira, modan edota etxean bertan ere bizimodu jasangarriago bat izateko, besteak beste.

«Izan ere, ikustera eta ezagutzera ez ezik, ikastera eta hausnartzera ere etorri behar da Bioterrara. Alde horretatik, kontua da akordio handiek, eguneroko ekintza eta erabaki txikiekin batera, Lurra leku jasangarriagoa izaten lagundu behar dutela», esan dute.