bidaiari - bidaia aldizkaria

Konstantino enperadorearen kolosoa, 3D inprimagailuekin berreraikita

Konstantino enperadore erromatarraren estatua kolosala 3D inprimagailuekin berreraiki dute. Enperadorearen 13 metroko irudia doan bisitatu ahal izango da Villa Caffarelliko lorategietan, Museo Kapitolinoen atzean.

Eskulturak 13 metroko altuera du. (TIZIANA FABI | AFP)

Konstantino enperadore erromatarraren proiektua urteetako lanaren emaitza da, eta «inplikatutako erakundeekin ikerketa, komunikazio eta lankidetza ariketa garrantzitsua», esan du Adam Lowek, Factum Foundation for Digital Technology-ko zuzendariak.

Eskultura zaharra ahalik eta fideltasun handienaz erreproduzitzeko, artistak Museo Kapitolinoetara joan ziren duela bi urte, «maila azpimilimetrikoetan» eskaneatzera, irudi kolosal horren hondarrak fotogrametria izeneko bereizmen handiko teknika batekin.

Jatorrizko eskulturatik oso pieza gutxi gelditzen dira: eskuineko besoa ukondoarekin, burua, eskuineko belauna, eskuineko eskua, bi oin eta bularreko pieza bat. Horiek guztiak museo erromatar honetara lekualdatu ziren 1486an eta, harrezkero, hainbat ikerketa egin dituzte.

Puzzle baten antzera

Ondoren, langileek 3D inprimatutako modeloak egin zituzten Madrilen, eta puzzle konplexu baten pieza gisa profitatu eta elkartu zituzten. Puzzle horrek lan zehatza egitera behartu zituen, erantzuna ahalik eta fidagarriena izan zedin.

«Eskultura garrantzitsua zen, mundu pagano eta kristauaren arteko mugan kokatzen zelako», azaldu du Claudio Parisi Presicce Erromako Udaleko Kultura Ondasunen superintendenteak. «Zati bakoitza aztertuta, konturatu ginen harriak eta marmolak jatorrizko eskulturaren muntaketaren arrastoak gordetzen dituztela» eta, horri esker, ikertzaileek ia milimetroan ezagutu ahal izan zuten pieza bakoitzaren kokapena.