bidaiari - bidaia aldizkaria

Agorregiko burdinola eta errota, martxan

Industria aurreko lanbideak ezagutzera ematez gain, antzinako errota eta burdinola nagusia martxan ikusteko aukera eskaintzen du berriz ere Agorregik, deboraldi berria zabaldu baita. Egia esan, aukera paregabea da Iturraran Parketxeko inguruak ezagutzeko.

Agorregi (Jon URBE | FOKU)

Agorregiko burdinola eta errota funtzionamenduan daude dagoeneko. Martxoaren hasieran eman zioten hasiera denboraldi berriari.

Iturraran Parketxetik hurbil daude Agorregiko burdinola eta errota. Bertara heltzeko Iturrarango aparkalekutik edo Manterola baserritik har daiteke oinezko bidea.

XVIII. mendean berreraikitako instalazio hidraulikoari jarraituz zaharberritu zituen Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara Sailak eta gaur egun martxan ikus daiteke zabalik dagoen garaietan.

Agorregiren originaltasuna

Euskal Herrian Erdi Aroaz geroztik erabili izan da ura energia sortzeko. Agirietan jasota dagoenez, garai hartakoa izango zen Agorregiko burdinola, Laurgaingo jaurerrikoa; aurreneko datuak XV. mendekoak dira. Burdinola nagusia zen eta bertan burdina lortzen zen, ondoren burdinola txikietara eraman eta lantzeko. Lanerako lehengaiak burdin harria, egur-ikatza eta erreketako ura ziren. Errotetan, berriz, gari edo arto alea xehetuz irina lortzen zen.

Agorregiren originaltasuna uraren aprobetxamendurako sisteman datza. XVIII. mendean egindako zaharberritze lanetan antepara edo ur-deposituak altuera ezberdinetan mailakatzen dituzte, ur berdina behin eta berriz erabiltzeko aukera lortuz eta ur arazoak konponduz.

Gainera, Iturraran parketxea eta haren ingurua paradisu txiki bat dira. Parketxea XVIII. mendeko jatorrizko egurrezko egitura mantentzen duen baserri ederra da.

Pagoetako ingurune fisikoa eta etnografikoa ezagutarazten laguntzen duen erakusketa iraunkorra, euskarri interaktiboak eta tailer didaktikoa daude bertan. Baliabide horien bidez, naturaren eta gizakiaren jardueraren arteko harremanaren berri ematen zaio bisitariari.