bidaiari - bidaia aldizkaria

‘Enperadorearen Ibilbidea’, aukera berria Gasteiz ezagutzeko

Turismo Bulegoak antolatuta, Aste Santutik aurrera Gasteizen ibilbide gidatu berria izango dute, bai bertakoek bai kanpotik etorritakoek. Karlos V.a erregea oroitzeko prestatutako ‘Enperadorearen Ibilbidea’, hain zuzen ere.

Gasteiz ezagutzeko beste aukera izango da ‘Enperadorearen Ibilbidea’. (Getty Images)

Gasteizko Turismo Bulegoak ‘Enperadorearen Ibilbidea’ izeneko bisita gidatu berria eskainiko du Aste Santutik aurrera. Karlos V.a erregea oroitzeko prestatutako ibilbidea da, Gasteizko Ituna sinatu zeneko eta Malta uhartea San Juan Ordenako Zaldunen esku utzi zuteneko bosgarren mendeurrena dela eta.

Hala jakinarazi die komunikabideei Maria Nanclares Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo zinegotziak. «Bisita berri honen bidez, gure hiriko etapa zirraragarri bat ezagutzeko aukera izango dugu. Izan ere, bi hilabetez, Gasteiz munduko hiriburua izan zen», nabarmendu du.

Hamaika galdera

Ibilbidearen helburua da galdera batzuei erantzuna topatzea: «Zer dakigu benetan Karlos V.aren inguruan?», «Nor zen bera?», «Nolakoa zen?», «Nondik zetorren?» edota «Zer egiten zuen Gasteiz hirian 1524an?».

Bisitan parte hartzen dutenek galdera horientzako erantzunak aurkituko dituzte gidari baten eskutik. Gidariak Gasteiz izango du hizpide garai bateko eta une jakin bateko testuinguruan kokatuta, Karlos V.aren erregealdian eta Errenazimentuan, hain zuzen.

‘Enperadorearen Ibilbidea’ martxoaren 28, 29, 30 eta 31n eta apirilaren 7an egingo da Aste Santuan. Irteera Turismo Bulegotik izango da, 11:00etan, eta prezioa 6 euro.

Beraz, egun horietan Gasteizera hurbiltzen direnek aukera izango dute hiriburua beste ikuspuntutik bisitatzeko, orain arte ez baita horrelako ibilbiderik antolatu.

Beste bisita batzuk

Bisita berria Turismo Bulegoak Aste Santuko egunetarako antolatu duen eskaintzari gehitu behar zaio. Horietako batzuk honako hauek izango dira: ‘Erdi Aroko hirigunerako bisita gidatua’, ‘Horma-irudien ibilbidea’ eta ‘Hiri zuriaren isiltasuna’ bisita literarioa.

Bestalde, naturan barneratutako ibilbidea egitea nahiago dutenek ere izango dute horretarako aukera bi ekimen hauekin: ‘‘Salburuko hegaztiak eta fauna deskubritzen’ eta ‘La Senda, historia eta naturari begira ibilbidea’.

Familiek ere bi aukera izango dituzte: ‘Familientzako bisita Erdi Aroko hirigunera: ‘Txikientzako Gasteiz»’ eta Familientzako bisita Estibalizera ‘Harburuen misterioa’.